- Jon Guridi azpeitiarrak bere lekua topatu du Realean, eta inor ez da harritzen taldean sartzen denean: "Ametsa baino gehiago da, Realera itzultzearekin konformatzen nintzen. Denboraldia oraingoz primeran doa eta horrela jarraitu behar, egunero gogor lan eginez. Taldea maila ona ematen ari da, ea igande honetan hiru puntuak lortzeko gai izaten garen".

Azpeitiarra ez omen dago batere kezkatuta minutu banaketarekin: "Egia esan, ez dut horretan pentsatu, eguneroko lanean pentsatzen dut. Egungo taldekideek dute maila kontuan izanik entrenamenduetan dena ematen jarraitu behar dut, asteburuan jokatzea tokatuz gero prest egoteko".

Etenaldi hauetan geratzen direnek esaten dutenez, Zubietan selekzioetan baino lan gehiago egiten omen da: "Intentsitatea ez da batere aldatu egunotan. Oso entrenamendu gogorrak egiten ari gara, eta ostiralean internazionalekin batera lan egingo dugu Cadizen aurkako partidari begira".

Arerioa

Cadizi buruzko informaziorik onena duen Realeko jokalaria Guridi bera da, harrobiko jokalariak iaz jokatu baitzuen andaluziarren kontra, Mirandesen zegoela: "Bi aldiz jokatu nuen haien aurka iaz. Defentsan oso onak dira, eta aurrean ere jokalari onak dituzte. Jokamolde berarekin jarraitzen dute eta zalantzarik gabe, partida luzea eta zaila izango da".

Gaur egun bere postuan titular den Mikel Merinorekin konparaketa egiteko eskatu diote jokalari gipuzkoarrari: "Mikel selekzioan dago, bistakoa da zeinen jokalari bikaina den. Badut nik berarengandik zer ikasi. Niri 8ko postuan jokatzea gustatzen zait gehien; baloiak lapurtzea eta defentsak gainditzea, baloia ateratzen laguntzea eta kontrako area zapaltzea".