Bost saio grabatu dituzue, bost gai nagusi eta hamaika hari-mutur. Nola eta zergatik aukeratzen dituzue gaiok?Aurtengoa hirugarren edizioa da. Edizio bakoitzean bost atal egin ditugu, beti gai guztiak kulturaren bueltakoak. Aurtengo edizioan jada ezin genituen landu aurreko bi edizioetan jorratutako hamar gaiak. Saiatu gara aurreko urteetan landu dena kontuan hartuta beste gai ba-tzuk lantzen eta gonbidatuak denetarikoak izaten: saiatu gara lantzen lurraldetasuna, gaia, generoa, zer diziplinatakoa den bakoitza… Puzzle hori eginda, aurten ere bost atal lotu ditugu, gehi, iaz bezala, Durangon egingo dugun zuzenekoa. Saiatzen gara galderak beste edozein kontestuko elkarrizketa batean ematen ez direnak izan daitezen, edo behin-tzat izan daitezen aitzakia gonbidatuen arteko solasaldia pizteko eta ez dadin izan nik galderak egin eta haiek erantzun
Zer publikori dago zuzenduta eta zer bilatzen duzue harengan piztea?
Ni saiatzen naiz niri egitea gusta-tzen ez zaizkidan galderak ez egiten, hau da, gauza oso ebidenteak edo norberak topatzen ahal dituenak. Entzulea kultur mundua interesa-tzen zaion edonor izan daiteke. Atalaren arabera gai batzuk konkretuagoak dira eta beste batzuk orokorragoak, baina saiatu gara gaitegia konpentsatua egon dadila. Ni musikan aritzen naizenez, lehenago ateratzen zaizkit musikarekin loturiko gaiak eta musika munduko jendea, baina horretarako badago Hiru Damatxoko lantaldea, jator-jatorrak dira eta beti daude laguntzeko prest. Haiek orekatzen joaten dira eta denon artean egiten ditugu proposamenak.
Zuretzako zer da Durangoko Azoka, nola bizi duzu?
Euskal Herrian behar den espazio bat da. Hori kontuan izanda, kritikatu daitezke gauza batzuk, ados nago kritikekin, baina uste dut beharrezkoa dela espazio hori. Uste dut orokortua dagoela diskurtso bat dioena: “Durangoko Azoka, bai, baina nor egon daiteke hor eta nor ez?”. Bai, sartu naiteke hor debatean, eta gauzak beti egin daitezke hobe, baina uste dut oso espazio polita dela.
"Disko baten grabaketan sartzen dira eta jotzen dute hurrengoegunean hilko direla jakingo balute bezala”
Lehen eta orain, desberdin bizi duzu Azoka?
Duela bi-hiru urte arte beti bizi izan dut Azoka publiko gisa. Niretzat, pertsonalki, formatua ez da gauzarik egokiena, jende asko dagoen lekuetan agobiatzen naizelako eta ez zaidalako dinamika hori bereziki interesatzen, baina, aldi berean, pozten nau hein batean. Gazteagoa nintzenean gauza dexente deskubritu nituen Azokan, gero nire gustuen artean mantendu ditudanak
Eta orain, nola bizi duzu?
Musikari gisa pixka bat gogorra egin zitzaidan. Ibil Bedi musika taldean aritzen naiz eta gure kabuz ibiltzen gara. Behin egon ginen Azokan stand erdiarekin eta egia da dinamika hori, egunero ez dakit zenbat ordu egon eta jendea pasa eta abar… pixka bat gogorra egin zitzaidan. Baina, era berean, oso baliagarria izan zen beste musikari batzuk ezagutzeko edo behintzat aurrez aurre kontaktua egiteko. Eta gero, esanen nuke Azoka ez dela bakarrik Landako gune barruan pasatzen dena, baizik eta hortik kanpo gauza asko daudela, harreman asko egiten da, elkarrizketa interesgarri asko sortzen dira, eta uste dut hori, zeharka bada ere, Azokaren eragina dela.
Esan duzu kritika batzuekin bat egiten duzula. Publikoari, kulturazale eta kultur kontsumitzaileei, zer esango zenieke?
Plaza hori inportantea da, baina plaza horretatik harago espazio asko dago Euskal Herrian, momentu asko dago kulturarekin harremana izateko eta pena bat da jende batek kulturarekin duen harremana Azokara murriztea. Horrek pena ematen dit eta uste dut zabaltzen ahal ditugula pixka bat begiak eta gure herriko musika areto, gaztetxe, gune autogestionatu, kultur etxe eta horietan guztietan ere jartzen ahal dugula begia eta uzten ahal dugula dirua. Eta ez bakarrik hartzaile gisa, beti dago tartea antolakuntzan ari-tzeko, niretzako hori oso inportantea da. Beti baloratzen dut pila bat, hartzaile edo musikari gisa bakarrik ez, baizik eta antolatzaile gisa ere dabilen jendea. Errespetu maximoa nire aldetik jende horri.