Gaizka Sarasola (Lesaka, Nafarroa, 1974), idazlea izateaz gain, antzerkigile eta musikaria ere bada. Hainbat arlo jorratzen ditu profesionalki, baina hurrengo hilabeteetan eleberriari. Lehentasuna eman beharko dio proiektua garaiz bukatu ahal izateko.
Zer suposatzen du zuretzat (H)ilbeltza beka irabazteak?
Alde batetik, poza. Proposatutako lagina baloratua izan da, eta horrek poztasuna ematen du. Ardura ere bai, errazena egin baitut hasiera batean, lehenbiziko harria botaz. Orain, lanarekin jarraitu behar da, lanketarekin, eraikitzeko dagoena bukatzeko. Baina, ardura puntu bat eta erronka ere bada. Orain arte, batez ere, antzerkirako idazten aritu naiz, eta narrazio luze batera, eleberri batera, jauzi egiteak ilusioa eta erronka suposatzen du.
Zer konta daiteke proiektu edo eleberri honen inguruan, zerbait konta badaiteke?
Kontatu daitekeena da, batez ere, landa eremuan kokatuta dagoela. Printzipioz, nahiko obra korala dela ikusten dut, fokua pertsonaia ani-tzi emanez. Baina, protagonista nagusia, nolabait, atzerrian bizi eta lan egin eta gero, erretiroa hartuta, sorterrira itzultzen den adineko emakume bat izango da. Landa eremuko herri txiki horretan aztoramendu nagusia bertan dagoen nazioarteko artista famatu batek eragiten du. Eskultura handi bat inauguratuko da, eta eskulturaren prestaketa lanetan sortuko da arazoa. Hori da abiapuntua. Beste ezaugarri batzuk, intriga pixka bat eta nobela beltzaren ohiko edukiez gain, fantasia eta errealismo magikoa dira.
Gehiago jo duzu errealismo magiko horretara, fantasia gehiegi zelako kontakizunerako?
Nik uste dut baietz. Ez dakit auto-kontzientea izan den edo idazketak eraman nauen horretara. Esan bezala, antzerkia idaztera ohituta egonda, errealismo magikoa edo surrealismo puntu hori, modu naturalenean ateratzen zait. Hori da arrazoia, uste dut. Kasu honetan, nobela beltzaren ezaugarriekin edo osagaiekin uztartzen dut.
Eleberriaren lokalizazioa landa eremua da: zergatik, berezko misterioa daukalako edo gaur egungo gizartean landa eremua apur bat ezezagun bihurtu delako?
Agian, batez ere, niretzat ezaguna delako. Alde batetik, ni bertan bizi naiz eta naturalagoa zait horri buruz idaztea, hirigunea edo bestelako paisaia baten inguruan baino. Landa eremua nire ekosistema naturala da. Horrekiko ikuspegia aberasgarriagoa dela esango nuke, arrotzagoa zaidan beste mundu batean sartzea baino. Eta gero, kritika sozialari dagokionez, eremu gatazkatsu bat da zentzu batean. Hortaz, nobela beltzerako leku aproposa dela uste dut.
Ohiko nobelen klixeetatik ihes egin nahi izan duzu liburu honekin. Zeintzuk dira klixe horiek?
Alde batetik, azken boladan, landa eremuan ematen diren istorioak erabat ilunak dira; pertsona zurrunak marrazten dira. Eta, bestetik, erabat komikoa egiten da. Bukolikoa eta komikoa. Badago joera bat; alde batera edo bestera egitea. Nik ez nuke horretan erori nahi. Ez dut nobela bat nahi pertsonai guztiak erabat beltzak edo ilunak izatea, paisaia edo leku bukoliko batean kokatuta.
Ezin da oso iluna kontsideratu nobela orduan?
Ez, ez, nik uste dut umoretik ere izango duela. Ez nuke erori nahi As Bestas bezalako pelikula batean edo antzeko zerbaitetan, zeinetan dena den drama, pertsonaia guztiak erabat itxiak, ilunak, etab. Oreka bat bilatzea da kontua.
Azken urteetan Baztan nobela, pelikula eta bestelako korronte beltzaren mugarri bihurtu da. zer dauka berezia alde horretatik?
Bai, kar-kar-kar; nik ere ez dakit. Egia da basoak eta herriak leku ederrak direla, irudi bukoliko bat dauka, eta horrek krimenak sar-tzea errazten du, agian. Baina, ez dakit. Nik ez dut idazten Baztanen pentsatuz.
Idazlea izateaz gain, antzerkigilea eta musikagilea ere bazara. Denak dauka lotura bat?
Bai, aldea dago. Normalean, an-tzerkian, eszenak, ekintzak eta elkarrizketak dira. Liburuaren kasuan, deskribapenak, barne gogoetak, etab. Ez da erabat desberdina, baina aldea dago bai.
Eleberria idazteko urtebete daukazu. Presioa suposatzen du horrek edo ondo daramazun zerbait da?
Erantzungo dizut hemendik hilabete batzuetara, kar, kar, kar. Momentuz presio puntu bat suposatzen du, baina uste dut eramangarria dela. Hala ere, hemendik sei hilabetera erantzungo dizut eramangarria den edo ez. Muga bat edo epe bat jartzea, beti ere onura bat da, baina presio puntu bat ere bada. Ni idazten hasia nin-tzen; argi nuen beka eskuratu zein ez buruan nuen lan honekin jarraituko nuela eta amaiera emango niola, baina nire erritmora. Orain ez da izango nire erritmoa, baizik eta beste erritmo bat kar, kar, kar.
Hala ere honek ez du suposatzen zure beste arteak alde batera utziko dituzula, ezta?
Ez, ez. Hori bai, denbora justua izango dut eta mugatuagoa, baina, adibidez, uda honetan idazketari lehentasuna eman beharko diot.