Síguenos en redes sociales:

DokumentalaINGE MENDIOROZ eta IDOIA GARZES‘Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako’ dokumentalaren egileak

“Lurdes Iriondorekin kafe bat hartu ez izanaren penaz gelditu gara”

Lurdes Iriondo abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferente ere badela azpimarratu nahi izan dute ‘Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako’ dokumentalaren egileek

“Lurdes Iriondorekin kafe bat hartu ez izanaren penaz gelditu gara”TXINTXARRI ALDIZKARIA

Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztearen benetako istorioa ezagutu eta erakutsi nahi izan dute Inge Mendioroz Ibañez (Andoain, Gipuzkoa, 1973) zuzendariak eta Idoia Garzes Aldazabal (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973) gidoilariak Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako dokumentalean. Testigantza ezberdinen bitartez, urteetan zehar transmititu izan dieten neska xalo eta poxpolinaren irudiari buelta bat eman, eta egin zuen lan guztia aitortzea izan da batik bat egileen helburua. Iriondori eginiko omenaldi bat da, baina baita filmean agertzen diren beste emakume guztiei egindakoa ere. Hala, emakume erreferenteen beharra azpimarratu nahi izan dute. 73. Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuten lana, eta azaroaren 14an iritsiko da Hego Euskal Herriko zenbait zinema aretotara.

‘Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako’ dokumentala aurkeztu duzue Donostiako Zinemaldiko azken edizioan. Zergatik aukeratu duzue Lurdes Iriondo?

INGE MENDIOROZ: Mikel Laboa katedrarako lan bat egin nuen, eta bertan aipatu zidaten Lurdesi buruzko proiektu bat egin nahian zebiltzala, baina ez zekiten zer. Orduan, nire kasa iker-tzen hasi nintzen. Ez nekien ezer berari buruz, soilik abeslaria zela. Ikerketa lan sakonaren ostean, zer kontatu asko zuela ikusi nuen eta Idoiarekin jarri nintzen harremanetan.

IDOIA GARZES: Oso jende gutxik du benetako Lurdesen berri. Euskal Herriko herritar arruntoi, hainbat arrazoirengatik, ezkutatu egin izan digute, eta konturatu ginen duela 60 urteko Lurdes hura bezala gogoratzen zela. Beste ikuspegi batetik berreskuratu nahi izan dugu bere figura. Badelako nor Euskal Herrian.

Biografia bat egitetik harago, zein izan da zuen helburua lan honekin?

I.M: Lurdesek bere hitzekin kontatutako biografia azaltzen da dokumentalean, lehenengo pertsonan idatzitako artikulu bat topatu genuelako. Horrez gain, paraleloki, hausnarketa bat egiten da ea zergatik edo nolatan ezkutatu diguten bere pertsona. Horretarako testigantza ezberdinen hausnarketen bidez irakurketa kolektibo bat egin nahi izan dugu.

I.G: Lurdesen bide berdintsua jarraitu izan duten eta nolabait isilaraziak izan diren edo errekonozimendu handirik jaso ez duten beste hainbat emakume ere aipatzen dira dokumentalean.

"Lurdes Iriondoren ezaugarrietako bat da ez zuela elkarrizketarik ematen.”

Inge Mendioroz . Zuzendaria

Zer da urteotan Lurdesi buruz kontatu ez digutena?

I.G: Ideiak oso argi zituen, eta Frankismo garaian, euskal kultura hilzorian zegoenean, kultura hori biziberritu eta transmititzeko lana hartu zuen. Batik bat, jendeari, bereziki haurrei, adierazteko euskaraz ere bizi zitekeela. Iriondo aitzindaria izan zen oholtzara igotzean, bai, baina baita kulturaren transmisioan haurren garrantzia ulertzen ere. Haurrentzako kantuak eta ipuinak bildu zituen. Aurrerakoia eta indar-tsua zen Lurdes, ez zitzaion inporta jendeak zer pentsatzen zuen. Frankismo garaiaren testuinguruan jarri gabe, erabat galtzen da Ez Dok Amairuren eta Lurdesen dimentsioa. Inportantea da emakume hauen lana balioan jartzea egin dutenagatik. Ez bakarrik abesten duten kalitateagatik. Garai hartan, gaztetan oholtza baten gainean herriz herri ibiltzeak gitarra batekin kristoren meritua daukalako. Emakume miresgarria zen Lurdes.

