Síguenos en redes sociales:

Nerea Alias‘Intimitatean’ saioaren aurkezlea eta zuzendaria

“Neuk ere neure intimitatea erakusten dut, beste modu batera egitea ezinezkoa litzatekeelako”

Hamabi ataletan, hamahiru emakume elkarrizketatuko ditu Nerea Aliasek Primeran plataformaren ‘Intimitatean’ saioaren bigarren denboraldian. Gonbidatuak ez ezik, aurkezlea bera ere bete-betean zabaltzen da

“Neuk ere neure intimitatea erakusten dut, beste modu batera egitea ezinezkoa litzatekeelako”Begira produkzioak

Asko dira Primeran plataforma digitalak eskaintzen dituen ikus-entzunezko edukiak, eta horren artean dago Intimitatean saioa. Nerea Alias telebista aurkezlea du gidari, eta hamaika elkarrizketatu gonbidatu. Lehenengokoaren segidan iritsi da bigarren denboraldia, eta horrekin batera, protagonista berriak. Sofa pare bat, jatekoa eta edatekoa, eta hamahiru emakume eta hamabi elkarrizketa. Hori dakar herritarron pantailetara Intimitatean saioaren bigarren denboraldiak, eta izenburuari hutsik egin barik, intimitatean egindako konfesio ugari.

Nerea Alias, ikusgai dago Primeran plataforma digitaldean ‘Intimitatean’ saioaren bigarren denboraldia. Zer da zuretzat proiektu hau? 

Ziur aski, nire proiektu pertsonalena dela esango nuke. Zuzendari eta aurkezle naizenez, hasieratik bukaera arteko prozesu osoan sartuta nago; beraz, nire inplikazioa erabatekoa da. Oso-oso proiektu berezia da niretzat, azken finean, nik pentsatua eta nik sortua delako. Orduan, niretzat hori da, nire lanbidean, nire alaba txikia.

Eta proiektuaren hastapenetara eginez… nondik sortzen da ‘Intimitatean’?

Intimitatean nik buruan neukan ideia batetik sortzen da. Gogoa neukan proiektu hori azaleratzeko, eta horrelaxe sortu zen. Besterik gabe, idatzi egin nuen, gero aurkeztu, eta azkenean, proiektua aurrera atera zen. Dena hasi zen, nolabait esateko, hutsune bat edo senti-tzen nuelako. Izan ere, iruditzen zitzaidan momentu hartan ez nituela aurki-tzen nik kontsumitzeko moduko elkarrizketak euskaraz. Adibidez, espainiar estatuan bazeuden podcastak, elkarrizketak, ikus-entzunezkoak… bai telebistan, bai sare sozialetan. Hala ere, hemen eginik, euskaraz eta emakumeak protagonistak zituenik ez nuen aurkitzen. Hori horrela, nik kontsumitu nahi nuen edukia sortu nuen.

Euskaraz mintzo zarete guztiok, bai, baina badute komunean beste ezaugarririk ere lehenengo zein bigarren denboraldiko elkarrizketatuek; guztiak emakumeak dira, denak emakumeak zarete. Zergatik erabaki zenuen emakumeak soilik elkarrizketatzea?

Emakumeak elkarrizketatzearena, batik bat, izan zen afinitatea izan nahi nuelako gonbidatuekin; niretzat oso garrantzitsua zen hori, kidetasun hori lortzea, eta, normalean, nik afinitate gehiago izaten dut emakumeekin. Dena den, horrez gain, hala izan zedin nahi nuen, uste dudalako askoz ahots gutxiago ematen zaigula emakumeoi, orokorrean.

Afnitatea aipatu duzu, eta proiektuaren izenburuak “intimitate” hitza jaso-tzen du. Hala ere, zer da zure ustez elkarrizketatuek aurkitzen dutena zuregana grabatzera doazenean? Zertarako espazio bilakatzen da?

Espazio fisikoari dagokionez, lekua bera telebista plato bat da, azken finean; baina, ohikoa baino askoz ere intimoagoa da. Nik nire etxea irudikatu nahi nuen bertan; nire txokora gonbidatu nahi nituen, zeinetan gonbidatuek giro goxoa aurki zezaten gura nuen. Ohiko telebista plato bat nahiko hotza iruditzen zitzaidan, eta pentsatu nuen polita izan zitekeela leku goxo hori irudi egindako egongela batean aurkitzea. Normalean, ni, adibidez, etxean nire lagunekin elkar-tzen baldin banaiz, sofan egoten gara, zerbait jaten, edaten, gure gauzak kontatzen. Momentu eta toki hori zen, hain justu, bilatzen nuena. Gonbidatuek, normalean, telebista plato bat ikusten dute, baina saiatzen gara hasieratik bukaerara arte beraiekin daukagun harremana askoz ere gertuagokoa izan dadin. Hala, oso giro goxoan egoten gara; oso lantalde txikia gara, eta maitasun handiz zain-tzen ditugu guztiak. Ez da nire etxea, ez, baina bada nire espazioa, beraz, nire etxean egongo balira bezala zain-tzen saiatzen naiz, goxo eta maitasunez. 

Maddalen Arzallus elkarrizketatu du Aliasek.

Ez dakit aipatzen duzun maitasun hori den, lekua ote den, zu zaren, edo beraiek diren… baina gauza da elkarrizketatuek beraien intimitateak kontatzen dituztela, beraien alde pertsonala ageriagoan utziz. 

Lantaldean saiatu gara aipatutako harreman eta giro hori lortzeko asmoz, ezaugarri eta baldintza ba-tzuk kontuan hartzen; esaterako, argiztapena badago platoan bertan, baina gero, gainontzeko guztia iluntasunean eta isiltasunean dago. Eskaintzen diegu jateko eta edateko, beraiek nahi duten hori. Harremana, adibidez, hasiera-hasieratik bakarrik nirekin izaten dute; produkzioko langilea oso berandu jartzen da haiekin harremanetan. Izan ere, horrelako hartu-emanak oso inportanteak dira beraiekin konfiantzazko harremanak sortzeko. Guk baditugu ondo funtzionatzen diguten nolabaiteko jarraibide batzuk; horiek jarraitu genituen lehenengo denboraldian, eta baita bigarren honetan ere. Aipa-tzen dudan hori guztia lortzeko, azkenean, oso inportantea da beraiek eroso sentitzea eta gutxieneko konfiantza ematea, beraiek gero, bere barneak zabaltzeko. Bestela, ezinezkoa litzateke.

Nerea Alias eta Lur Errekondo.

Elkarrizketatuek bai, husten dituzte beraien barneak. Eta Nerea Alias ere momenturen batean edo bestean zabaltzen al da?

Neuk ere nire intimitatea erakusten dut, zalantzarik gabe; uste dut hori ere gako garrantzitsua dela, beste modu batera eginda, ezinezkoa li-tzatekeelako. Nik ez badiet ematen nire partetik, beraiek ere ez dute berea emango, eta ez dira zabalduko. Orduan, bai, inportantea da nik ere zerbait kontatzea, gero beraiek animatu daitezen. Ez bagenu hala egingo, azkenean, elkarrizketa arrunt bat lortuko genuke; alegia, elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile baten artekoa. Baina, nire asmoa zen elkarrizketak erabatekoak izatea; lagun biren arteko solasaldi bat irudikatu nahi nuen, hizketaldi bat non bien arteko aitorpenek lekua duten. 

Solasaldi horietan egon al da bereziki hunkitu edo harritu zaituenik?

