Abotsanitz Herri Batzarrak eta EH Bilduk Hondarribiko udaleko 2023-2027 legealdirako gobernu-akordioa hitzartu dute. Estitxu Urtizberea Abotsanitzeko idazkari orokorrak adierazi duenez, hauteskundeak eta gero, “kolore ezberdinetakoa gobernu zabal” bat eratzeko bere alderdiak PSE-EEri eta EH Bilduri gobernua partekatzea proposatu zien, eta, PSE-EEk uko egin zion arren, EH Bildu prest agertu zen akordio batera iristeko.

Gauzak horrela, gaurko akordioa ezagutzera eman dute. Horrek bost printzipio eta hamaika konpromiso biltzen ditu. Alde batetik, lehen oinarria herri erronkei aurre egiteko Udal administrazio sendo eta modernoa sustatzea da eta bigarrena herritarren parte-hartzean oinarritutako gizartea bultzatzea. Hurrengo printzipioak dio Udal Gobernuak justizia soziala eta herritar guztien bizi baldintzak hobe-tzea helburu duen herri euskaldunaren alde egingo duela, eta laugarrenak alderdien barne funtzionamenduari eragiten dio.

Azkenik, akordioak Udalaz gaindikoak diren eskualdeko beste erakundeetan alderdi bakoitzak modu independientean jokatuko duela jasotzen du.

Bost printzipio horietatik abiatuz, akordioan hamaika konpromiso adostu dituzte. Alde batetik, agintaldi plana elkarrekin landuko dutela eta, bestetik, HAPOaren eguneratzean parte-hartzeari garrantzia emango diotela. Hirugarren konpromisoak euskararen erabilera susta-tzeko herri eragileekin batera lan egitea jasotzen du, eta laugarrenak berdintasun sail bat eratzea eta berdintasun teknikaria kontratatzea.

Bestalde, etxebizitzaren “arazo larriari” irtenbidea emango ditoten lan lerroak aktibatuko dituztela azaldu dute, eta seigarren konpromisuak mugikortasunarekin zerikusia duten aldagaiak batzen dituela. Zazpigarrenik Hondarribia “zaintzen duen herria” izateko borondatea jaso dute, eta, zortzigarren konpromisuak “ezberdinen arteko espazioak” bilatzea du helburu.

Alardeari dagokionez hainbat ezberdintasun dituztela aitortu bazuten ere, oinarrian bat egiten dutela azaldu dute eta argi dutela herritarren artean “konponbidearen bidean hasteko baliabideak” jarriko dituztela.

Hamargarren puntua Hondarribia herri hezitzaile bat izatea nahi dutela da eta azkena energia berriztagarriarekin lotuta dago.

Akordioak Udal Gobernuan eraketan duen eraginari dagokionez, Garoa Lekuona bigarren alkateordea izango da hemendik aurrera eta, batzorde bat edukiko ez badu ere, bere esku geratuko dira Euskera, Ingurumena eta Energia sailak.