Emakume izateak du, hain zuzen ere, euskal musikagintzaren historian itzalean gelditu izanarekin lotura. Xabier Leteren emaztetzat agertu izan da toki askotan.

I.G: Ile luze eta minigonadun emakume polit, lirain, gaztearen irudiarekin gelditu da. Baina zahartu zen, zimurrak izan zituen, ilea moztu zuen eta bere ideiei tinko lanean jarraitu zuen. Gertutik ezagutu zutenek bere nortasuna nabarmendu dute dokumentalean. Goxo baina tinko defendatzen zituen bere ideiak. Lurdesek garbi zeukan haizetik ez dela inor elikatzen. Profesionalizazioan alde idatzi zuen, gaur egun Lanarteak defendatzen duena. Hori adierazi ondoren entzungo zituen ederrak, baina berak argi zeukan egin beharrekoa.

Dokumentalean txertatuta dagoen argazki historikoetako bat.

Transmititu izan den Lurdes Iriondoren irudian hedabideek eragina izan dutela aipatu izan duzue.

I.G: Hala da. Hedabideek badute ardura horretan, estereotipo horiek errepikatu izan dira beti. Hedabideen aldetik Lurdesen inguruan egon izan diren diskurtso zenbait, adibidez, ezin dira onartu. Bere pertsonaren ikuspegi zabal bat erakutsi behar da. Eta ez bakarrik medioek, instituzioek ere berdin. Ezer egiten ez zuen musa, besteen jainkosa zena... Ba ez, ez zen horrelakoa. Uste dugu horrekin moztu egin behar dela eta gaur egungo diskurtsoak aldatu egin behar direla.

Emakume erreferenteak izatearen beharra azpimarratu nahi izan duzue dokumentalaren bidez.

I.M: Hala da. Jule Goikoetxeak dokumentalean dioen bezala kontua da erreferente horiek existitzen direla, ez ditugula guk asmatu. Egunetik egunera ezagutzen ditugu ezkutatu dizkiguten emakumeak, alor guztietan. Oso pozgarria da baina era berean etsigarria ere bai. Gure aletxoa jarri nahi izan dugu honetan. Ezabatu egin dituzte. Erreferenteak izan baziren, ezkutatu dizkigute, ezabatuz edo isilaraziz.

"Oso jende gutxik du benetako Lurdesen berri. Euskal Herriko herritar arruntoi, hainbat arrazoirengatik, ezkutatu egin digute”

Idoia Garzes . Gidoilaria

I.G: Lurdesen kasuan, Ez Dok Amairu bukatzean taldearen filosofia berdinarekin jarraitzea erabaki zuen, beste bide batzuk hartuz, eta azken finean, hori da ezkutatu digutena. Beste lan guztiari ez diote garrantzirik eman.

Testigantzez osatua dago dokumentala, hainbat dira elkarrizketatuak. Zein ekarpen egiten diote Lurdesen oroimenari?

I.M: Dokumentalean hainbat gai landu nahi genituen, eta horretarako Lurdesen belaunaldikoengana eta ondorengokoengana jo dugu. Ba-tzuek Lurdes lehen pertsonan ezagutu zuten, eta guztiek, bakoitzak bere prismatik, Lurdes nolakoa zen adierazi digute. Hala, Iriondoren profila osatuz Mariasun Landa, Agurtzane Intxaurraga, Jule Goikoetxea, Amagoia Mujika Tolaretxipi... ikus eta entzun daitezke. Horrez gain, esan bezala, Iriondorekin batera garaiko beste hainbat emakumeri egin diogu leku filmean: Maite Idirin, Patxika Erramuzpe edo Estitxu agertzen dira. Maite Arroitajauregi “Mursego”-k, bestalde, Iriondoren kantu baten egokitzapena egin du. Gauza estankatu batean utzi beharrean tradizioa hartu eta bere ekarpena egin dio. Testigantza hauekin ikusten da folklorean geratu beharrean, tradizioak aurrera jarrai-tzen duela, katea eten gabe.

Testigantzen elkarrizketak entzun ostean Lurdes Iriondorekiko zenuten irudia aldatu zitzaizuen?

I.G: Zentzurik eta baikorrenean, prisma bat zen Lurdes, pertsona bizia, mila aurpegi zituen emakumea. Pertsonalki, bera ezagutu ez izanaz edo berarekin gaurko egoeraz eta etorkizunaz hitz egiteko kafe bat hartu ez izanaren penaz gelditzen naiz. Ziur naiz diskurtso oso indartsua zuela.

Zer esango luke Lurdesek, kafe horren bueltan, dokumental honi buruz?

I.G: Auskalo. [Barreak]. Gustatuko litzaidake jakitea ea gustatu zaion, baina zorrotza izango zela iruditzen zait.

Familiari eta ingurukoei esker argazki albumak eskuratu dituzte egileek.

Nolakoa izan da Lurdes Iriondo erretratatzeko sorkuntza prozesua?

I.M: Gorabeheratsua izan da, guztiz. Abentura kamikaze bat. Momentu biziak izan ditugu, baina baita ez hain onak ere. Halako pertsonaia bat erretratatzeak bere beldurrak sortzen ditu, ardura handia sentitu dugu, baina ilusioarekin egin dugu aurrera.

I.G: Desabantaila handiena Lurdesen irudi mugikorrik apenas ez dagoela izan da, eta ondorioz, joste lana mardula izan da. Buruari dezente eragitea egokitu zaigu Lurdesek jorratutako bide artistiko ezberdinak beste emakume batzuen bitartez erakusteko. Hainbat baliabide erabili ditugu, horien artean animazioa, kantariaren naif izaerarekin eta haurrekin izan zuen loturarekin bat eginda. Artxiboko irudiak eta euskal musika eta literaturaren munduko hainbat pertsonaren aitortzak ere baliatu ditugu filma ontzeko.

Eduki hori nola eskuratu duzue?

I.M: Ez Dok Amairu garaiko argazkiak badaude, baina grabaketarik ez da ageri errepresioaren beldur beraiek ez zutelako nahi. Familiei eta ingurukoei esker argazki albumak eskuratu genituen. Horrez gain, Lurdes Iriondori eta beste emakume musikari batzuei egindako kon-tzertu omenaldi bat grabatzeko aukera izan genuen eta txertatu dugu.

I.G: Lurdes Iriondoren ezaugarrietako bat da ez zuela elkarrizketarik ematen. Elkarrizketa bakarrean ageri da, Xabier Leteren aldamenean azaltzen da, baina ez du hitz egiten. Jose Mari Iriondok garai hartako kontzertuen grabaketak utzi zizkigun eta horietan Lurdesen hitzak ageri dira. Narrazioarekin josi eta testu gisa erabiltzeko baliatu ditugu bere hitzak.

Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan Zinemira sailean estreinatu duzue dokumentala. Zein balorazio egiten duzue?

I.G: Emanaldietako sarrera denak saldu ziren eta ez da gutxi. Lurdesek merezi zuen halako leiho handi bat. Gerturatu zitzaizkigunak oso gustura zeuden emaitzarekin. Elkarrizketatuak behintzat pozik gelditu dira eta gu ere gure beldur eta izu guztiak botata lasaitu egin ginen.

I.M: Zinemaldian aurkezteko aukera edukitzea nik behintzat ez nuen inondik inora espero. Estreinaldi egunean bertan, mugikorrera mezuak iritsi zitzaizkidan jendea emozionatuta zegoela esanez, eta eskerrak ematen. Hori jakinda berretsi daiteke bazela garaia halako zerbait egiteko. Gure herriak ezagutu beharreko erreferente bat da Lurdes. Hala, Azaroaren 14an Hego Euskal Herriko zenbait zinematan estreinatuko da proiekzioa.