Azpeitian ere, garaipena ospatzeko etxafleruak prest

Mikel Labakarena den Barrenetxe auzoko errealzaleak "ilusio eta konfidantza handiarekin" ari dira bizitzen finalaren aurreko uneak

02.04.2021 | 00:04
Azpeitiko Barrenetxe auzoko errealzale hauek bere babesa azaldu nahi zioten Realari.

Azpeitiak Orbegozo, Larrañaga, Aranburu, Labaka, Guridi eta punta-puntako beste hainbat jokalari eman dizkio Realari bere historian zehar; eta talde gipuzkoarrak ilusioa eta bizipoza eman dizkio Urola Erdiko herriari, batez ere, Athletic-en aurka larunbat honetan jokatu behar den Kopako final handiaren atarian. Azken egun hauetan sentimendu hori kolore txuri-urdinekin apainduta agertzen den Barrenetxe auzoan da nabaria eta egunkari hau bertako hainbat errealzalekin elkartu da, betiere, une historiko hau nola ari diren bizitzen ezagutzeko.

Iosu eta Joxe Miel Manzisidor anaiak bikiak eta errealzale amorratuak dira. Bihotzean daramaten taldeak beren 60. urtebetetzeko egunean jokatu behar zuen Athletic-en aurkako finala baina pandemiak eragindako egoeraren ondorioz bikien-tzat ahaztezina izango zen partida ezin izan zen joan den urteko apirilaren 18an jokatu. Hala ere, Barrenetxeko zaletuek, Iosu eta Joxe Miel auzotarrak baino, lagunak dituztela argi utzi zuten egun horretan. Konfinamenduan egon arren, sorpresa prestatu zuten eta asko izan ziren Realaren kamiseta jantzita argazkia atera zutenak, bideoa prestatu eta Manzisidor anaiei opari-tzeko. Gainera, etxeetako balkoietatik izan bazen ere, askok tragotxoa konpartitu zuten Iosu eta Joxe Mielen urtebetetzea elkarrekin ospa-tzeko.

Biek irrifar batekin gogoratzen dute joan den urteko apirilaren 18an bizi izandako une hori eta espero dute biharko final handiaren ostean irrifarra berriro ere ateratzea. Realaren bazkide "Anoeta ireki zenean, 1993an" egin ziren eta ordutik biharkoa da errealzale hauentzako egunik bereziena. "Partida ailega-tzerakoan igual bai baina momentuz ez nago urduri" dio Imanolen taldearengan "konfidantza osoa" duen Iosuk. Bere hitzetan, "Kopa lortzeko esperantza handia daukat eta irabazten badugu etxean prest dudan Moet Chandon botilarekin eta etxafleruekin ospatuko dut".

Bere ondoan Xebilla ezizenarekin ezaguna den Joxe Perez 42 urteko errealzalea dago. Zaletu honentzat biharkoa "egon daitekeen finalik onena" izango da biharkoa, "Athletic-en aurka eta Sevillan jokatzen delako". Izan ere, hiru urte zituela etorri zen Azpeitira bizitzera baina Joxe Sevillan jaio zen: "Nire gurasoak azpeitiarrak dira baina lan kontuengatik Sevillara joan behar izan ziren eta ni hantxe jaio nintzen". Edozein kasutan Joxe errealzalea da jaio zenetik: "Sevillan egonda ere, gure etxeko taldea Reala izan da beti. Gogora-tzen dut nire anaia txikia zela Arconada, Larrañaga eta hauek besotan hartuta atera zutela Sanchez Pizjuan futbol zelaira. Amak aitari esaten zion ezin zela umea Realaren arropekin eraman Sevillaren koloreekin guztiz apainduta zegoen futbol zelaira baina aitak eraman zuen eta jokalariek, umea txuri-urdinez jantzita ikusterakoan, hartu zuten beraiekin argazkia ateratzeko. Pena handia daukat irudi hori ezin izan dugulako lortu!".

Bestalde, Maixol Rezolak "realzalea bai, baina batez ere euskal intxa" bezala ikusten du bere burua. Saltsa guztietako perejila, Maixol heziketa bereziko umeekin egiten du lan Gasteizeko Ibai Ondo eskolan eta joan den asteazkenean Realaren kamiseta jantzita joan zen lanera. "Saltsa pixkat jartzeko, Aste Santuko oporren aurreko azken lan eguna aprobetxatu genuen Realaren eta Athletic-en kamisetak jantzita joateko; baina ez Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleok bakarrik, ume asko ere animatu ziren beren kamisetekin eskolara joatera. Izan ere, badira hainbat neska-mutil aita, ama edo guraso biak gipuzkoarrak edo bizkaitarrak dituztenak. Egia esan, oso ondo pasa genuen", aitor-tzen du bihar ere Realaren kamiseta "egun osoan" jantziko duen Maixolek. Zaletu honek ere, jokoan dagoen kopa Gipuzkoara etortzeko itxaropena dauka eta gogoratzen du Mikel Labaka, Realaren jokalari ohia eta gaur egun lehen taldeko bigarren entrenatzailea, Barrenetxekoa dela: "Mikelek jakin dezala auzotarrok berarekin eta Realarekin gaudela".

Azkenik, Azkoitiko Aizpurutxo auzoan jaio zen baina hiru urte zituenetik Azpeitian bizi den Iñigo Etxaniz 43 urteko errealzaleak biharko finalaren atarian "nerbio puntu bat" duela aitortzen du, "baina partida aurrera aterako dugun esperantza ere". Errealzale amorratua "nire aita bezala", Iñigok "petarduak" prest ditu garaipena ospa-tzeko eta Reala txapeldun suerta-tzen bada "balkoian kopazo bat ere" hartuko duela aurreratzen du.

Ikusitakoa ikusita, argi da biharkoan Realak 2020ko Kopa irabazten badu Donostiatik somatuko den festa giroa izango dela Azpeitiko Barrenetxe auzoko etxe eta balkoietan. Hala izan dezala!