Jakina da gizakiak existitzen ez diren lekuetan mugak ezar-tzea gustuko duela. Inspirazioz larri dabilenean, eskuaira eta kartaboia hartu eta marra zuzenak marrazteari ekiten dio, Afrikako herrialde askotan ikus daitekeen bezala. Besteetan, mapa ebakiko duen lerroa pixka bat justifikatze aldera, naturan bilatzen du beste inon topatu ezin duen aliatua. Halako leku bat da Desaguadero ibaia. Alde batean, Bolivia, eta bestean, Peru, baina bi aldeetan Desaguadero herrixka, bi aldeetan jende berbera.

Izen hain argigarria daukan herrixka hau Titikaka lakuaren tapoia dela esan daiteke, beste azalpen fisiologikoren bat saihestearren. Andeetako mendi elurtuetako ur tantak Titikaka lakuan biltzen dira eta gainezka eginez, Desaguadero ibaian behera joaten dira ilusio handiz itsasoaren bila. Koitaduak, ez dakite sakonune endorreiko baten daudela, eta, hortaz, ez dutela sekula santan itsasorik ikusiko. Titikaka Hego Amerikako ur gezako aintzirarik handiena dela jakinda, pentsa liteke Desaguadero ibaiak emari mardula izan dezakeela, baina ez da hala; izan ere, lakuak galtzen duen uraren %90-95 lurrunketa bidez egiten du. 3.812 metroko garaieran, Inti jainkoa hain gertu izanda, bide zerutarra hautatzen dute ur tanta gehienek. 

Tapoia ez ezik, merkataritza biziko gunea ere bada herrixka, eta hori atzean utzita, lakuaren Peruko aldean barneratu gara. Punora iritsi gara, laku ertzeko hiririk handienera. Adinean aurrera doazen gizon batzuk ikusi ditugu Inken garaikoak izan zitezkeen rickshaw (bizikleta taxi) ba-tzuen pedalei eragiten. Rickshaw horietako batean hiria ezagutzea otu zaigu. Badaezpada ere presarik ez dugula adierazi diogu gidari-txirrindulariari, bihotzekoak eman ez diezaion. Izan ere, Puno munduko bost hiri garaienetako bat da eta edozein esfortzu egiterakoan oxigeno falta segituan nabari da. Gure gidaria lasai antzera doa, ia txistuka, nik uste Frantziako Tourrean edozeini aurre egiteko sasoia duela, hematokritoz gainezka baitago.

Amantaniko uharteko biztanleak jantzi tradizionalekin Eneko Eizagirre

Goizean Punoko portura gerturatu gara eta bertan ehunka txalupa ikusi ditugu, bisitariak aintzirako misterioetara barneratzeko prest. Hain prest ez dagoena albo batean porturatura dagoen SS Ollanta lurrunontzia da: 1931ean Ingalaterran eraikia, jarraian desmuntatua, hona garraiatua eta 2.200 tonako puzzle bilakatu zena. 

Puno inguruko laku zatia ez da gainazal urdin zabal bat, ihiz eta belarrez beteriko urmael baten antza du gehiago. Labirintoan irekitako kanalari jarraika, zabalgune batean agertu gara eta hortxe agertu dira uharte flotagarri bitxi batzuk. Txalupa bakoitzak hitzartua du zein irlatarara joan, eta bertako biztanleak bisitarien zain daude euren jantzi tradizional dotoreenak soinean eta auskalo non eginiko artisau objektuak txukun-txukun erakusten. Egia da, zirku plastifikatu itxura du egoerak, baina ezin uka daiteke bitxiak, oso bitxiak direla irla hauek. Totora izeneko landare baten sustraien fardoak lotuz eraikitzen dituzte uharteak, eta horrekin batera etxolak, aterpeak eta baita txalupak ere. Dena material bera erabiliz.  

Titikakaren ikuspegia Amantani uhartetik Eneko Eizagirre

Praktikotasun gutxiko lekuak dirudite, dena ur gainean, dena hauskorra, dena efimeroa, baina kondairak dio Uru etniako pertsonak bizitza flotagarriaren hautua egin zutela beste etnietako etsai batzuengandik urrun- tze aldera. Gaur egun gatazka horiek iraganeko kontakizunetan gelditzen dira, baina Titikaka lakua etnia ezberdinen kontaktu leku izaten jarraitzen du. Irla batzuetako biztanleak aimarak dira, beste batzuetakoak kitxuak, eta irla flotagarri hauetakoak, aldiz, uruak.

Elkarrekin, baina ez oso nahastuta, talde bakoitzak bere kultura eta usadioei ahal bezain tinkoen eusten die, turismoaren olatuari hala nola eusten, baina, era berean, dakarren indarraren txanpa aprobetxatu nahian. Munduko laku nabigagarri garaienean ia pare bat orduz nabigatuta, Amantani uhartera iritsi gara, Titikakako bigarren irlarik handienera. Irla hau, Taquile bere uharte bikiarekin batera, ezaguna da ehungintza maisulanengatik. 

Punoko rickshaw batean igota Eneko Eizagirre

Bertan, turismoa kudeatzeko nekazaritza turismo sistema bat dute garatua, eta guk kitxua bikote heldu baten etxean hartu dugu ostatu. Etxekoandrea lotsatuta dabil hasieran, bere ama hizkuntza ez denarekin ez baita eroso sentitzen. Euskarari buruz hitz egin diogu, gure ama hizkuntzarekin bizi dugun egoeraz eta horren inguruko gatazkez, eta gaztelania gure arteko lingua franca besterik ez dela izan azaldu diogu. Hori entzunda eta munduko txoko guztietan gertatzen den legez, afari osteko mahai-inguruan sortzen den patxadaz, euren eguneroko bizitzari buruz apur bat ikasteko parada izan dugu.

Ilunabarrean Pachatata eta Pachamama tontorretatik itzuli bat egiten geundela, eguzkiak, Intik, azkenengoz agurtu gaitu lainoen artetik keinu eginez. Oxigeno faltarekin eta soilik halako leku batek sor dezakeen barne lasaitasunaz, lausotu egin da gure aurrean dugun lurraren eta zeruaren arteko muga.