Bost kidez osatutako Sarrabete folk musika taldeak Txori Arraina deituriko bigarren diskoa plazaratu berri du, eta Bilboko Campos Eliseos antzokian aurkeztu zuen joan den astean. Gorka Bravo (Gasteiz, 1984) Sarrabeteko gurpildun arrabita jo-tzaileak adierazi duenez, disko horren atzean istorio bat ezkutatzen da.

Argitaratzen duzuen bigarren albuma da ‘Txori Arraina’. Nolako sentsazioa daukazue lehenengoarekin alderatuta?

Disko kontzeptuala izan gabe, landuagoa dagoen diskoa da hau: denbora gehiago eduki dugu, sortzeko aukera gehiago, talde grabaketa bat zegoen… Lehenengo diskoa lehen disko bat zen: berez daukagun soinua bilatzen ari ginen bertan, baina bigarrenerako bagenekigun zein soinu daukagun eta nora joan nahi dugun.Oraingoan, letrak askoz sakonagoak dira.

Zergatik hartu duzue diskoa horrela deitzeko erabakia?

Diskoak bi neskatoren istorioa konta-tzen du: biak ospitale batean giltzaperatuta daude eta leihotik itsasoa ikusten dute. Azkenean, ihes egiten dute, leihotik salto eginez, txori arrain hori izanez. Batzuetan ez gara ez beltzean ezta zurian sailkatzen, grisak ere baitaude.

‘Non galdu gaitezken’ kanta amodiozkoa dela uler daiteke. Zein da honen bidez helarazi nahi duzuen mezua?

Letra Iratirena da, beraz, nik interpretatzen dudana esango dut. Abestiak ezkutuan egon behar izan den amodio bati buruz hitz egiten du. Horrez gain, fokuetatik kanpo geratu diren amodioez hitz egiten du, horiek gaizki ikusita daudelako.

‘Alzheimer’ kantak gaixotasunetik haratago hitz egiten al du?

Egia esan, ez du gaixotasunarekin zerikusirik. Ez du pertsonen alzheimerraz hitz egiten, baizik eta gizartearen alzheimerraz: aurpegiak ahazten zaizkigu, helduez ahazten gara, baita jendeak egin duenaz ere. Gainera, memoria historikoarekin ere zerikusia du: herri batek duen historia ahazteko ahalmena daukagula eta beste askok guk ahaztea nahi dutela kontatzen du.

Hiru abesti musikaz soilik osatuta daude. Zergatik?

Egia esan, hartu dugun erabakia letra gehiago sortzea izan da, taldea jatorriz instrumentala baita. Horregatik, disko honen berritasuna hori da: abestutakoa gehiago dela instrumentala baino.

Beraz, soilik nstrumentalak diren abestiek eta letrek emozio edo sentsazio berdinak transmititzen dituztela esango zenuke?

Egia da letrak dituzten kantak agerikoagoak direla. Instrumentala den kanta bateko interpretazioa libreagoa da: beti daukazu une horretan nahi duzun eremura eramateko aukera.

Argi dago abestiak metaforez josita daudela. Adibidez, ‘Ke seinaleak’ kantan txinpartak aipatzen dituzue, eta zera esaten duzue: “Oihuka ezin denean txinpartak dute boterea”. Zer esanahi hartzen dute txinpartek kantan?

Letrak ke seinaleekin jokatzen du. Azken finean, oihu bat pertsona baten laguntzarako deia da. Izan ere, hitzak ez dituzunean, arreta deitzeko modua etxeari sua ematea da. Beraz, ke seinale horiek etxe horretatik ateratzen den kea islatzen dute.

Kanten ordenak entzulearengan eraginik al dute?

Guk ahalegin guztiak jarri ditugu diskoa antolatzeko orduan, bai kon-tzertuetan baita grabaketetan ere. Oso zorrotzak gara abestiaren ordena hautatzerakoan: zein doan lehenengo, zein ondoren. Guzti hau giro zehatz bat sortzeagatik egiten dugu: ez dugu dena ondo dagoela adierazten duen abesti bat dena txarto dagoela adierazten duen baten aurretik jartzen, garapen bat egon behar baita. Guri ez zaigu gustatzen abestiak egitea egite hutsagatik. Abestiak testuinguru baten barruan sortzen ditugu. Hau da, argumentu-lerro bat jarraitzen dute, zergati bat dago, gai ezberdinak jorra-tzen ditugu baina ez modu aleatorioan: letrek zerbait gehiago esan nahi dute.

Diskoan Teresa Jareño musikariarekin osatutako bi kanta daude, eta Oreka Tx taldearekin eta Xabi Aburruzaga musikariarekin beste bat. Nolakoa izan da beraiekin elkarlanean aritzea?

Horiekin guztiekin lan egitea primerakoa izan da, azken finean, proiektua gustatu zaien artistak ere izan direlako. Adibidez, Oreka TX taldekoek musikaren munduan gauza asko egin dituzte, beraz, gurekin kolaboratzea animatu izana ohore bat da, eta beraien alde asko esaten du. Gainera, kontuan hartu behar da gu azalera-tzen ari garen talde bat garela eta ez gaituztela hainbeste ezagutzen. 

Nolakoa izan da Bilboko Campos Eliseos antzokian egin duzuen aurkezpena?

Egun berean, Berto Romeroren saioa zegoen antzoki berean, eta Athleticek ere partidua eduki zuen; gainera, euria ere ari zuen... Hori dena kontuan hartuta, beraz, gure saioa primeran joan zen. Aurkezpen polita izan zen, Xabi Aburruzagaren (diskoaren ekoizlea), Teresa Jareñoren (alboka jotzailea) eta Garazi Egigurenen (dantzaria) lankidetzarekin. Egia esan, publikoaren harrera oso ona izan zen.