MADRIl Sumarrek, Podemosek eta IUk gogor kritikatu zuten atzo Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroa, Marokok proposatutako Mendebaldeko Sahararako autonomia plana babesteagatik eta, joan den astean, Ostegun Santu egunean, Nasser Bourita Marokoko homologoarekin bildu izanagatik, gardentasun falta leporatuta. Sumarreko koordinatzaile nagusi Lara Hernandezek kargu hartu zion ministroari Marokoko Gobernuarekin izandako bilera horrengatik, Gobernuan egon beharreko gardentasunari men egiten ez diolako, eta argi utzi zuen PSOEren jarrerak ez duela koalizio-gobernua ordezkatzen.

Exekutiboaren alde sozialistari Kongresuan presioa egingo zaiola adierazi zuen, Albares eta bere homologo marokoarraren arteko goi-bilerari ekimen parlamentario gisa erantzutea adostuko duelako talde parlamentario plurinazionalak. Gaitzetsi egin zuen ministroa “ezustean” bildu izana Marokoko Kanpo Arazoetako arduradunarekin, bi herrialdeen arteko harremanagatik harro baino harroago, Rabaten autonomia plana babestuz PSOEk Mendebaldeko Saharari buruz hartutako jarreraren ondorioz. Horren aurrean, Sumarreko koordinatzaile nagusiak argi azaldu zuen bere alderdia herri “zapaldu” guztien defendatzaile sutsua dela, eta sahararren alde daudela, autodeterminaziorako eskubidea defendatuz. Are gehiago, nazioarteko politikaren baitan giza eskubideen defentsa «marra gorria» dela azpimarratu zuen, eta NBEren aginduari muzin eginez Mendebaldeko Sahararen subiranotasuna babesteko adostasun orokorretik ateratzea leporatu zion PSOEri. Gauzak horrela, balizko jarrera bakarra, Rabatek aldarrikatzen duen Espainiako kolonia ohiaren autonomia planari uko egitea dela esan zuen Sumarreko buruzagiak.

Kritika IUk eta Podemosek

Bestalde, Atzerri ministroaren jarrera “irmoki arbuiatzen” duela esan zuen IUko Antolakuntza idazkari Eva García Semperek, Mendebaldeko Sahararako autonomia planaren proposamen “ez-legitimoa” babestuz, soilik Marokoren interes “espantsionistei” erantzuten dielako. Era berean, gogora ekarri zuen autonomia-plan horrek porrot egin zuela 2007an aurkeztu zenean ere, Marokoren “aldebakarreko” proposamena delako, eta ez duelako kontuan hartzen saharar herriaren ordezkari legitimoa den Fronte Polisarioa. Horrez gain, plan horrek “NBEren aginduak” eta saharar herriaren autodeterminazio-eskubidearen aitorpena baztertu egiten dituela azaldu zuen, erreferendum bidez bere etorkizuna libreki aukeratzeko eskubidea duelako. Beraz, ezbairik gabe esan zuen Sanchezen Gobernuak “aukeratu egin behar duela” Nazioarteko Zuzenbidearekin, Nazio Batuekin eta saharar herriarekin dagoen, ala urte luzetan “ahaztuta eta traizionatuta” egon den herri “ausarta” itotzen dutenen alde egiten duen. “Saharar herria ezin da izan Marokoko Gobernuarekiko harremanak hobetzeko truke-txanpon bat”, adierazi zuen García Semperek.

Hauteskunde-itunak

Sumarrek eskua luzatu dio IU-ri

lll Koordinazioa. Aliantza politikaren ikuspegian IUrekin koordinazio “egokia” duela esan zuen atzo Sumarrek, hautagaitza bateratuaren aldekoa, eta oraingoz uko egingo omen diote hura nork gidatu beharko lukeenari buruzko eztabaidari. Hala adierazi zuen Yolanda Diazen alderdiak, IUko zuzendaritza-organo gorenak larunbat honetan egingo duen bilerari dagokionez. Bertan, aliantzen inguruko ibilbide-orria finkatzekoak dira, ezkerralde osoaren batasuna aintzat hartuta, “betorik gabe” eta, alderdien arteko “horizontaltasun” harremanean, zerrendetako hautagaien hautaketa demokratikoan eta “hiper-lidergoen” aroaren amaieran oinarrituta.

Bestalde, Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkariak ere kritikatu egin zuen PSOEk Sahararen aferan duen jarrera, eta bere alderdiak saharar herriaren autodeterminazio eskubidea babestu egiten duela esan zuen. “Espainiako herriak zorra du Saharako herriarekin eta, Espainiak eta Gobernu honek autodeterminazio-erreferendum horren alde jardun beharko lukete”, aldarrikatu zuen, Atzerri Ministerioaren jarrera eta PSOEk Maroko babestuz erakutsi duen aldebakarreko biraketa salatzeko.