Síguenos en redes sociales:

Itziar Eguren: “Ia bi denboraldiren ostean lidergoa galdu genuenean, taldeak 'klik' egin zuen"

Euskotren Liga hirugarrenez jarraian irabazi ostean, talde donostiarrak Kontxan jarri du ikusmira

Itziar Eguren: “Ia bi denboraldiren ostean lidergoa galdu genuenean, taldeak 'klik' egin zuen"Pedro Martinez

Donostia Arraun Lagunakek laugarren Euskotren Liga eskuratu zuen pasa den asteburuan. Larunbatean Ondarroako uretan lortutako garaipenak ziurtatu zuen Juan Mari Etxaberen arraunlarien garaipena, eta igandean harrera eta ekitaldi txiki batekin ospatu bazuten ere, klubeko partaide guztiek jada Kontxan dute begirada jarrita. Bandera preziatua irabaziz gero, Orioren marka gailenduko luke Donostiako klubak laugarren Kontxarekin. Taldeko lehendakari Itziar Egurenek, nota altua jarri dio orain arte egindako lanari.

Laugarren Liga Donostia Arraun Lagunakentzat. Azken asteburu polita bizi izan duzue, ezta?

—Hala da. Oso asteburu polita pasa dugu, larunbatean hamaikagarren banderarekin (hamabi garaipen) beste liga bat eskuratu eta ondoren harrera txiki batekin ere gozatzeko aukera izan genuen Donostian. Realaren partidaren ordutegiak kalte pixka bat egin bazigun ere, gerturatu zen jendearekin harrera polita egin genuen.

Nahi bezala amaitu du taldeak Euskotren Liga?

—Egia esan behar bada, ez dugu gure maila onenean amaitu liga. Zarautzekoa izan zen ligan zehar egin genuen asteburu borobilena. Asteburu honetan, aldiz, liga irabaztea oso gertu ikusten genuelako edo, inkontzienteki ikusmira jada Kontxan izan dugula esango nuke. Hala ere asteburu ona izan da, eta larunbatean, azkenean, beste bandera bat lortu genuen. Errendimendu aldetik ez da asteburu onena izan, baina benetan berezia izan da, bai.

Estropada dezente segundo gutxigatik erabaki badira ere hor jarraitu duzue gorenean, eta aurtengoa azken bost urtetan laugarren liga da. Ez da marka makala.

—Lorpenak ikusitakoan harrotasun handia sentitzen dut egindako lanagatik. Donostiako kaleetan arraunlari bila kartelak ipintzen hasi ginenean inork ez luke sinistuko urte batzuk geroago maila honetan egongo ginenik. Hamaika urte geroago, laugarren liga ospatzen ari gara. Kluba sortzea, proiektua egonkortzea eta orain lorpen horiengatik borrokatzea ez da bide erraza izan. Entrenatzaile aldaketak ere izan ditugu hainbat arrazoirengatik, baina Juan Mari Etxaberen fitxaketak guztiz aldatu zuen gure klubaren ikuspuntua. Hasieran nahiko “txokatzen” genuen zuzendaritza eta talde teknikoaren artean, agian bera ia gehienetan goi mailako klubetan ibilitakoa zelako. Gu, aldiz, talde xumea ginen bera iritsi zenean. Egokitzapen prozesua bizi izan genuen, eta orain ia esan nezake Juan Marik bosgarren liga irabaztearen erronkari helduko diola datorren urtean.

Orain bazarete goi mailako taldea.

—Esango nuke baietz. Bide egokia hartu dugu eta lan handia egin ondoren lortu ditugun banderak merezitakoak izan dira. Ez da erraza izan hainbat urtetan “Donostiako bigarren taldea”ren etiketa eramatea, eta lurrean ere gogor arraun egin behar izan dugu. Kontxan, esaterako, borroka luzearen ondoren oraintxe lortu dugu bidezkoa ez zen araudia aldatzea.

Kontxari begira aurten zuen egoera erabat ezberdina izango da. Zuzenean sailkatzeak presio gehigarririk jartzen al dizue?

—Aurten ez. 2016an parte hartu genuen lehen aldiz Kontxan, eta edizio hartan zuzenean sailkatu ginen estropada nagusirako Donostiako talde bakarra izateagatik. Egoera hark bai, gehitu zigun presioa, eta lehenengo igandean oso estropada eskasa egin genuen. Bigarrenean bosgarren postua lortu genuen. Aurten egoera ez da orduko bera izango. Ez gara Kontxara sailkatu Donostiako taldea izateagatik, Donostiako talderik onena izateagatik baizik. Erakutsi dugu jada, itsasoan eta kiroltasunez, hiriko talde onena garela. Gure “sailkapen estropada” denboraldian zehar egin dugu Euskotren Ligan. Aurtengo edizioa, noski, ezberdina izango da, ostegunean ez dugulako arraun egin beharrik izango, baina taldeak jakin badaki gure meritua izan dela ohiko sailkapen estropada saihestea.

