Mirari Aranaren kutur gomendioak
Abesti bat: 'Ophelia', The Lumineers. Soinu organikoak, akustikoak, folk lasaigarria, hori da nire oasia.
Musika talde bat: Airu.
Liburu bat: 'Maitasun Kapitala', Karmele Jaio.
Antzezlan bat: 'R&J', La Dramática Herrante.
Film/telesail bat: Telesaila Yellowstone eta filma 'La la land'.
Artista bat: Olaia Inziarte.
Kultur espazio bat: Nai Lua Teteria (Basauri). Musikari hasiberri bezala, zuzenean jotzeko espazioak lortzea erronka handi bat da. Baina badaude espazio gutxi batzuk, beti ateak zabalik dituztenak nirea bezalako proiektu jaioberrientzat. Bertako jabe den Sorayak forma guztietako kultur adierazpenei ateak zabaltzen dizkio, horrelako espazio gehiago behar ditugu!
Harana 2024. urtean jaiotako musika proiektu euskalduna da, Mirari Arana bilbotarrak sortua. Betidanik bere bizipenak abestien bitartez kontatu izan ditu, eta hainbat urtetan zehar, bere pianoarekin ibili izan da kantuak eta bertsioak jotzen, Bilbo inguruko taberna eta espazioetan. Orain, bere unibertsoari forma eta osotasuna emateko asmoz, bost abestiz osotutako lehen E.P. a aurkezten du: Hurbil. The Blue estudioan (Mendabia) Mon Dvy ekoizlearekin batera grabatutako kantu hauek, oso presente dituzte artistaren sustraiak, eta Euskal Herriko paisaietako soinuak erabiltzen ditu bost kantuak bildu eta entzulea kokatzeko. Folk-pop ikutuarekin, gitarra akustiko distiratsuek, gitarra elektrikoen distortsio sutilek, baxu lerro landuek, teklatuaren presentziak eta ahotsaren nagusitasunak, indarra eta intimitatearen aldiberekotasuna bilatzen dute. Zuzenekoei begira, Apirilaren 23an, arratsaldeko 19:30ean Bilboko Bira kulturgunean egingo du diskoaren aurkezpena, Loraldia Gaztea programaren barruan. Etorkizunera begira, Haranak zuzenekoetan hazten jarraitu nahi du, oholtza bere proiektuaren ardatz bihurtuz. Musikan sakontzeko asmoz, bere identitate artistikoa bilatzen eta fintzea da gaur egungo erronka, musikari gisa bide pertsonal eta zintzo bat eraikitzea, hain zuzen ere.