Kirola eta dantza uste baino hurbilago dauden bi diziplina dira. Biek erabiltzen dute gorputzaren mugimendua oinarritzat, baina bakoitzak helburu jakin batekin. Are gehiago, azken berrien arabera, bi munduek bat egingo dute 2024an: Parisen ospatuko diren hurrengo urteko olinpiadatan, lehen aldiz, Break Dance kale dantza beste kirol diziplinekin batera egongo da. Hala ere, orain arte, bi munduak batzen ziren erdi puntua zirkua kontsideratu izan da. Bertan ikus zitezkeen ekintzek kirolaren diziplina eta dantzaren artea batzen zituzten, ikuskizun ahaztezin bat sortzeko nahiarekin. Maitane Sarralde erdi puntu horretan dago: dantzaria da izatez, baina kirol munduko formakuntza dauka. Bi ezagutzak bateratuta dantza bertikalaren diziplina garatu du, Desanuda izeneko ikuskizun ikusgarri bat garatuz. 

“Betidanik nahiko kuriosoa izan naiz eta hainbat gauza egin izan ditut. Beti gorputzarekin eta mugimenduarekin kontaktuan egon naiz. Bestalde, baneukan artistikoki sentsibilitate edo gustu bat eta momentu batean biak bildu ziren, batetik mugimendua eta gorputza eta, bestetik, espresio artistikoa edo sorkuntza”, azaldu du Sarraldek. Kirol munduari lotutako ikasketak burutu zituen, baina, era berean, zaletasunari tiraka, antzerkia edo aireko ariketak ezagutuz joan zen. Inolako asmo profesionalik gabe, bere aisialdia betetzen zuten ariketak ogibide bihurtzen hasi ziren poliki-poliki. “Nik ez nuen dantzari izatea espero, baina bizitzako momentu batean ondo sentiarazten ninduen zerbait behar nuen eta dantzara jo nuen”. Garapen horretan hurrengo geldialdia Portugalen egin zuen antzerki eskola batean izena emanez. “Ez nuen inolako intentziorik profesional bihurtzeko edo horretaz bizitzeko, baina pixkanaka lanak etortzen joan dira. Guztia bilatu gabe iritsi da.”

Portugalen zegoela dantza-antzerkiko eskolako ikasketa horretan, artista frantses bat ezagutu zuen, Magalie Lanriot izenekoa. Ingalaterrako dantza konpainia baten lan egiten zuen eta formakuntza jasotzen hasi zen berarekin. Esperientzia horren ondoren, Euskal Herrira bueltatu eta dantza bertikaleko konpainia bat aurkitu zuen. “Baina nik nahi nuena paretatik ateratzea zen. Hortaz, hor bai izan nintzela autodidakta, ez bainuen inor ezagutzen horrelako zerbait egiten zuenik eta, are gutxiago, Euskal Herrian”. Behin instalazioa prestatua zeukala, ikertzen eta jolasten hasi zen. “Horrela, lengoaia propio bat lortu nuen, arnesarekin, baina paretarik gabe”. Sarralde garatzen hasi zen dantza bertikalak horma batean eskegita egiten den arte espresio artistikoa beste maila batera eramaten du. Berak azaltzen duenaren arabera, nahikotxo aldatzen da: “Lurrarekin jolasten dugu gehiago, baina, era berean, biomekanika aldetik banekien arnes batekin zelan mugitu, neukan paretako esperientziak lagunduta. Adibidez, suspentsioak edo bulkadak noiz erabili, zerbait antzekoa badauka, baina ia guztia instintua da”.

Pendulua, gako

Bai dantza bertikalean edo hormako dantzan, dantzariek bilatzen dutena oinarrizko dinamikak dira. Azkenean pisua eta pendulua bihurtzen dira sorkuntzaren gakoak. “Penduluak nola orbitatzen duen, daukan mugimendu zirkular hori, daukan suspentsio puntua... ezagutu behar da. Bi polo moduko ditu eta guk 0 suspentsio deitzen dioguna. Bi polo edo suspentsio horien artean dago bidaia”. Elementu horien guztien loturak korapilora eramaten du. “Soka eta pendulutik abiatuta eta korapiloa sinbolotzat hartuta hasi nintzen narratiba bat sortzen. Norberaren korapiloak. Eta bi muturrak, polaritatea”. Hortaz, gaztelerazko hitz joko bat bilatu zuen: Entre el nudo y el desnudo, el desanudo. “Horrekin jolasten dut. Penduluaren alde batean korapiloa daukagu eta bestean biluztea. Batetik bestera joateko bidea izango litzateke deskorapilatzea”, azaldu duenez.

“Gauzak nire buruan dauzkat, baina horiek nola heltzen zaizkion publikoari, norberaren istoarekin lotuta dago”, dio Sarraldek

Ezagutzen ditugun ohiko istorioetan hasiera, korapilo eta amaiera edo askaera bat izaten da. Sarralderen Desanuda obran ere esan daiteke korapilo bat dagoela, deskorapilatze bat eta azkenean biluzte bat. “Niretzat ez da zerbait lineala, baina, aldi berean, badago bidaia bat, non gauzak eraldatzen doazen eta bidaia hori korapilatzetik deskorapilatzera doan. Hor tartean zer nolako erlazioa dagoen erakusten da, nire burua eta korapiloaren artean: hau ekidin, bota, ez begiratu, onartu, hunkitu, ukitu, eta hortik besarkatu, desegin eta dantzan egin. Metaforikoki hori da pixka bat Desanudaren bidaia”. Publikoaren eskuetan uzten du taulan agerrarazten duen korapiloa ulertzeko modua. “Bakoitzak gauzak irakurtzeko eta ikuskizuna sentitzeko era dauka eta uste dut modu egokia dela ulertzeko. Nik ez dut gauza zehatz bat adierazi nahi. Gauzak nire buruan dauzkat eta antzezten ditudanean egoera batzuetatik pasatzen naiz eta interpretatzen ditut; baina hori guztia nola heltzen zaion publikoari, norberaren istorioarekin lotuta doa”. Hortaz, era labur batean esan daiteke erratu gabe, tituluak adierazten duen bezala, Desanuda korapilo baten askapena dela. 

