Kepa Anabitarte 'Eladio' sindikalista, politiko eta eragile abertzalea hil da. 1934an Pasaian jaioa, bizitza osoa eman du Euskadiren, herriaren eta gizartearen, askatasunaren alde. Familia jeltzalean sortua, aita Altzon EAJko zinegotzia izan zen 1922an, gaztetan Serafin Esnaola Pasaiako apaiz abertzalearekin aritu zen gazte mugimenduan.

Esnaolak bidali zuen Parisera sindikalgintzan trebatzera eta han ezagutu zuen Jose Antonio Agirre lehendakaria. 1962an Municheko kongresuan hartu zuen parte beste hainbat gazterekin batera, artean bere jardun politiko eta sindikalean alboan izan zuen Iñaki Aginaga.

Francoren ondorengoa

Sinetsita Munichen marrazten ari ziren Francoren ondorengo politikan Euskadi ez zela burujabe izango, Anabitartek, Aginagak eta iritzi horretako gazteek alde egin zuten bertatik. 'Eladioren' ustean EAJk lotura estuegiak zituen alderdi sozialistarekin.

Sindikalgintzan Anabitarte ELAren buruzagi nagusi bihurtu zen erbestean zegoen Errepublikako garaiko zuzendaritzaren aurrean, iritzita 30eko hamarkadako zuzendaritzak ere sozialistekin hartu-eman estuegiak zituela. Adostasun ez honen ondorio izan zen ELAberriren sorrera, sindikatu abertzale, autogestionatu eta ezkerrekoa.

ESB alderdia

Anabitarteren ustean alderdi abertzale, ezkerrekoa behar zen sortu, sindikatua horren adarra zen bitartean. Honetan bat ez zetozenak ere baziren ELAberrin eta hauekin apurtu zuen Eladiok. Sindikatuarentzako inongo alderdiren menpekotasunik onartzen ez zuten aldekoek nagusitu ziren eztabaidan eta Eibarren burutu zen kongresuan erbesteko buruzagiek ordezkatzen zuten ELA historikoa eta barruko ELA berriaren arteko batasuna sinatu zen.

Anabitartek eta beste zenbait eragilek, artean Txillardegik eta hainbat, bitartean ESB alderdia osatu zuten eta 1977an hauteskundeetan aurkeztu ziren EAJren eta ETAren ildoko ezker abertzalearen arteko bidea eraiki nahian. Porrota etorri zen hauteskunde haietan ESBrentzako. Horrek ez zuen Anabitarteren jarduna itzali.

Ekintzaile

Ekintza gizona izanik Euskal Herrian izan diren hainbat eta hainbat proiektu nazionaletan partaide eta bultzatzaile izan da Anabitarte Egunkaria, Gaindegia, Nabarralde

Kepa Anabitarte 'Eladio', abertzale ekintzailea, euskal nazioaren errekonozimendua lortzeko Euskal Herria bera nahiko zela uste izanda, EAJren autonomismoak eta ezker abertzalearen, ETAren, rupturismoak, biak ala biek, azkenean, Madrilekin negoziatzea zekartela sinetsita bien arteko bidea eraikitzeari ekin zion. Bide baketsua eta nazioaren askatasun nazionala eta soziala ekarriko zuena.