Juanan Larrañagak (Azpeitia, 1958) ondotxo daki Realeko jokalariak nola sentitzen diren Kopako final handirako hain gutxi falta den honetan. 80. hamarkadan eta 90. hamarkadaren hasieran Realeko jokalaria izan zen eta 1987an eta 1988an Kopako bi final jokatu zituen. Lehenengoa Atletico Madrili irabazi egin zioten eta bigarrena berriz, Bartzelonaren aurka galdu. Gaur egun, Realaren partiduak komentatzen ditu Euskadi Irratian, eta derbiaren inguruko bere sentsazioak azaldu dizkigu emaitza zein izatea nahi duen argi duelarik: Reala garaipena eskuratzen ikusi nahi du.

Gaur egun Euskadi Irratiko esataria zara, baina agian gazte askok ez dute jakingo garai batean Kopako bi final jokatu zenituela jarraian. Lehenengoa irabazi egin zenuten eta bigarrena galdu. Partidu horien bezperak nola bizi izan zenituen oroituz, nola uste duzu egongo direla Realeko jokalariak orain? Urduri? Presiopean?

-Normala da presioa sentitzea, baina nik uste dut oraindik nahiko lasai egongo direla. Egia da inguruan gauden denok, kazetariak eta zaletuak batez ere, horretan pentsatzen ari garela; baina iruditzen zait beraiek oraindik presio hori alde batera utziko dutela eta azkenengo orduetan presio gehiago jasoko dutela.

Zuek nola prestatzen zenuten finala? Aurkarien bideoak ikusten zenituzten? Zeintzuk ziren entrenatzailearen mezuak?

-Prestakuntza aldetik ez genuen ezer berezirik egin. Beste partidu bat bezala prestatu genuen, nahiz eta jakin bagenekien finala zela. Ez genuen berezitasun handirik izan; ondo antolatu ginen, gutxi gorabehera partidua nola joango zen prestatu genuen eta entrenatzaileek beraien lana aurrera atera zuten. Baina ez genuen gauza berezirik egin. Iruditzen zait gauza horiek asko aldatu direla orain: datu guztiak hor daude: jokalari bakoitza nola mugitzen den, non mugitzen den, zer egiten duen... horiek guztiak aztertuko dituzte. Baina iruditzen zait horrelako partidu bat jokatu behar duzunean arlo psikologikoa landu behar dela gehiago, jendea lasai egoteko ahal bada eta partidu on bat egiteko.

Derbi bat izateak finala desberdina izatea eragiten du? Presio eta erantzukizun gehiago gehitzen al dio?

-Bai. Derbiak badakigu oso partidu desberdinak izaten direla Ligan ere, eta Kopakoak oraindik eta desberdinagoak, izan ere, partidu batean txapelketa bat irabazten baituzu eta horrek oraindik eta presio eta berezitasun handiagoa ematen dio. Gainera jakinda handik lau egunera beste derbi bat daukazula etxean baita ere. Iruditzen zait horrelako Kopako final bat derbi batean tokatzea oso gutxitan tokatzen den zerbait dela eta horrek oraindik eta presio gehiago sartzen dio partiduari eta final horri.

Eta publikorik ez izateak nola eragin diezaieke jokalariei? Bi taldeetako norbaitentzat onuragarria izan daiteke?

-Ez zait iruditzen. Uste dut alde horretatik berdina dela. Bi taldeek ohitura hori hartu dute, nahiz eta ona ez izan jenderik gabe jokatzeko ohitura hartzea, baina hartu dute. Izan ere, guri arraroa egiten zaigu kanpotik zelaiak jenderik gabe ikustea, baina beraiek astero jokatzen ari direnez, badakite zer den hori. Ez zait iruditzen talde bati besteari baino kalte gehiago egingo dionik horrek. Uste dut biek nahiago zutela beraien jendea gertu edukitzea momentu txarrak etortzen direnean laguntza plus hori izateko eta zaletuak ondoan edukitzeko, baina alde horretatik ez dut uste inor kaltetuta aterako denik. Biak berdin daude.

Zure esatari lanarengatik gertutik jarraitzen duzu bi finalisten jokua. Esaidazu Realaren alde onena eta txarrena.

-Erraza da onena esatea eta txarrena esatea, aldiz, oso zaila da. Uste dut Realak berak daukan joko horri heldu behar diola. Baloiaren jabetza partidu guztietan ez, baina gehienetan izaten du eta hori da bere estiloa eta bere joko-modeloa. Horri eutsi behar dio eta hortik garaipenera iritsi behar du. Baita ere ikusi dugu, azkenengo partiduak alde batera utzita, San Mamesen azkenengo derbia jokatu zuenean zain egon zela gehiago baloi-jabetzan baino, eta moldatu zen Athletic-ek eskaintzen zionari. Ondo irabazi zion gainera partidu hori eta horren bidez beste gauza bat egiteko gai dela erakusten du Realak. Baina bere modeloa baloi-jabetza da eta atzetik jokoa antolatuta beste alderaino iristea.

Eta zein da Athletic-en jokatzeko modua?

-Oso desberdina da. Athletic-ek defensako lan ona egiten du eta Reala bezalako taldeei presioa oso goian egiten die. Baloia lapurtzen duenean lehenbailehen bukatzen du eta batez ere, defensako lanari eusten dio. Zentzu horretan, talde indartsua da.

Beraz, Realaren indargunea baloia eramaten jakitea da eta Athleticena aldiz defentsa lana, ezta?

-Bai, Athletic defentsan egoten da eta gainera, ez da urduri jartzen lan hori egiterako orduan. Horrez gain, defensako lan horretan taldeak baloia berreskuratzen duenean oso azkar ateratzen da eta pase gutxi behar ditu aurkariaren areara iristeko. Horrek talde arriskutsu bat bihurtzen du.

Eta bientzat txarrena zer dela esango zenuke orduan?

-Nik uste dut bientzako gauzarik txarrena azkenengo partiduko sentsazioak direla. Athletic-ek etxean jokatu zuen Eibarren aurka eta nahiko sentsazio kaskarrak izan zituen ez zuelako eskuan zeukan partidu bat irabazteko aukera handirik izan. Eta joko aldetik ere justu ibili zen. Eta Realak berriz, azkenengo bi partiduetan bi porrot eraman ditu eta batez ere, Bartzelonak eman dion jipoiak momentuz min egingo dio, baina uste dut gero ahaztu egin behar dela hori. Sentsazio horiek pixka bat aldatu egin behar dituzte. Prestatzeko egun asko dituzte eta uste dut ez dugula ikusiko ez Reala eta ezta Athletic ere azkenengo partiduan bezala.

Nolako partidua espero duzu? Aipatu duzu Realak Ligako azkenengo partiduan atzean itxaron zuela. Jokaldi hori errepika dezakete?

-Ez dakit zer egingo duen. Pentsatzen dut arrisku gutxi hartuko duela, izan ere, partidu batera jokatzen den txapelketa batean askotan arrisku gutxi hartu behar dituzu eta batez ere, sendotasuna azaldu behar duzu, huts gutxi eginez. Uste dut intentsitate handiko partidu bat izango dela, eta nahiz eta oso altu ez dudan esango bi taldeek antzeko jokatuko dutela, final batean oso gutxitan ikusten da bat oso nagusi bestearen gainean. Partiduak oso desberdinak izaten dira eta jakinda derbi bat irabazteak zer suposatzen duen bai talde bakoitzarentzat eta baita zaletuentzat ere, horrek guztiak pixka bat baldintzatuko du. Baina ez zait iruditzen talde bat bestearen gainetik egongo denik, oso parekatua izango dela baizik.

Bi taldeetako zein iritsi da hobeto finalera?

-Azkenengo emaitzei begiratzen badiegu Athletic iritsi da hobeto finalera. Baina askotan hobeto iristeak edo ez iristeak ez du garrantzia handirik. Kopa irabazi genuen urte horretan gu ez ginen faboritoak eta Kopa galdu genuen urtean bai, 1988an erraztasun handiarekin irabazi genuelako Ligan eta gainera, sekulako denboraldia egiten ari ginelako. Baina finalera iritsi eta galdu egin genuen eta gainera, partidu kaskarra jokatu genuen. Eta alderantziz gertatu zitzaigun irabazi genuenean: 1987an Atletico Madril zen faboritoa eta gainera, sekulako arrakasta izan zuen presidente berriarekin. Gu isil-isilik joan ginen partidua jokatzera eta Kopa irabazi genuen. Beraz, iruditzen zait ez dagoela faboritorik eta biak partidua jokatzeko sekulako gogoarekin iritsiko direla.

Realari “arkume azalarekin” iristea komeni zaiola esaten da. Hori gertatu zen zuk jokatu zenituen bi finaletan.

