HONDARRIBIKO (Gipuzkoa) hilerria 2018ko uztailaren 28an. Hilobi bat eta jende andana inguruan. “Bere garaiko hondarribiar askok ez zekiten zer gertatu zen herriko seme honekin eta gazteagoek askok eta askok ez zekiten izan zenik ere. Eta harrigarria bezain mingarria egin zaigu bere bizitza ezagutzea eta ikustea zeinen gutxi ezagutzen ditugun gure historia, gure herrian gertatu direnak eta gure herritarrek egindako lanak”. 

Espainiako Alderdi Komunistako buru izandako Jesús Carrera Olascoagari buruz ari dira. Jesús Carrera: Hondarribiko Gorria dokumentalaren hasierako eszena bat da. Aitor Baztarrikak, ikus-en-tzunezko kazetariak, Carreraren memoria jaso du dokumentalaren bidez, eta hilaren 31n, 19:00etan, Hondarribiko Itxas Etxea Auditoriumean aurkeztuko du.

Bizitza laburra izan bazuen ere, gertakari historiko eta politiko ugari bizi izan zituen eta ibilbide politiko oparoa izan zuen Carrerak. “Ikaragarria da hogei urtetatik hogeita hamar urtetara egin zuen guztia”, esan du Baztarrikak. 1991. urtean jaio zen, Hondarribian, eta 1945ean Alcala de Henaresen (Espainia) preso zegoelarik fusilatu zuten Carrera. Dokumentalean diotenez, ihes egiten saiatu zen arren, ezin izan zuen, jasandako torturen ondorioz, osasun egoera txarrean zegoelako. 

Espainiako II. Errepublikan hasi zen Carreraren ibilbide politikoa. Hogei urterekin UGT sindikatuko kide egin, eta handik gutxira, Irungo gazte komunisten idazkari politiko bilakatu zen. Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari sindikal gisa ere aritu zen. Horrez gain, gerra komisaldegiko kide izan zen gerra zibilak Donostian harrapatu zuenean.

Gernikako Arbola batailoiko komandante izendatu zuten. Kantabrian, Asturiasen eta Herrialde Katalanetan ibili zen eta PCEko Idazkari Nagusia izendatu zuten. 1943ko martxoaren 15ean, beste militante batzuekin batera, atxilotu, torturatu eta Alcala de Henareseko kartzelan sartu zuten. Zenbait ihesaldi saiakeraren ostean, 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten.

Ostean, Madrilgo hobi komun batean lurperatu zuten beste lau pertsona batzurekin batera. Carreraren familiak desobiratze prozesua abiatu, eta 2018. urtean, Hondarribira, jaioterrira, itzultzea lortu zuen. “Torturen ondorioz belauna txikitu zioten. Belaunean zuen lesioarengatik eta DNA probari esker, Jesus Carrera zela ondorioztatzea lortu dute”, azaldu du Baztarrikak. Desobiratze prozesutik tiraka, Hondarribiko Gorriaren bizitza kontatzen du dokumentalak. 

Isilpean

Hondarribikoa da Baztarrika bera ere, baina ez zuen Carreraren berririk. Laguna duen Aitzol Arroyo historialariak Carrera nor den azaldu, eta ETB1eko Ur handitan programan egiten ari zen memoriaren inguruko saio batean sartzeko proposatu zion. Azkenean gauza batzuen eta besteengatik ez zuten egin. “Esan zidan Hondarribikoa eta komunista zela. Horrek harritu ninduen, Hondarribia herri langilea baino burgesa delako. Justu historia ikasten ari nintzenez, horrekin zerbait egin behar genuela pentsatu nuen”, kontatu du Baztarrikak.  

Jesús Carrera PCE Espainiako Alderdi Komunistako buru izandakoaren antzineko irudi bat. AITOR BAZTARRIKA

Ikus-entzunezko lan ugari egin ditu, eta dokumental bat egiten duen lehen aldia da: “Ikaragarrizko ohorea izan da eta ilusio handiz egin dut”. Pertsona askoren artean egindako lana bada ere, zuzendaritzaz, gidoiaz, muntaiaz eta ekoizpenaz arduratu da: “Momentu batzuetan gehiegi zela sentitu dut, baina proiektu pertsonal gisa hartu dut”. 

Lehenengo urratsa desobiratze prozesua grabatzea eta familiarekin mintzatzea izan da. Haiei esker lortutako informazioaren bidez, poliki-poliki materiala bildu, eta ibilbide politikoa osatzen joan da: “Hasieran ez genuen oso argi zer aterako zen. Familiak Carreraren gorpua exhumatzeaz gain, osabaren bizitza ezagutarazi nahi zuen eta ahalik eta gehien zabaldu”. Horretarako, Carreraren ilobak elkarrizketatu ditu: María Carrera eta Xabi Carrera.

“Maríak goxoki denda bat dauka, eta txikitatik beti erosten genituen goxokiak; orduan, erraza izan da harengana iristea”. Prozesu guztia “errespetuz” egin duela nabarmendu du: “Neurtzen eta akonpainatzen joan naiz, ilobentzat mingarria izan zitekeelako. Azkenean, isilarazita egon den istorio bat azaleratzean zauriak ireki daitezke. Horregatik, etengabe galdetu diet zer nahi zuten eta zer ez”. 

