Zorrotz aztertzen ari da Auzitegi Gorena akusazioen txostenak —Fiskaltza, Estatuko Abokatutza eta Vox— eta defentsarenak, amnistia legeak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiari eta proces-aren kausako gainerako auzipetuei eta akusatuei nola eragiten dien zehazteko.

Europa Pressek kontsultatutako iturri juridikoen arabera, Pablo Llarena epaileak eta auzia epaitu zuten zigor-arloko salako magistratuek alderdien alegazioak eta legearen edukia sakon aztertzen ari dira, Gorenean auzipetutako buruzagi independentistei aplikagarria zaien ala ez erabakitzeko.

Tsunami Democratic-i buruzko piezaren instrukzio-egileak, Susana Polo epaileak, oraindik ez ditu jaso alderdi guztien idazkiak, 10 eguneko epea eman baitzien txostenak aurkezteko, proceseko auzitegiak eta Llarenak ezarritako bost egunen aldean. Gainera, Puigdemonten kasuan, epea luzatzeko baimena eman zuen, oraindik prozeduran pertsonatuta ez zegoenez abokatuak hala eskatuta.

Llarenak eta proceseko magistratuak aztertzen ari diren txosten gehienak araua aplikatzearen aldekoak dira: Fiskaltzak, Estatuko Abokatutzak eta defentsek Puigdemonti eta gainerako auzipetuei desobeditzea eta dirua bidegabe erabiltzea amnistiatzeko eskatu dute, egozten zaizkien gertakariak legeak babesten dituela iritzita. Halaber, haien gain dauden bilatzeko eta atxilotzeko agindu nazionalak desaktibatzeko ere eskatzen dute.

Gorenak, ordea, Voxen (herri akusazioa da proces auzian eta Tsunamienean) eta Kataluniako Gizarte Zibilaren (herri akusazioa Polok instruitutako auzian) aurkako txostenak ere baditu. Auzipetuak aberastu egin zirela defendatu dute biek, eta, ondorioz, ezin zaiela dirua bidegabe erabiltzea barkatu; gainera, ez dute bideragarri ikusten terrorismoari amnistia aplikatzea.

Hala eta guztiz ere, azken hitza magistratuek daukatenez, eurek ebatzi beharko dute legea nola aplikatu: auzipetuei egozten zaizkien egitateak arauak babesten ote dituen ala ez, eta atxilotzeko agindu nazionalekin zer egin. Arauak Batasuneko Zuzenbidean sarbiderik ba ote duen argi ikusiko ez balute, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari (EBJA) galdetu ahal izango diote; testuaren legezkotasunari buruzko zalantzak izanez gero, berriz, konstituzio-kontrakotasuneko arazo bat planteatu ahal izango diote Konstituzio Auzitegiari.

Fiskalek txostenean defendatzen dutenez, proces.aren bidegabeko eralgitzea amnistiagarria izango litzateke, auzipetuek ez zutelako aberastasun pertsonalik jaso, gainera, “frogatutako egitateetan ez delako jasotzen inolako aipamenik edo erreferentziarik, Europar Batasunaren finantza-interesei zuzenean edo zeharka eragin izanari buruz”.

Ministerio Publikoaren ustez, Puigdemont, Toni Comin eta Lluis Puig auzi-ihesean dauden kontseilari ohiak eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia amnistiarik gabe uzteak, “ ia edukirik gabe utziko luke” arauan xedatutakoa.

Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohia eta Raül Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa kontseilari ohiak proces delakoagatik zigortutakoen kasuari dagokionez ere, Fiskaltzak amnistia ematearen alde egin du. Gogora ekarri du ordea, “egindako delituak Espainiako legegilearen erabakiz amnistiatu izanak ez duela ahalbidetzen zigorren edo horiek eman zituzten epaile eta auzitegien zilegitasuna zalantzan jartzea”.

Administrazioaren zerbitzu juridikoen iritziz, “amnistiari buruzko legea aplikagarria da” auzipetuei bidegabeko eralgitze-delituagatik eta desobedientzia-delituagatik egotzitako egitateetan, legezko testuaren aplikazioa justifikatzen duten “berariazko helburuak betetzen dituztelako”.

Horrez gain, Tsunamiren piezari buruzko txostena ere aurkeztu du Fiskaltzak, bertan, Puigdemontek eta Ruben Wagensberg ERCko Parlament-eko diputatuak proces-aren epaiaren aurkako 2019ko urriko iskanbiletan ustez parte hartu izana ikertzen da. Horretan ere, terrorismo delituagatik amnistia emateko eskatu dute.