-Bai. Faborito jartzen zaituztenean, eta batez ere, faboritoa zarela sinesten baduzu, galtzeko arrisku handia dago. Hor pixka bat nahastu egiten zara eta uste dut burua ondo prestatuta joan behar dela partidu on bat egitera. Eta partiduan zehar egoten diren momentu txar horiek, talde guztiek izaten dituztenak, ahalik eta ondoen pasa behar dira. Horrek eramango zaitu garaipenerako bidera.

Bi taldeak zapore garratzarekin iritsi dira finalera Ligako beraien azken emaitzaren ostean. Zer neurritan eragin dezake horrek finalean?

-Ez du asko eragingo. Oso txapelketa desberdina da, eta gainera orain egun batzuk dauzkate finala ondo prestatzeko. Ligako azkenengo emaitzek ez dute ezertarako balio, hori badakite beraiek ere, eta buru-belarri kopari eutsiko diote. Sentsazio onak edukitzen ahaleginduko dira entrenatzen duten bitartean eta baita beraien arteko lanean ere. Freskotasun puntu hori hartzen saiatuko dira eta hori ondo etorriko zaie. Egia da jokalari batzuk falta dituztela bai batak eta bai besteak selekzioarekin daudelako, baina iruditzen zait bi taldeek finala ondo prestatuko dutela horretarako denbora dutelako.

Faktore emozionalak zenbateko pisua izan dezake honetan?

-Pisu handia izango du. Badakite derbi bat dela eta ez edozein derbi; finala jokatzen duzun derbia eta txapelketa bat irabazteko aukera daukazun derbia baizik. Alde emozionalak asko jokatzen du beti. Urduritasun puntu hori alde batera utzi eta lasaitasuna erakusten duen taldeak asko irabazita dauka.

Realak jokalari gazteak ditu. Horrek erantzukizunean pisu handiagoa izan dezake?

-Bai, eduki dezake. Egia da talde gazteak eta horrelako final batera lehenengo aldiz iristen direnak urduriago egoten direla. Kasu honetan, uste dut jende helduagoa daukatela: Silva, Monreal, Merino bera... eta alde horretatik uste dut horiek taldean pisu handia eman dezaketela, nahiz eta batzuk gazteak izan, Oiarzabal bezala adibidez. Horiek lasaitasun puntu bat emango dute. Egia da Athleticek alde horretatik ohitura gehiago duela eta horrelako partidu gehiago jokatu dituela. Duela gutxi Superkopa irabazi dute eta badakite horrelako final bat nola jokatu behar den. Gainera, beste Superkopa bat irabazi zioten Bartzelonari eta talde honetako jokalari asko egon ziren hor. Beraz, iruditzen zait horrek bere alde positiboa baduela Athleticen alde. Baina hori partidua jokatu baino lehenago pentsatzen duguna da, gero partiduak erakutsiko digu ea hori guztia azaltzen den edo ez.

Pentsatzen dut Realak irabaztea nahi duzula, baina Euskadi Irratian lan egiten duzunez agian ezin duzu esan.

-Ez, ez. Nik Realak irabaztea nahi dut, garbi daukat. Partidu handi eta on bat ikustea gustauko litzaidake, euskal futbola hor goian ikustea eta guztia garbi joatea. Eta noski, Realak irabaztea. Hori beste ezeren gainetik.

Zenbat urte daramatzazu futboleko esatari gisa? Futbolean jokatzea baino errazagoa al da?

-Ez dakit, urte asko daramatzat. Lehenengo, futbola utzi eta entrenatzaile lanak egiten nituen, baina Euskal Telebistan partiduak ere komentatzen nituen. Hor hasi nintzen eta gero irratian ere bai. Futbola utzi nuenetik mundu horretan sartuta nago. Niretzat errazagoa da futbolean jokatzea, zalantzarik gabe. Esatari izateko momentu horretan ez nengoen prestatuta, baina uste dut ohitura batzuk hartzen direla eta orain ez zait zaila egiten.

Nola prestatuko zara finalerako?

-Nik ez daukat prestatu beharrik. Esatari lanak egin behar baditut, partidua prestatu behar dut datu batzuk hartuz eta horrelako gauzak, baina bestela nik ez daukat asko entrenatu beharrik, nolabait esatearren. Benetan ondo prestatuta egon behar dutenak jokalariak dira, niri garai hori pasa zitzaidan.