Donostia – Donostiarraren entrenatzaile Igor Makazagak aitortu duenez, sailkatze estropada “lasaitasunez bizitzen ari gara, aste barruan entrenatzeko aukera baliatuz”. Donostiarra Taskan egindako ekitaldian egin zituen adierazpen horiek entrenatzaileak; agerraldian izan ziren, baita ere, Alberto Lopez taldeko presidentea, Donostiako Gaztela-Mantxako Etxeko presidente Alfredo Medina, Donostiarra Ur Kirolak 100 taldeko entrena-tzaile Rufo Urtizberea eta klubeko gizonezkoen eta emakumezkoen traineruetako hainbat arraunlari.
Makazagak ez zuen sailkapenaren pronostikorik egin nahi izan, arreta bere traineruan jarriz: “Iazko laugarren postua hobetzeko helburuarekin gatoz, ez da gero asmo makala; eta, itxura batean azken estropadetan erritmo apalagoan arraun egin badugu ere, oso ondo iritsiko gara, gogo betez. Irteten garen guztietan izaten dugu ondo lehiatu eta irabazteko asmoa”.
Makazagaren hitzaldiaren ondoren, Rufo Urtizberea Donostiako emakumezkoen traineruko teknikariaren txanda izan zen. Prestatzaile oiartzuarrak adierazi zuenez, “Euskotren Ligan mantendu izanaren lasaitasunaz iritsiko gara Kontxara, oso urrats garrantzitsua izan baita ia erabat berria zen taldearentzat. Plan espezifiko bat garatu dugu Kontxa prestatzeko. Badian bertan ari gara entrenamenduak egiten, Donostiako olatua hartu eta kanpoko presio guztia gure alde ekartzeko”.
Azpimarratu zuenez, “gauza bat argi dago: Kontxa eta Euskotren Ligaren artean bada alderik, kuporik ez dagoelako. Badakigu aurten Kontxan gurekin lehiatuko diren taldeak indartuta etorriko direla, baina edozer gerta daiteke. Guk dena eman eta dena nahi dugu”.
Bestalde, Alex García, Amenabar Donostiarrako arraunlaria oso gogotsu azaldu zen Arraunaren Olinpiada deiturikoaren lehiari begira. “Beste estropada bat da. Horretarako ibili gara lanean urte osoan. Planteamenduak betikoa izaten jarraitzen du. Presio handiagoa dago, noski, baina hori kudeatzen eta une egokian alboratzen jakin behar dugu. Guk gurea egitea izan behar dugu helburu”.
Azkenik, Maialen Alkorta, Gipuzkoako hiriburuko klubeko arraunlaria, gizonezkoen traineruko kidearen ildo beretik mintzatu zen, eta zera esan zuen: “Ilusioz gainezka, eta gure bertsiorik onena eskaini asmoz jardungo dugu. Guk ere sentitzen dugu presio hori, baina mesederako da, presio positiboa da. Gure onena eskaintzeko irrikaz gaude. Ez du honek inolako zerikusirik play-off-ak eragindako presioarekin”.
Ekimenak
Alberto López klubeko presidenteak aipatu zuenez, “klubean Kontxa noiz etorriko zain gaude, aurten afizio eta kolore guztiak gozatu ahal izango ditugulako Donostian, gure nahia, jakina, zuria nagusitzea izango da, eta itxaropentsu gaude”.
Lopezek Kontxako Bandera jokatu aurreko jardueren errepasoa egin zuen, besteak beste, klubeko dendetan arropa berriak saltzea eta Gaztela-Mantxarekin batera Donostiako elkarteetan bazkariak eskaintzea.
Azken ekimen horri dagokionez, bi jardueratan banatuko da: batetik, Gaztela-Mantxa gunea, non irailaren 4an eta 11n kaian informazio gune bat egongo den merchandisinga eskainiz (9.00etatik 15.00etara); eta, bestetik, irailaren 9an eta 10ean, Donostiako hamahiru elkartetan, Gaztela-Mantxako sukaldari onenek prestatutako bazkariak eta afariak eskainiko dira 25 euroan, bildutako dirua taldeari laguntzeko izango delarik. – M. Tolosa