Ezkerrek lortu dute aurrera egitea Goñiren Omenezkoaren hirugarren jardunaldian
Garai bateko estigmaziotik urrun, kirolari ezkerrek beti dute zerbait berezia eta gaur Beloki pilotalekura gerturatu diren pilotazaleek lau pilotari ezkerrez gozatzeko parada izan dute
Garai bateko estigmaziotik urrun, kirolari ezkerrek beti dute zerbait berezia eta gaur Beloki pilotalekura gerturatu diren pilotazaleek –orain arteko sarrerarik onena izan da, harmailek sekulako itxura eskaini dutelarik– lau pilotari ezkerrez gozatzeko parada izan dute. Are gehiago, aurrera egin duten hirurak, Ibarluzea lau eta erdian eta Amiano-Eloz binaka, esku horrekin moldatzen dira hobekien. Gaurko landutako garaipen hauei esker, datorren asteazkenean jokatuko diren final laurdenetako azken kanporaketen zain geratu dira, finalerdietan izango dituzten arerioen izenak ezagutzeko.
Hirugarrenean, Oiar Ibarluzea urretxuarrak Goñiren Omenezkoaren finalerdietarako txartela eskuratu du, partida lehiatu batean Joanes Cestauri 22-14 irabazita. Etxean jokatzearen presioak eraginda edo, Ibarluzeak nahikoa loturik jokatu du, baina hortzak estututa, aurrera egitea lortu du, ingurukoen gozamenerako.
Partida lehiatua
Markagailuak bestelakorik iradoki dezakeen arren, batez ere lehen erdian, partida oso lehiatua eta orekatua izan da. Bi pilotariak jokoari erritmo bizia ezartzen saiatu dira, batez ere ezkerrez pilotari abiadura handia sartuz. Seinako berdinketatik aurrera, ordea, urretxuarrak markagailuan aurrea hartu du, batez ere aurkariak baino gehiago sufritzen jakin izan duelako. Cestauk ale oso ederrak utzi ditu, esaterako 12-9an zaleen zurrumurruak sortu dituen jotako eskuin boleakada ikusgarria, baina askotan piloteoan nagusi izan arren, akatsak ere behar baino askoz gehiago bildu ditu. Arerioari eskuina bilatzen tematu da eta honek pilota dezente galtzera eraman du.
Eta sakea izan da Ibarluzeari garaipenerako bidea asko erraztu dion beste jokaldia. Alde batetik berak lehen pilotakadarekin 7 tanto egin baitizkio adunarrari, baina Behar Zanako aurrelariak beste hiru tanto oparitu dizkio saketik falta eginda, hirurak nahiko jarraian gainera. Partida hasi denetik, txokotik zabalera ateratzen hasi da Cestau, baina tanto bakarra zenbatu diogu sakez eta etxetik landuta ekarritako estrategiak ez dio askorik eman.
Lehia erdian egindako hiru falta horiekin partidatik irten da adunarra eta, buelta ematen saiatu den arren, Ibarzlueak ondo eutsi dio lortutako abantailari eta hurrengo asteko Harkaitz Murua eta Egurrolaren arteko lehiaren zain da, finalerdietan arerio nor duen ikusteko.
Binakako partidan ere, azken markagailuak islatzen duen 22-13a baino askoz gehiago lan egin behar izan dute Amiano-Elorz-ek Egiguren-Santestebani irabazteko. Elite mailako partidak bi zati oso desberdin izan ditu. Lehenengoa ikaragarri piloteatu eta gogorra. Goñiren Omenezkoarenak txapel oso preziatuak dira afizionatu munduan eta bi bikoteak gutxi arriskatu eta lan asko egiteko intentzioz kantxaratu dira. Bi atzelariek eraman dute partidaren zama lehen erdi luze horretan, baina bietako inor ez zen parekoa haustera heltzen eta aurrelariek ere aukera gutxi izan dute erasora pasatzeko.
Gauzak horrela, berdinketak etengabekoak izan dira zazpinako berdinketara arte. Hortik aurrera, ordea, Amiano-Elorzek aurrea hartu dute markagailuan. Irundarra aurrelari luzea da, ezkerrean gatz handikoa eta bere atzelariari gehiago lagundu dio Santesteban zigortzen eta, azkenerako, zubietarrari nekeak erasan egin dio.
Egigureni kosta egin zaio partidan sartzea. Protagonista izatera ohituta dagoen aurrelaria da azpeitiarra, baina gaur ez da erabat partidan sartu eta bikoteak asko nabaritu du. Hori bai, izan du bere inspirazio momentua eta tanto eder batzuei esker 13-12 gerturatu dira markagailuan. Amianok, ordea, ezker gantxo eder batekin erantzun dio, urdinen bolada ona eten du eta hortik aurrera partidaren norabidea erabat aldatu da.
Pixkanaka-pixkanaka, Elorz atzeko koadroetan argi nagusitzen joan da, Amianok ere sake-errematean gehiago asmatu du eta maldan behera izan dute garaipenerako bidea bigarren zati horretan. Ezkerren festan, horren urriak diren atzelari ezkerra nabarmendu da partida honetan eta Mikel Urritikoetxeak bere agurra iragarri duen egunean, Zaratamon bada bere lekua betetzera heldu nahiko lukeen ordezkoa.