Kepa Anabitarte (Pasaia, 1934) azkeneko ehun urteko historian parte aktiboa hartu du, batez ere arlo politiko eta sindikalean. Aste honetan bere bizitza eta Euskal Herriko atal erabakigarrienak jasotzen duen Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia lana aurkeztu du Trintxerpeko liburutegian Eneko Bidegain idazleak.
Liburua Durangoko azokan aurkeztu zenuen eta aste honetan Pasaiara etorri zara. Berezia da aurkezpen hau?
Hau da lehendabiziko aurkezpen publikoa, nolabait esateko. Inportantzia ematen nion, eta bere familiak ere hala ikusi zuen, lehendabiziko aurkezpena Trintxerpen egitea. Gero etorriko dira beste aurkezpen batzuk Keparekin lotura duten tokietan: Bilboko Kafe Antzokian, Iruñean eta Tolosan. Gero beste batzuk ere etorriko dira.
Zergatik erabaki zenuen Kepa Anabitarteren biografia idaztea?
Kepa Anabitarte pixka bat ezagu-tzen nuen eta behin berarekin solasean ohartu nintzen haren bizitzak ematen duela liburu baterako gaia; bai bizitzak berak, bere ibilbidearengatik, hainbat gauza pasa izan dituelako bere haurtzarotik hasita, baina baita ere bere bizitzaren bitartez, inplikazio politiko handia izan duenez bere bizitzan zehar, ematen duelako aukera Euskal Herriko azkeneko ehun urteko historia politikoa kontatzeko. Hainbat atal hain ezagunak ez direnak edo ahantziak direnak kontatzeko aukera ematen du.
Zein dira gutxi ezagutzen diren pasarte horiek?
Gauza asko dira gutxi ezagutzen direnak edo ez direnak sozializatu; adibidez, 40ko hamarkadan nolakoa zen hemengo giroa, 50 hamarkadan kimuak nola hasi ziren... 60ko hamarkadako aldaketak gehiago ezagutzen dira, baina belaunaldi batetik beherakoek ez dute hainbeste ezagutzen.
Anabitarteren bizitza azkeneko mendeko kronika izan daiteke?
Kepak zeharka eta zuzenean hartu zuen parte Euskal Herriko bizitzan. 1934an sortu zen eta nahiz eta 36ko gerrako oroitzapenik ez izan, liburua pixka bat lehenagotik hasten naiz kontatzen, 20ko hamarkadatik Keparen gurasoekin eta Trintxerperen historia pixka bat aipatzen dut ere; gainetik eta laburki. Auzo berria da eta 1920ko hamarkadan hasi zen hazten. Urte horietan diktadura bat, errepublika, monarkia, beste diktadura bat... izan ziren.
Zein ondorio atera daiteke zure liburutik?
Ikusten da Euskal Herriaren zapalkuntza ez zela Francorekin hasi, ezta berarekin bukatu ere. Euskal Herriko zapaltzaileak ez ziren bakarrik faxistak, espainol eta frantses joera politiko guztiak izan ziren Euskal Herriko zapaltzaileak eta hori guztia ilustratzen da.
Hortaz Anabitarte oso gertakari garratzitsuak bizi izan zituen?
Gauza asko gurutzatzen dira Euskal Herriaren historia politikoa, kulturala, ekonomikoa, elkarte mundukoa, soziala, sindikala, kooperatibista... horiek guztiak jasotzen dira liburuan.
Nondik atera dituzu liburuan jasotzen diren datuak?
Gauza asko idatzita daude liburuetan, ikusten da bibliografia luze bat dagoela eta horiek guztiak erabili ditut iturri gisa, baina baita ere elkarrizketak, lehendik grabatuak zeudenak eta nik egindakoak, eta baita artxiboko dokumentuak, kasu honetan ELA sindikatuko artxiboa.
Zein izan da Anabitartek politikari egin dion ekarpena?
Kepa Anabitartek pentsamendu ideologiko bat, analisi politiko zehatz bat, azken hamarkadetan itzalean mantendu dena, izan zuen bere bizitza guztian. Ideologi honen oinarrian daude bereziki Iñaki Aginaga eta Joseba Arizmendiarrieta. Hauek Euskal Herriaren zapalkuntzaren eta oro har zapalkuntza politikoaren analisi oso zorrotza egin zuten eta zapalkuntzarekin batera askapenari buruzko analisia. Beraien ideologia ez du bat egiten Euskal Herrian izan diren bi eskema nagusiekin: instituzionala, Madrilera edo Parisera hautetsi gisa joan gauza batzuk negoziatzearen esperantzan edo eskema militarra non helburua den mobilizazioa eragitea, atentatu edo errepresioaren bidez. Kepak esaten zuen: “Guk ez dugu askatasunaren giltza gure zapaltzaileen eskuetan utzi behar”. Guk hartu behar dugu giltza eta guk askatu behar dugu Euskal Herria”.
Zergatik ez da ezaguna ideologia hau?
Alde batetik ideologia hau azaltzen duten liburuak ez daude eskuragarri eta bestetik oso trinkoak eta zailak ulertzekoak dira. Ni saiatu naiz era dibulgatibo eta ardatz narratibo baten bitartez azaltzen.
Euskal Herriko politikan eragina izateaz gain, bere herrian ere oso aktiboa izan zen elkarteen ekintzetan?
Bai. Lau urte zituela aita hil zitzaion eta Zaragozara, monjen eskolara, bidali zuten. Udaran etortzen zen eta futbolean aritzen zen asko, baina parte hartu zuen ere hemengo apaizak, Serafin Esnaolak, bultzatu zuen gazteen elkartean. Han ikusi zen lidergorako gaitasuna zuela. Lan munduan ere oso gaztetan hasi zen eta nahiko laster hasi zen sindikalgintzan. Beraz, hemengo kirol eta kultura dinamizatzailea izan zen eta laster hartu zuen ELA sindikatuaren Hego Euskal Herriko ardura modu klandestinoan. Gauza askotan inplikatu zen eta bere biziaren motibazioa izan zen herriari mesede egiteko, bere hautuak herri ikuspegitik egin ditu.