- Euskal Herriaren eta Kataluniaren subiranotasunaren aldeko mobilizazio sozial berezi bat antolatu nahi dute Gure Eskuk eta hainbat erakundek uztailaren 2rako.

Gure Eskuk eta Kataluniako zenbait talde subiranistek, erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio soziala antolatu dute uztailaren 2rako, Pirinioetako 300 tontorretik gora argitzeko helburuarekin.

"Nazioarteko komunitatearen arreta piztu nahi dugu, autodeterminazio-eskubidearen bidezko kausaren alde. Mezu argia helarazi nahi dugu Pirinioetatik mundu zabalera: Katalunian eta Euskal Herrian burujabetza osoa nahi dugu, gure etorkizuna askatasunez erabaki eta hori egia bihurtzea, eta gure ahotsa entzun dadila aldarrikatuko dugu", azaldu zuten Amalur Alvarez eta Jose Etxaburu plataformako bozeramaileek.

Gure Eskuk, Pirinioetako Bidea izeneko mobilizazioa aurkezteko ekitaldia egin zuen atzo Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat gonbidatu ere hurbildu ziren aurkezpenera, besteak beste, Felipe Uriarte alpinista, Antton Telleria umorista, Garazi Etxaburu dantzaria, Eñaut Zubizarreta biolontxelo-jo-tzailea, baita ANC eta Òmnium Culturaleko presidenteak ere, Elisenda Paluzie eta Jordi Cuixart.

Iragarri dutenez, uztailaren 2an 300 mendi-tontorretik gora argiztatzeko asmoa dute Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak erabiliz, "Higer lurmuturretik Creuseraino, Atlantikotik Mediterraneoraino hedatuko den" argi lerroa sortzea izango dute helburu. "Autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, Katalunia eta Euskal Herria batuko dituen argia".

Ekimen berri hau, aurretik Katalunian eta Euskal Herrian egindako mobilizazioetan oinarrituko da; hala nola, Montserrateko 131 orratz argiztatu zituen Llum i llibertat (2019), ondoren Euskal Herriko mendirik esanguratsuenak (Aiako Harria, Txindoki edo Anboto) argiztatu zituen Argi dugu bidea lelopean burututakoak, edota 2018ko Cims per la llibertat mobilizazioa.

Iragarri dutenez, ekimenean parte hartuko duten euskaldunek 115 tontor argitzeko ardura izango dute, Jaizkibeldik Benasqueraino (Huesca), eta horretarako, gailur berdeak eta gorriak bereizi dituzte. Berdeak, jende gehienarentzat irisgarriak izango dira, eta horietan izen-ematea irekia izango da; gorriak, berriz, mendizale zailduentzako moduko tontorrak izango dira, eta izen-ematea mugatua izango dute. Gailur berdeetarako izen-ematea martxoan zabalduko da, eta gorriena, berriz, martxan dago jada.

"Gure tontorra ez dago Pirinioetan, gure tontorra edo helburua zortzimilakoa da: herria berriro aktibatu nahi dugu modu masiboan, prozesu subiranista abiarazteko", aldarrikatu zuten.