Donostia –Pegasus, Candiru eta espioitzako beste software batzuen erabilera erabat argitzeko eskatu dio Espainiako Estatuari Europako Kontseiluaren txosten berri batek, baita hiru hilabeteko epean Veneziako Batzordeari beharrezko informazio guztia mahai gainean jartzeko ere. Pieter Omtzigt herbeheretarra buru duen Gai Juridikoen eta Giza Eskubideen Batzordeak egindako idazkiak Azerbaijan, Polonia, Hungaria eta Grezia bezalako herrialdeen parean jartzen du Espainia, “oso intrusiboa” den tresna erabili izanagatik, eta “zalantzan” jar- tzen du software horren eta antzeko beste batzuen erabilera giza eskubideak errespetatzearekin bateragarria ote den. Atzo Parisen aurkeztutako dokumentazioak zuzenketak jaso di- tzake oraindik ere, eta berriro bozkatu beharko litzateke Europako Kontseiluaren Biltzarraren osoko bilkuran (urriaren 9tik 13ra bitartean), behin betiko onartzeko.

Baieztatutako kasu guztien ikerketa “eraginkorra, independentea eta azkarra” eskatzen da testuan – horien artean, independentismoarekin lotutako 65 pertsonak –, bai eta legez kanpoko zaintza-kasuen biktimei behar besteko erreparazioa ematea ere, eta zigorrak ezartzea kasu horien ardura izan zuten erakundeei. Sistema horiek “legez kanpo edo helburu ez-legitimoekin erabili dituzte hainbat Estatu kidek”, kazetarien, aurkari politikoen, giza eskubideen defendatzaileen eta abokatuen aurka. “Estatuek ez lukete software espioi hori erabili behar, zaintza sekretuari buruzko legeak eta praktikak Konbentzioarekin eta nazioarteko beste arau ba- tzuekin bat etorri arte”, Holandako parlamentariak idatzitako txostenak jasotzen duenez. Nolanahi ere, horrelako tresnak “salbuespenezko egoeretan soilik” erabili beharko lirateke, “azken baliabide gisa”.

Orain arte, Espainiako agintariek 18 pertsonaren gaineko espioitza baino ez dute onartu, besteak beste, Pere Aragones presidenteari eta Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko buru ohiari egindakoak. Inolaz ere, Europako Kontseiluak argi eta garbi eskatu dio Espainiari, informazioa luzatzeko aitzakia gisa sekretu ofizialen eta segurtasun nazionalaren legean babesteari uzteko.

Europako Kontseiluko Biltzar Parlamentarioko kide independentista bakarra den Laura Castel senatariak txalotu egin du aurkeztutako idatzi hori, “Estatuari presio egiten diolako, Catalangate-ari buruzko ikerketa eraginkorra egiteko”. Txosten berri hau, Boriss Cilevics letoniarrak 2021ean zuzendu eta Europako Kontseiluak berak onartu zuenari gehitu zaio; orduko hartan, Espainiako adierazpen askatasuna zalantzan jartzen zen, matxinada eta sedizio delituak “zaharkituak eta zabalegiak zirela” aipatzen zen, “zinez politikaren bitartez konpondu beharreko arazo politikoa jorratzeko”, eta Pedro Sanchezen Gobernuari gonbidapena ere luza- tzen zion, “2017ko erreferendumaren antolaketan izandako arduragatik zigortutako politikari katalanak indultatzeko edo espetxetik askatzeko”, bai eta “atzerrian bizi diren eta arrazoi berberengatik justiziaren bilaketa egoeran diren politikarien aurkako estradizio prozedurak bertan behera uzteko aukera aztertzeko”. Aurrerago aurkeztutako jarraipen-txosten batek betoa jaso zuen, PSOEk eta Alderdi Popularrak indarrak batu ondoren.