"Ez gara Kontxara sailkatu Donostiako taldea izateagatik, Donostiako talderik onena izateagatik baizik. Erakutsi dugu jada, itsasoan eta kiroltasunez, hiriko talde onena garela"

Estropada irabazita, laugarren Kontxa izango litzateke Arraun Lagunakentzat, Sailkapen historikoan Orio atzean utzita.

—Ikaragarria izango litzateke. Orain arte hiru aldiz izan dugu garaile amaitzeko ohorea, eta arraunlari guztiek taldeko platanitoan daramatzate klubaren lorpen garrantzitsuenak. Atzealdean hiru izar dauzkagu, hiru ligei erreferentzia egiteko, eta beherago daramagun ‘A’ handiaren azpian, barnean hiru bat duen hiriko bandera dugu irabazitako Kontxen omenez. Aurten ere irabaztea lortuko bagenu, Orioren marka hobetuko eta begirada San Juan eta Rias Baixas taldeetan jarriko genuke. Beti ere harrokeriarik gabe, estropadak jokatu egin behar dira eta.

Denboraldi hasieran zuen aurkari nagusi Tolosa izango zela zirudien, baina Oriok ere eman du zer esana.

—Bai, eta agian traineru denboraldia luzatu delako ere izan daiteke. Orain txapelketak ekainean jokatzen dira, eta aldaketa asko jasaten dituzten taldeek artean ez dute haien maila onena ematerik izaten. Oriok adibidez aldaketa asko izan zituen pasa den urtean eta egokitzen lan dezente egin behar izan dute. Gero argi ikusi da, eta lan ona egin ondoren bi bandera irabazi dituzte. Tolosak Euskadiko txapelketa eta beste bi bandera irabazi ditu, baita segundo gutxitan erabakitako bigarren postuak ere. Talde guztiak dira arerio gogorrak, eta aurtengo denboraldian berdintasun handia izan da.

Arraun Lagunak V. Ondarroako Bandera-Cikautxo Sari Nagusia ospatzen

Nahiz eta aldaketak egin zenituzten, beste urte batez erregulartasuna izan da Arraun Lagunaken lorpenen gakoa.

—Beti daude gorabeherak. Arraunlari garrantzitsuek utzi zuten trainerua pasa den denboraldian, baina horixe da bizitzaren legea. Berriak etorri ziren, eta Maren Etxabe, esaterako, Hernanitik etorri zen taldera. Fitxaketa guztiak ez dira goi mailan ibilitakoak izan, eta taldeko kapitainek ere oso lan sendoa egin dute taldea moldatzeko bidean. Oso egoki jaso eta hartu zituzten fitxaketak eta azkar erakutsi zieten zein den Arraun Lagunaken lan egiteko era eta filosofia. Taldearen egokitze lana aguro egin genuen taldearen eta hortik etorritako erregulartasuna oso garrantzitsua izan da ligan garaile izateko.

[Fotos] Donostia Arraun Lagunak exhibe sus banderas y la Liga EuskotrenPedro Martínez

29

Orioko estropadan lidergoa “galdu” ostean, beste bertsio bat eskaini zenuten.

—Inflexio puntu bat izan zen Orioko estropada. Ezinezkoa da estropada guztietan zure bertsiorik onena ematea, esate baterako, lehengo urtean ere izan genituen hain onak izan ez ziren egunak. Aurten berdintasun maila oso handia izan denez, akats txikiek ondorio larriagoak ekarri dituzte. Lidergoa galdu genuenean, ia bi denboraldiren ostean, taldearen mentalitateak “klik” egin zuen. Arraunlari guztiek derrepentean lanari ekin zioten berriro ere gorenera igotzeko, eta lehen postua berreskuratu genuenetik ez dugu askatu. Arraunlariek haiek egindako lanean konfiantza izatea oso garrantzitsua da.

Kontxa irabaziz gero, Euskadiko Txapelketak bakarrik egingo lizueke eskapo. Denboraldi bikaina izango litzateke, ezta?

—Noski. Euskadiko txapelketan ez genuen zorte handirik izan eta bandera Tolosak irabazi zuen. Orain arte egindako lanari oso nota altua jarriko nioke, ez delako erraza urtetik urtera gorenean mantentzea Ligak, Kontxak eta txapelketak irabazten. Arraunlariak, talde teknikoak eta klubak lan handia egin dugu orain arte, eta hemendik aurrera ere, azken txanpa honi begira, laneko buzoa jantziko dugu denboraldia ahalik eta modu onenean amaitzeko helburuarekin.