Sorkuntza lana

Dantza bertikalean sortu duen lehen obra da azkeneko ia bi urteetan publiko aurrean garatzen daramana. Antzerki asko bezala planteamendua bikoitza da taularatzerako orduan: antzerkian edo kalean egin daiteke. Hala eta guztiz ere, berak dioenaren arabera, ikuskizuna asko aldatzen da leku batean edo bestean antzeztearen arabera. “Hasiera batean sala baterako bideratu nuen ikuskizuna. Hala ere, niri kalea asko gustatzen zait; baina aretoan pixka bat gehiago kontrola dezakezu egiten duzuna: argiztapenak bolumena ematen dio obrari, arreta gauza askoz txikiagoetara bideratzen da, etab. Beste zaintza bat dauka. Sentikortasun gehiago ematen dio”. Beste gauza bat dantzariaren arabera: “Ez hobea ez txarragoa; baina kaleak ere bere xarma dauka: publikoa inguruan ikustea, askoz gertuago izatea edo nola sentiarazten zaren, hori ederra da. Hor alde handia dago gauez edo egunez bada ere”.

Maitane Sarralde dantzaria ikuskizun batean dantzan.

Maitane Sarralde dantzaria ikuskizun batean dantzan. Hibai Agorria

Gauzak horrela, Desanuda sortzera eraman duen bidea, gainera, bakarrik egin du. Lan gogorra izan dela dio, baina, era berean, oso aberatsa. Azaldu duenez, bere lehenengo sorkuntza izan da. “Ez neukan inolako pretentsiorik gauza handi bat eratzeko, baina, azkenean, gauzak egin eta egin honaino heldu gara. Nire burua ere ezagutu nahi nuen eta horregatik hasi nintzen sorkuntzan bakarrik”. Azken finean, Sarraldek dantza egin nahi du, dantzari moduan ikusten baitu bere burua. “Egon naizen dantza bertikaleko taldeetan, dantza bertikala ulertzeko beste ikuspegi batetik abiatzen dira. Sortzaile bezala nire lengoaia propio bat sortu nahi nuen eta hala esan nuen: Ez badago inor gertu diziplina honekin, ni bakarrik botako naiz igerilekura”. Bakarka egindako lehen lana izanik, sorkuntza lanaren zailtasuna gainditzeaz gain, ikuskizun batek dauzkan beste eginbehar guztiak erekontrolatu behar izan ditu, horrek eskatzen duen lan kargaz konturatuta. Esan beharra dago inguruan “talde zoragarri bat” daukala, baina sorkuntza horrekin hiru urte baino gehiago daramatza lanean eta momentu oro, hobekuntzaren bidean. “Orain dela urte eta erdi estreinatu nuen, baina pandemia aurretik erein nuen hazia. Bide luzea egin dut”. Hortaz, lan honen guztiaren emaitza ezagutu eta horrekin gozatu nahi duen edozeinek Maitane Sarralde zuzenean ikustera hurbiltzea besterik ez du. 

Ikuskizun aipagarria

Desanuda obraren estreinaldia Getxon izan zen duela urte eta erdi, Muxikebarri aretoan. Kalean egindako lehen saioa, berriz, Leioako Umore Azokan burutu zen eta hor jadanik aipamen berezi bat egin zioten ikuskizunari. Beste aipamen bat Red Nacional de Teatros Españolak egin zion, zirku arloan ikuskizun gomendagarri bezala hautatuta. Puncat Bartzelonako dantza arloko liburu batean ere egin diote aipamen berezia Sarralderen lanari. Azken bi aipamen horiek obraren eklektizismo puntua agertzen dute; lehena, komisio batek dantza arlotik gomendatzen duelako lana, eta bestea, berriz, zirkuaren ikuspuntutik. Bi erreferentziek pozten dute Sarralde.

“Ez neukan profesional bihurtzeko asmorik, baina pixkanaka lanak etortzen joan dira. Guztia bilatu gabe iritsi da”

Hara eta hona ibili da dantzari eta sortzailea azken aldian: Igualadako ferian egon da Bartzelonan, baita Mallorcan ere, Errenteriako kultur etxean, Arrigorriagako Clown jaialdian, Gasteizko Kaldearte jaialdian edota Bilboko Kalealdian.

Hurrengo hilabeteetan, Euskal Herriko txoko desberdinetan egongo da Sarralde pendulutik eskegita. Gure mugetatik haratago, Portugaleraino ere iritsiko da. Lan ikusgarri hori zuzenean ikusi nahi dutenek uztailean hainbatetan izango dute horretarako aukera: 8an, Zumaian egongo da; 12, 13 eta 14an, Aveiro PT jaialdian; eta 18an, Arrasaten. Abuztuan, berriz, 18an Hondarribian eta 25ean Lezon gozatu ahalko da Desanuda ikuskizunaz. Gaur gaurkoz, baieztatuta dagoen azken saioa Galdakaon egingo du, irailaren 12an.