Síguenos en redes sociales:

Ikuskizuna

Lau pareta baino gehiago

Abian da hamahiru konpainiaren ‘Etxea’ antzezlanaren bira

Lau pareta baino gehiagoJulen Elorza

Azken boladan sarritan entzuten dugu etxebizitza hitza;baina, zer da etxea? Lo egiten den leku hori, hain garestia den eraikina, askorentzat ia eskuraezina, lagunak, familia… askotariko esanahia izan dezake etxeaa, hala erakusten du amaHiru konpainiak sortutako Etxea antzezlanak. Jon Ander Alonsoren gidaritzapean, Iñaki Cidek, Iñigo Elosegik eta Eneritz Sanchezek Itsaso, Pello eta Sebas pertsonaiak gorpuzten dituzte. Urtarrilaren 18an estreinatu zuten Hiriburun, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekari eskar ondutako lana, eta 2026-2027an hainbat emanaldi eskainiko dituzte.

Oholtza gainean, Pello bere egunik txarrena bizitzen ari da: bikotek utzi berri du, lana galdu du eta, horrez gain, bere etxea; izan ere, bere amaren etxera itzuli behar da, baina amak etxea saldu du. Horrek erronka bat suposatzen du protagonistarentzat: etxebizitza bilatzea, alegia. Iñaki Cid Larreak, AmaHiru konpainiaren antzezle eta azken lan honen egileak azaldu duenez, etxebizitzaren auziaz hartarago do proposamena: “Gaur egungo egoeraz gain, zaintzari eta sortzen ditugun familia ezberdinak jorratzen ditugu”. Familia ereduak geroz eta anitzagoak dira Ciden aburuz;esaterako, lagunekin edo ezezagunekin sor daiteke familia.

‘Etxea’ Hiriburun estreinatu zen.

Istorio nagusia ez izan arren, Etxea obra lagun bati gertatutako egoera bat du abiapuntu: “Lagun batek bere gurasoek betiko etxea saldu behar zutela kontatu zidan”. Bizitzaren parte den hori, salmenta, atzera bueltarik gabeko bidea da, eta, ondorioz, deskonexio puntu bat gertatzen dela dio egileak. Horrela ekin zion lan hau idazteari.

Pelloren istorioan negatibotzat jo daitezken gertakariak egon arren, Ciden aburuz Etxea obra baikorra da, askotan, agian, gertakari negatidira bizitzari buelta emateko; hau da, gustukoak ez diren gauza edo pertsonak alde batera uzteko eta “erosotasun” horretatik ihes egiteko zerbait gertatu behar da. “Etxea gure bizitzaren isla izatea nahi genuen, zure etxea zure etxea da, baina zure bizitzan etxe asko daude: lan tokia bertan ematen duzun denborarengatik, lagunekin edo familiarekin egotea…”, gehitu du antzezleak. 

Isla etxetik haratago doa, pertsonaiak pailazoekin alderatu baititu antzezleak: “Badago alaiagoa edo inuzenteagoa den pertsonaia bat, beste bat azkarragoa eta hirugarren bat tuntunagoa”. Hirurak clownetik datozenez, pertsonaiak horrela markatzea gustatzen zaie, gero clown-aren elementu hori kentzerakoan benetako pertsonaia geratu arren. Itsasok zaintzailea, Pellok handinahikoa, beti etxe polita eta lanen onen bila ari dena, eta, azkenik, Sebasek, prekarietatea islatzen du, gauzak oso ondo atera ez zaizkion hori, bizitzan apur bat galduta dagoena. 

KOMEDIATIK DRAMARA

Komedia, eta dramaren artean errealitatetik gertu dauden elementuak topatu daitezke Etxea obran, adibidez, lan-munduaren eta etxebizitzaren egoera, zaila baita lan on bat eta etxebizi-tza aurkitzea. Ohikoa gazteek honen aurrean duten arazoa hitz egitea da, baina Cidek beste drama bat ikusten du zailtasun hauetan: “40 urte badauzkazu eta etxe eta lan gabe geratzen bazara, ea nora jotzen duzun… kasu honetan, gainera, Pelloren gurasoek etxea saltzen dute eta hori ere bada errealitate bat”. 

Errealitatetik oso gertu dauden elementuak edo gertaerak daude, baita hortik aldentzen diren bi gertakari ere: etxeak duen baldintza bat eta, batzuentzat, amaiera. “Ondo buka-tzen dela jakinda, bizitzan horrelakorik gertatzen ez dela esan daiteke, gauzak ez direla hain ondo buka-tzen, baina antzerkiak bukaera polita eta erreala izan daitekeena du”, azaldu du antzezleak. 

‘Itsaso, Pello eta Sebas dira obrako pertsonaiak.

Hiriburun estreinatu zutenetik iri-tzi oso onak jaso dituzte, ustez, hainbat profiletako jendea “ukitu” baitu antzezlanak; izan ere, gazteen eta ez hain gazteen arazo bat da. Emaitza sortzeko hainbat egonaldi eta irakurketa egin zituen konpainiak: “Testua 2024an idatzi nuen, lehenengo Donostian irakurketa egin genuen eta, gero, Hiriburun hiru asteko egonaldia egin genuen, lana sortu eta taularatzeko”. Aste horiek biziak, ahalmen handikoak eta politak izan zirela gogoratzen du Cidek.

AmaHiru konpainiak egiten duen lehenengo antzezlan luzea da Etxea, baina aurrez konpainiak ondutako bestelako sorkuntzak ikusi dituztenek haien zigilua erraz antzemango dutela uste du egileak;hots, beti elementu gutxirekin istorio oso handiak kontatzen dituztela uste du taldekideak. Elementu eszeniko gutxirekin eta, nola ez, ondo aukeratuekin, erabilgarria dena sartzen dute, ondo justifikatuta dagoena. Hau da, xede estetiko hutsa duten gauzak alde batera uzten dituzte; adibidez, aulki batekin etxea, lantokia, sofa sortzea, besteak beste. 

Konpainiaren zigilua ere ageri da: “Denbora saltoekin asko jolasten dugu, atzera eta aurrera joaten gara, baina ez ditugu trantsizio tipikoak egiten; segundo batean 2026an zaude eta hurrengoan 1990ean”. 

Obra ikuteko aukera ugari egongo dira datozen hilabeteetan: gaur Donostian, bihar Larrabetzun, martxoaren 6an Muxikan, apirilaren 12an Larraunen eta maiatzaren 9an Mutrikun.