- Apirilaren 3an Sevillan jokatuko den Realaren eta Athletic-en arteko Errege Kopako finalera ez dela joango adierazi zuen atzo Eneko Goia Donostiako alkateak, "izugarrizko pena" sentitu arren. "Erantzukizunez" jokatzeko eta "erne jarraitzeko" deia egin zuen agerraldian, covid-19ak eragindako egoera kontuan izanik.

Oraingo honetan, "ez joatea tokatzen zaigu". Eta berriro esan zuen, "pena handiz" Realak eta Athleticek jokatuko duten partida "etxean" ikusiko duela, "gainerako zale guztiek bezalaxe".

Tituluaren balizko ospakizunen inguruan, covid-19aren ondorioz "festa gutxi" izango dela esan zuen. "Une honetan bizi dugun egoerak gustatuko litzaigukeena egin ahal izatea eragozten du", azpimarratu zuen, "tentuz eta erantzukizunez jokatu behar da, eta horrek, zoritxarrez, une honetan gauza batzuk ez egitea" eskatzen duela gaineratuz.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak "egokitu" egingo ditu Errege Kopako finalaren inguruko edozelako ospakizunak, covid-19aren pandemiaren egungo testuingurura. Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaileak zuhurtziaz jokatzeko deia egin zuen atzo, Foru Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Reala eta Athletic apirilaren 3an Sevillan jokatzekoak diren finala hizpide hartuta.

"Ilusioa garrantzitsua da eta, jakina, garaipena zer esanik ez", baina "egoerara egokitzen jakin behar dugu", azpimarratu zuen Mendozak, herritarrek ere jarrera horixe bera izango dutenaz konbentzituta.

Foru Aldundiko bozeramaileak iragan astelehenean Aldundiak Emakumeen Eguna nola ospatu zuen jarri zuen adibidetzat; ekitaldi hartan "aldarrikapena" eta osasun neurriak betetzea uztartu ziren, emakume "aitzindariak" ohoratuz.

Go-tzone Sagardui Osasun sailburuak elkarretaratze sozialak ahalik eta gehien mugatzeko deia egin zuen, eta, ildo horretan, bi taldeetako zaleei Kopako finala euren etxeetan ospa-tzeko eskatu zien, pertsonen mugimenduak eta pilaketak saihestuz. Ospakizun handiak beste une baterako utzi behar direla aipatu zuen Sagarduik. Osasun neurriak zintzo betetzen jarraitzea ezinbestekoa dela, pandemiaren eragina "ahalik eta txikiena izan dadin, uztailean lortu zen bezala".

"Kalean ospakizun handien ilusioa pizten ari den edozein ekimen ez zaigu batere eredugarri iruditzen", esan zuen.

"Tentuz eta arduraz jokatu behar da, eta horrek gauza batzuk ez egitea eskatzen du"

Donostiako alkatea

"Ilusioa garrantzitsua da eta garaipena zer esanik ez, baina egoerara egokitu behar da"

Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea

"Ospakizun handien ilusioa pizten ari den edozelako ekimen ez da eredurik onena"

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua