Geroa Bairen Nafarroako Parlamentuko bozeramaile Pablo Azconak “oso positibotzat” jo zituen atzo, Nafarroako eta Espainiako gobernuek Foru Erkidegoari eskumenak eskualdatzea bultzatzeko lortutako akordioak; horretaz gain, Junts eta PSOE alderdiek immigrazio eskumenei buruz egindako akordioaren harira argi esan zuen, Geroa Baik “Nafarroako agenda eta Nafarroako Foru Erkidegoko Foru Legea betetzea” defendatuko duela.

Azconak azpimarratu egin nahi izan zuen, “beste Autonomia Erkidego batzuen eskumenen inguruan negoziatzen duten oro errespetatu egingo dugu, noski; baina guk Lorafna eta Nafarroako agenda betetzea aldarrikatzen dugu”.

Asteazken honetan pozik agertu da Geroa Bairen bozeramailea, Nafarroari bekak, I+G+B eta AP-68aren Nafarroako zatia transferitzeko Espainiako Gobernuarekin egindako aurrerapenak direla eta, “Gobernua sostengatzen duten indarrek sinatutako akordio programatikoan jasota daudelako hiru gai horiek”.

Bere ustez, “Sanchezen inbestidurarako hitzartutako akordioen defentsarik onena, Nafarroara eskumenak itzultzea da. Akordio programatikoan jasotako gai horiei emandako bultzada hori, Sanchez inbestitzeko EAJk egindako akordioaren ondorio da”, aipatu zuen. Azconaren esanetan, Geroa Baik “hasiera-hasieratik aldarrikatu zuen ahalik eta transferentzia gehien eskualdatzea, Lorafnan jasota daudenez; esaterako, azken egunotan urrats garrantzitsuak eman dituzten bi horiek”.

Foru Komunitatearentzako hurrengo eskumenen inguruan galdera eginda, Lorafna betetzea eskatzen dutela esan zuen Azconak. “Zabalik dago jada gai horiek eztabaidatzeko ponentzia eta horien egutegia; eta akordio programatikoan jasotako transferentziei buruz ari bagara, aipaturiko bi horiei bultzada polita eman zaie; baina, horiez gain, esate baterako Geroa Baik duela bi hilabete eskas mahai gainean jarri zuen Gizarte Segurantzarekin jarraitzea”, esanez amaitu zuen.