Ertzaintzaren ordezkaritza zabala izan zen atzo Guggenheim Museoan, Txema Agirreren hilketaren 25. urteurrenean, polizia-kidegoko buruzagitzak talde terroristaren atentatuetan eroritako agenteei banakako aitortza-ekitaldiak egitea erabaki ondoren. Haren alargun Maite Mollinedok, eta agentearen beste hainbat senide eta lagunek parte hartu zuten omenaldian, Victoria Landa Ertzaintzako zuzendariarekin batera; bertan izan ziren, baita ere, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, Ertzaintzako buruzagi zenbait eta ertzaina zenaren lankide ugari.

Aitortza ekitaldia, aurrekoetan bezala, lore-eskaintza bat izan zen, ertzainaren izena daraman Bilboko Guggenheim ondoan dagoen plazan, Txema Agirre gogorarazten duen monolitoaren aurrean. Aurreko urteetan, aitorpena lankideek eta Erne sindikatuak egiten zioten. Orain arte, ETAk hildako ertzain guztiak urteroko ekitaldi ofizial batean omentzen zituen ofizialki Ertzaintzak, baina joan den ekainaren 20az geroztik, Ertzaintzaren zuzendaritzak eta buruzagitzak eraildako ertzain bakoitza aitor-tzeko, oroitzeko eta omentzeko, urtero banakako ekitaldiak antolatzeko erabakia hartu zuen. Segurtasun Sailetik ohar batean zehaztu dutenez, banakako omenaldi horiek “Ertzaintzak urtero, ekaineko lehen igandean, guztiak gogoan izateko antolatzen duen ekitaldi handiarekin bateragarriak eta osagarriak dira”.

Txema Aguirre Larraonak 35 urte zituen, eta 1997ko urriaren 13an, museoa inauguratu baino egun batzuk lehenago, inguruak zaintzen zebilen. Halako batean, furgoneta susmagarri bat ikusi zuen; pertsona batzuk jardinera batzuk ateratzen ari ziren, granada-jaurtigailu batzuk ezkutatzen zituztela. Deskubritu egin zituenaz jabetu zirenean, komandoko kideek tiro egin zioten agenteari. “Ez dugu ahaztu nahi, ezta ahanzturan geratzea ere” aldarrikatu zuen Ertzaintzako ordezkari batek. “Ez dugu heroi gehiagorik nahi”, gaineratu zuen jarraian, “euren zeregina betetzen ari zirela bizitza galdu zuten” agente guztien oroimenez. Ertzainen Mila Ezker elkarteko bozeramaile batek adierazi zuenez, gaur egun Guggenheim Museoaz “harro egoteko moduan bagaude” eta mundu osoan ezaguna den ikonoa bada, neurri batean, Txema Aguirreri zor diogu, “heriotzaraino defendatu eta babestu zuelako”. Hil ondorengo polizia-merezimenduaren domina eman zaiola adierazi zuen, baita “euskal gizartearen zerbi-tzura eskainitako sakrifizioa” aitor-tzeko diploma ere. Bertaratu zirenek lore sortak jarri zituzten monolitoaren oinetan, eta minutu bateko isilunea egin zuten.

Bilboko Udaltzaingoaren ordezkaritza bat ekitaldian izan zen –talde horretako agente motorizatu batek atxilotu baitzuen Agirre hil zuen komandoko kideetako bat –, Bizkaiko hiriburuko Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Amaia Arregirekin batera.

Sergio Gómez de Segura Ertzaintzako Erne sindikatuko idazkari nagusiak zera adierazi zuen ekitaldi horri buruz: “Segurtasun Saila hasi da konprenitzen, gure heroi guztiak, herritarrak babesteagatik bizia utzi duten ertzainak”, aitortzearen garrantzia. Segurtasun Sailak azaldu zuenez, omenaldi hori, erregulazio berria ezarri zenetik Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Buruzagitza sustatzen ari den hamabost errekonozimenduetako bat omen da, “ETAk hildako ertzain bakoitza banan-banan gogoratzeko eta ikusarazteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa beteaz”. ETAk 1985 eta 2001 artean Ertzaintzako hamabost agente hil zituela nabarmendu nahi izan da, bide batez. Lehena Carlos Díaz Arcocha superintendentea izan zen, eta azkenak, Javier Mijangos Martínez de Bujo eta Ana Isabel Arostegui Legarreta.