Beharbada, harritu, lehenengo denboraldian gehiago harritu nintzen, eta bigarren denboraldi honetan, again, ni sentikorrago nagoelako-edo, gehiago emozionatu naiz. Istorio guztiak izan dira oso interesgarriak, baina egia da, bigarren denboraldi honetan, akaso, gonbidatu gehienek programa ezagutzen zutenez, aldez aurretiko jarrera onarekin etorri direla, eta, egia esan, oso eskertzekoa da. Lanketa askoz sinpleagoa da zentzu horretan. Beraiek ezagutzen dute saioa, eta datozenean badakite zertara datozen, eta lana asko errazten dute. Badakite zer lortu nahi dugun. Sofan esertzen den gonbidatuak badaki Nerea Aliasek zer bilatu nahi duen, eta orduan, zentzu horretan, askoz errazagoa izan da bigarrengo denboraldi hau, eta niretzat askoz hunkigarriagoa izan da. Negar, behin baino gehiagotan egin dut. 

Nerea Alias eta Twin Melody ahizpak.

Eta oraindik ikusi ez dugun horretatik zerbait ezberdina edo iritsiko zaigu bigarren denboraldian?

Eduki aldetik oso antzekoak dira lehenengo eta bigarren denboraldiak. Saioak guztiz diferenteak dira, atal bakoitzean istorio diferenteak kontatzen ditugulako. Hamahiru elkarrizketatu dira protagonista oraingo denboraldian, hamabi ataletan banatuta. Nik jendea animatuko nuke bertotik Intimitatean ikustera, ze, azkenean, emakume ezagunak dira denak, baina benetan oso ezezagunak dira guretzat. Niretzat inportantea izan da pertsonaia eta pertsona ezberdintzea saio honetan. Datozenean, pertsonaia izatetik pertsona izatera pasatzen dira. Gehienetan, trantsizio bat bezala ikusten da programan, ezta? Esertzen dira, esertzen da gehienetan profesionala, eta bukatzen du pertsona bezala. Eta oso polita da hori ikustea, nola beraien maskara ere ken-tzen duten eta mundura zabaltzen diren, benetan nolakoak diren erakutsiz. Orduan, hori lortzea oso polita da. Batzuetan, errazago lortzen da beste batzuetan baino. Baina, orokorrean, asmoa hori izaten da, eta lortzen ari gara.

Orain, zu eta biok intimitatean gaudela aprobetxatuta, aitortuko didazu zerbait? Ausartuko zinateke esatera, adibidez, oraindik elkarrizketatu ez duzun nor elkarrizketatu nahiko zenukeen?

Aprobetxatuko dut esateko Itziar Ituñori gonbitea luzatu nahi diodala. Izan ere, bi denboraldietan saiatu naiz, eta, normalean, nik beraien kontaktu zuzena baldin badut, beraiei deitzen saiatzen naiz. Baina, Itziar Ituñorekin ez dut eduki harreman ez pertsonalik, ez profesionalik, ez dugulako inoiz elkarrekin lanik egin, edo ez dugulako koinztiditu. Saiatu naiz bere agentearen bitartez elkarrizketa hori lor-tzen, baina data kontuak tarteko edo, ezin izan du inoiz. Edo hori esan didate niri, behintzat. Baina, nik kristoren gogoa daukat Itziar nire sofan esertzeko eta elkarrizketa sakon bat edukitzeko berarekin, iruditzen baitzait kristoren emakumea dela eta elkarrizketa oso polita eman dezakeela. Gustura eseriko nukeen norbait da.

Zu zara kasu honetan elkarrizketatzailea. Baina sofaren bestaldean eseriko bazina, zure ustez, nork egingo luke ondo elkarrizketatzailearen papera?

Nik uste dut informazio asko atera ahal didan norbait nire eskuin eskua den Virginia Maraña izan daitekeela. Intimitatea saioan, nirekin batera, gidoilari eta zuzendaria da, eta nik uste dut berak elkarrizketa ona egingo lidakeela. Elkarrizketatzaileak ezaguna izan beharko balu, again, uste dut Barbara Goenaga oso aproposa izango litzatekeela; gainera, pribatuan aipatu zidan prest legokeela horretarako.