Carlos Mazon Valen- tziako Generalitateko presidente izendatu zuten atzo arratsaldez, bere alderdiak, PPk, oposizioan zortzi urte eman ondoren, Voxekin Gobernu akordio bat adostu eta hilabetera. Eskuin muturreko alderdiaren eskakizunak kontuan izanda, oreka bila- tzea ez zaio batere erraza izango presidente izendatu berriari.

Valentziako Erkidegoko hauteskundeak PPk irabazi zituen maiatzaren 28an, eta Mazon, Valentziako popularren burua eta Alacanteko Diputazioko presidentea zen presidentetzarako hautagai bakarra, Les Cortseko 99 eserlekuetatik 40 lortuta, hala ere ezinbestekoa zuen beste alderdiren baten babesa..

Hasiera-hasieratik Vox alderdia aipatu zen presidente egin zezakeen indartzat. Hauteskundeak egin eta 16 egunera, PPk eta Voxek aurre-akordio “irmoa” lortu zuten Valentziako Erkidegoan koalizio-gobernu bat osatzeko; Mazon bera izango zen presidente, eta ultraeskuinak “parte-hartze erabakigarria” izango zuen.

Akordioaren arabera, Vox-ekoa izango da Valentziako Parlamentuko presidentea, eta presidenteorde bat eta hiru kontseilari ere izango ditu:

Lehen Lehendakariordetza eta Kultura Kontseilaritza (Vicente Barrera toreatzailearen esku), Nekazaritza kontseilaritza, eta Justizia, Barne eta Gobernaziokoa.

Hilabeteko epean berreskuratu du Mazonek Consella popularrentzat, Ximo Puig sozialista buru zuen Botàniceko gobernuaren bi agintaldi errotik amaituz. Duela bi urte, Pablo Casadoren garaian, Manzon PPCVko presidente izendatzeko erabakia ondo irten zaie beraz, eta Alberto Núñez Feijook babesa eskaintzen jarraitu du harrez gero.

Inbestidura saioa bost ordu eta erdi inguru luzatu zen, eta Manzon president izendatu zuen bozketarekin amaitu zen. 53 boto jaso zituen Manzone, (PPren 40 eta Voxen 13), Ganberaren gehiengo osoa lortuz (50 diputatu), eta PSPVk eta Compromisek, aldiz, 46.

Behin Generalitateko president izendatuta, Les Corts Valencianeseko osoko bilkuraren aurreko inbestidura hitzaldiaren hasieran, terrorismoaren biktimen aldeko minutu bateko isilunea egitea eskatu zuen, ETAk Miguel Angel Blanco hil zueneko hogeita seigarren urteurrenean.

Bere hitzaldian, hainbat neurri aurreratu zituen arlo desberdinetan: osasungintzan, “ezkutuko hizkuntza-betekizunarekin” amaituko duela esan zuen; hezkun- tzan, ikastetxea eta hizkuntza aukeratzeko askatasuna bermatuko duela; eta fiskalitatean, oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga ezabatuko duela.

Berdintasuneko presidenteordetza

Gizarte arloan, Berdintasun Kontseilaritzak presidenteordetza-mailari eutsi egingo diola agindu zuen (Ximo Puig buru izan zuen Botànic-en gobernu-garaian bezala), eta Nortasun Ezaugarriei buruzko lege bat garatzeko eta bidezko finantzaketa exijitzeko konpromisoak hartu zituen.

Indarkeria matxistari dagokionez, mota horretako erasoak gai- tzetsi zituen, eta argi adierazi zuen gai batzuek “edozein alderdikeria-jarduera gainditzen dutela”, eta ez diputatuek, “ez gizarte osoak, ezin dituztela ukatu”.