Síguenos en redes sociales:

Antzerkia

Maitatzea, garai hauetan

‘Loreen Hizkuntza’ du izenburu La Mapatxa antzerki konpainiaren estreinako obrak. Gaur egungo harremanak oinarri hartuta maitasunaren inguruan hausnartu dute

Maitatzea, garai hauetan@la_mapatxa

Gizarteak, egun, amodiozko harremanak eraikitzeko dituen moduak ardatz, maitasunaren inguruan hitz egitea izan da La Mapatxa konpainia berriaren nahia bere lehen antzezlanean: 'Loreen Hizkuntza'. Munduarekin inoiz baino konektatuago, baina norbere buruarekin geroz eta deskonektatuago gauden honetan, besteak beste, azkenaldian areagotu den sare sozialen eta aplikazioen bitartez ligatzeko joerari eta sor daitezkeen arazoei heldu diete. “Obra ikustera datorren edozein konturatuko da bere egunerokoarekin duen antzekotasunez, hainbat istorio ezberdinen inguruan hitz egiten da. Guztioi gertatu zaizkigu halakoak”. Hala laburbildu du antzezlanaren mamia Getari Etxegarai zuzendariak. Dagoeneko hainbat emanaldi eskaini dituzte, euskaraz zein gazteleraz.

Aktoreak

Antzezlanean zehar, pertsonaia ezberdinen egoerak tartekatzen dira. Orotara, zazpi atal ditu obrak, eta atal bakoitzak lore baten izena du. “Floriografiari eusten saiatu gara atal bakoitzari izenburua jartzeko; hots, loreen hizkuntzan, oparitzen edo ematen den lorearen arabera, loreen izenek esanahi ezberdin bat dute”, azaldu du Etxegaraik. Hain zuzen ere, negutegi baten barruan gertatzen dira istorioak Loreen Hizkuntza antzezlanean. Lagun kuadrilla bat negutegi bat zabaltzera animatzen da, baina negutegia zaharkitzen doa, loreak hiltzen dira, eta aldi berean maitasun harremanek ere atzerako bidea daramate.

Komedia kutsua du obrak hasieran, komedia nahiko barregarria, baina aurrera doan heinean mikaztuz doa, eta bukaerarako mezua nahiko indartsua dela, eta ikuslea hunkituta utz dezakeela, aurreratu du Etxegaraik. “Guri gustatuko litzaiguke bakoitza bere etxera joatea buruari pixka bat eraginez, eta pentsatuz agian gauzak pixka bat okertzen goazela maitasun kontuen, eta sare sozialen zentzuan”. Hala ere, obra ez dela ezkorra, eta denetarikoa dagoela adierazi du zuzendariak. “Bukaera politak eta ez hain politak daude, baina an-tzezlan ikuserraza da, ez oso luzea. Ikusleak tarte atsegin bat igaroko du.” 

'Loreen Hizkuntza'

Era berean, gaiei dagokienean, oso gaur eguneko obra dela azpimarratu nahi izan du zuzendariak. “Meloi dezente irekitzen ditugu”. Maitasuna harremanak dira ardatza, baina hainbat ikuspuntu lantzen dituzte: amatasuna, homosexualitatea edota gorputz ez normatiboak dituzten pertsonen egoera, besteak beste. Horrez gain, pertsonaietako bat inteligentzia artifiziala da. Bere bitartez, maitasunaren inguruan egun asko erabiltzen diren, baina era berean ezezagunak diren kontzeptuak ezagutzeko aukera eskaintzen dute.

Imanol, Jokin, Jone eta Ana dira istorioetako protagonistak: Bikotea lortzeko arazo asko izan dituen gizon homosexual bat; sare sozial baten bidez ezagutu, eta lagunak izatetik bikote izatera igarotzen diren bi pertsona; eta urte askoan ezkonduta egon ondoren dibortzia-tzen den emakume bat. Unai Izquierdok, Mikel Losadak, Olatz Ganboak, eta Etxegaraik berak gorpuzten dituzte pertsonaiak, hurrenez hurren. Tarteka ageri den adimen artifizialaren pertsonaia, bestalde, Ibon Belandiak gauzatzen du.

Musikak garrantzia handia du Loreen Hizkuntza antzezlanean, eszenak janzteaz gain istorioak kontatzeko ere erabiltzen dute, eta letrek esangura dute egoera konkretuez hitz egiterakoan. Belandia arduratzen da musikaz. Horrez gain, Ines Bermejok eta Galder Irustak sorturiko ikus-entzunezkoak ere ageri dira. Eszenografia lantaldeak sortua da, Betitxe Saitua arduratu da jantzitegiaz eta Soledad Carril argiztapen diseinuaz. Antzezlanaren jatorrizko ideia Unai Izquierdo dramaturgoarena izan zen, eta Diego Perezek egin ditu zuzendari laguntzaile lanak.

HURRENGO EMANALDIAK

Joan den azaroan ekin zion bere bideari La Mapatxa konpainiak ‘Loreen Hizkuntza’ an-tzezlanarekin. Honakoak dira euskaraz eskainiko dituzten hurrengo emanaldiak:

  • Otsailak 27,ostirala. Tolosa.
  • Martxoak 1, igandea. Eibar.
  • Apirilak 17, ostirala. Beasain.
  • Maiatzak 23, larunbata. Donostia.

@la_mapatxa Instagram kontuan kontsulta daitezke data berriak, eta gaztelerazko bertsioaren antzezpenak.

 KONPAINIA BERRIA

La Mapatxa konpainiaren lehen obra da 'Loreen Hizkuntza', eta Etxegaraik adierazi duenez, beraien artean lan egitea baino konpainia baten parte izateak dakartzan bestelako zereginak, burokrazia kontuak batez ere, izan dituzte buruhauste eta erronka nagusi oraingoan.

Etxegaraik, Mikel Losadak, Olatz Ganboak, Diego Perezek eta Unai Izquierdok osatzen dute La Mapatxa konpainia. “Goizean goiz esnatzen garenean begi zulo handiak izaten ditugun lagun talde bat gara”, adierazi du umorez konpainiaren izenari erreferentzia eginez Etxegarik. Antzezpen munduko profesionalak dira, eta betidanik oholtza gainean, zineman edota telebistan ikusi izan ditu publikoak. “Beti gainontzekoentzat lan egin izan dugu, bizitza guztia daramagu dei horren zain” nabarmendu du Etxegaraik. Behin 40 urteak igarota, baina, egiten dutena beraiengatik egiteko momentua zela iruditu zitzaien, beraien lanpostuak beraiek sortzea. “Gauza asko ditugu kontatzeko eta gogoa daukagu”.

Konpainia berria eta gazteek osatua da La Mapatxa; baina, aldi berean, profesionalak dira eta beraien esentzia propioa dute. Fresko eta gogotsu datoz eszenara eta antzerkiaz gaindi, bestelako proiektuak egitea ere gustatuko litzaieke.