Donostia – Rajoyren garaian leitmotiv gisa erabili zen ideia berreskuratzea erabaki du PPk udal eta autonomia hauteskundeetarako; alegia, bozkarik gehien eskuratzen dituen alderdiak gobernatzea. Aukera horrek Estatuko lurralde-eremuan mesede handia egingo liekeela uste dute Genovan.
Horregatik, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak atzo berriro proposatu zion PSOEri, datorren maiatzaren 28tik aurrera zerrendarik bozkatuenak gobernatzea, eta, bere esanetan, “baliatu beharko litzateke hirietan, aldundietan eta autonomia erkidegoetan, argi eta garbi”.
Bruno Garcia alkategai eta probintziako PPko presidentearekin batera Cadizen eskainitako ekitaldian ekarri zuen gogora Feijook, aurrez ere PPk PSOEri akordioa proposatu ziola zerrendarik bozkatuenak gobernatzeko, eta eskaintza hori berretsi zuen. “Alderdi Sozialistak hiri batean irabaziz gero, berak goberna dezala. Alderdi Popularrak beste batean irabaziko balu, PPk goberna dezala. Horra hor gure proposamena, berriro ere”, adierazi zuen.
Era berean, PSOEk autonomia batean gobernatzea defendatu zuen Feijook, baldin eta “alderdi bozkatuena bada”, eta jakina, “PP alderdirik bozkatuena izaten den beste erkidego bateko emaitza errespetatzeko konpromisoa hartzen badu”.
“Horrek aldundietarako, hirietarako eta autonomia erkidegoetarako balio beharko luke, argi eta garbi; eta proposamena berriro luzatu nahi dugu hauteskunde-kanpaina hasi aurretik. Gobernuko presidenteak irabazten duen alderdiak gobernatuko duela onartzea nahiko nuke, hori baita erakundeekiko eta politikarekiko konfiantza berreraikitzeko giltza”, argudiatu zuen popularrak.
Hizketaldi berean aipatu zuen Feijook, PPko hautagaiek “itun bakarra daukatela, hauteskunde gaueko boto-zenbaketaren ondoren zuzenean hautetson-tzietatik ateratzen dena. Ez gaude ezeri eta inori lotuta. Ez daukagu aldez aurreko itunik inorekin”, aldarrikatu zuen, maiatzaren 28ari begira zenbait erakunde autonomikotan edo tokikotan Voxekin hauteskunde aurreko akordiorik dutenik ukatuz.