Ilobek ez zuten osaba ezagutu, eta herrian zein familian deus gutxi hitz egiten zen gaiaren inguruan: “Gerora jendeak edo gizarteak ezagutu dituen beste figura batzuk ez bezala, hau guztiz ezkutuan zegoen. Herrian bertan ez dakite Carreraren existentziaz eta familian ere ez zekiten asko. ‘Bai, gure osaba komunista zen’, esaten zuten, baina ez zekiten askoz gehiago”.

Carreraren neba-arrebek ere ez zuten apenas ezagutzeko aukerarik izan, oso gutxitan eta denbora tarte laburrez egoten zelako etxean. Maria Carrerak aitak kontatutako pasarte bat kontatzen du dokumentalean. Bertan azaltzen du, behin, goizeko ordu txikitan, amonak aita esnatu zuela anaia etxean zenez, ezagutu ahal izateko.

Horrez gain, ia ez dago Carreraren irudirik; soilik lauzpabost argazki. Horietako bat, arreba bati bidalitako gutun batean sartu zuen argazki bat da. “Garai horretako irudi gutxi daudenez, aurrekontuaren parte handi bat testuingurua azaltzen duten irudiak erosten inbertitu dugu”, azaldu du Baztarrikak. Horrez gain, narratzaile baten ahotsa, elkarrizketak eta artxiboko irudiak eta bideoak uztartuz “dinamismoa” ematen saiatu da: “Oso zaila da sentimenduetan sakontzea ia informaziorik ez dagonean”. Bizitza pertsonalaren inguruko informazio urria dela eta, izaeran baino, bizitza politikoan sakondu du gehiago. 

Sumarioa ardatz

Dokumentala egiteko iturri nagusia poliziak Carrera atxilotu zueneko sumarioa da. Arroyo sumarioa aztertzen ibili denez dokumentalerako elkarrizketatu du. Carreraren adierazpenaz gain, beste hogeita hamazazpi militanteren adierazpenak jaso-tzen ditu sumarioak. “Kontuan hartu behar dugu ere torturapean egindako adierazpenak direla; beraz, kontaketa egiaztagarria den arren, agian, xehetasun batzuk bestelakoak dira, beharbada gauza batzuk isilean gorde zituelako babestearren”, azaldu du Baztarrikak. 

Sumariotik aterako informaziotik eta Arroyori eta senideei egindako elkarrizketatik abiatuta idatzi du gidoia dokumentalaren egileak. Carrerak garai historiko bizi eta lurralde asko ezagutu zituenez, horiek guztiak jasotzea eta ordena-tzea “erronka handia” izan da: “Etengabeko eraldaketa batean zegoen: Espainiako II.Errepublika, gerra zibila eta Gernikako bonbardaketa bizi izan zituen, Santanderren, Asturiasen eta Katalunian ibili zen eta erbestean naziengandik eskapu egin behar izan zuen”. 

Beste dokumental batzuetako informazioarekin, agiriekin eta adituei elkarrizketak eginez, informazioa kontrastatu, eta sumarioan ager-tzen dena egiaztatzen joan da. Hala nola, Mertxe Tranche ikertzailea, Carlos Fernández Espainiako Alderdi Komunistaren historian aditua, Aitor Azurki kazetari eta Mercedes Yusta Espainiako Historia Garaikideko katedraduna elkarrizketatu ditu.

Genero aldetik, parekidetasuna bilatzen saiatu den arren, “zaila” izan da: “Oreka lortzen saiatu gara, baina ez dugu lortu; ikerlari gehienak gizonak ziren”. Hizkuntza aldetik ere oreka bilatu dute; horregatik, Euskal Herrian egindako elkarrizketetan euskara lehenetsi dute eta Herrialde Katalanetan katalana. 

Desobiratze prozesutik tiraka, Hondarribiko Gorriaren bizitza kontatzen du dokumentalak. AITOR BAZTARRIKA

Adituez gain, Marcelo Usabiaga, Sixto Agudo, Teresa Harina, Calixto Pérez-Doñoro eta Luis Alberto Quesadaren, Carrreraren kamarada izandakoen, testigantzak ere jasotzen ditu dokumentalak. Horien artean, Teresa Harinaren izena azpimarratu du Baztarrikak: “Emakumeak ere izan ziren klandestinitatean alderdi komunista berregitura-tzen”. Harina kartzelan sartu zutenean, ondoko ziegan Carrera zegoen. Dokumentalean kontatzen du jasandako torturen ondorioz, Carrera isil-isilik zegoela eta ez zela gai mintzatzeko.

Carreraren ibilbidea ezagutaraztea eta memoria omentzea dira dokumentalaren xedeetako batzuk. Izan ere, Baztarrikaren ustez, garrantzi-tsua da militante guztiak omentzea. Gainera, Espainiako Alderdi Komunistako buru izanik “asko harritu” zuen jendeak deus ez jakiteak Carreraren bizitzaz: “Isiltasun absolutua eta ezjakintasun handia dago. Nola da posible inork ez ikertu izana?”.

Gaineratu du oraingo testuingurua ezagutzeko “ezinbestekoa” dela iraganari begiratzea: “Kasu batzuetan istorio batzuekiko desinteresa egon daiteke mina dagoelako, politikoki figura batzuk interesik pizten ez dutelako edota ez delako komeni”. Horregatik, behin dokumentala amaituta ahalik eta gehien zabaldu nahi du Hondarribiko Gorriaren memoria.