Sahatsa Jauregiren (Itaparica, Brasil, 1984) Flux Cored instalazioa estreinatu zuen martxo amaieran Gasteizko Artium museoak, sei hilabetez, irailaren 30era bitarte, han izango da. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta izeneko ekimenaren parte da artistaren erakusketa berria. Hain justu Jauregik azaldu du, lehenagotik zituen piezetan oinarritu dela honako bilduma honetarako. Askotariko lanak egin ditu, baita espazio ugaritan erakutsi ere. Eskultoreak esan duenez, iraganean egindako piezak ez lituzke orain egingo lituzkeen modura konposatuko, eta ildo horretan, bide berriak ireki zaizkio. Flux Cored ez da, ordea, eskuartean duen proiektu bakarra.

Nola sortu zen ‘Flux Cored’ erakusketa sortzeko aukera?

Obra honen jatorrian dago Artium museoa. Hau da, garai batean museoak bere bildumarako nire hiru pieza erosi zituen. Hasieran instalazio gisakoa osatzen zuten, baina gerora, denborarekin, ez nion zentzu gehiegirik ikusten bere horretan erakusteari. Hiru piezetatik bi, jada Tabakaleran erakutsiak nituen, eta erakutsi gabeko horretatik abiatzea erabaki nuen. 2019an sortu nuen, eta ordutik ni neu, eta nire lana ere bai aldatu egin dira. Horrela bada, nire burua autokomisariatu egin dut, ikusi nahi nuen garai horretan egindako piezek eta egiteko nituenak zer harreman zuten.

Autokomisariotza aipatu duzu. Nolakoa izan da lan hori?

Azkenean izan da begiratzea obrari beste pertsona bat izango banintz bezala, edo distantzia batetik, eta hartara, ikusi zer harreman zuen lan horrek eginda zeuden beste piezekin, lanean jarraitzeko zer bide irekitzen zituen identifikatuta. Esploratzea, azken finean.

“Nire burua autokomisariatu egin dut, obrari beste pertsona bat izango banintz bezala begiratu diot, distantzia batetik”

Hasierako pieza hori da nagusia, beraz?

Guztiaren abiapuntua da, bai. Indartsuz mozorrotzeko pektoral batekin egindako mihiztaketa bat da. Superheroi mozorrotzeko edota despedidetan janzten dituzten horietako gorpuzki bat. Deslokalizatuta, gorputzetik kanpo… Horrek bazuen joko bat gorputz-atalekin aritzeko: oso fikziozko gorputz bat da, exageratua… Horren inguruan hausnarketak egin ditut: nola transformatu daitekeen gorputz bat teknologiaren bitartez, teknikaren eta aparatuen bitartez, protesiak erabiliz… Gauzak zer diren, azkenean pieza hori ez da erakusketan sartu. Horrela suertatu da. Batzuetan gertatzen da zerbait eramaten duzula erakusketa-aretora eta ez dutela funtzionatzen dimentsioarengatik, piezarengatik beragatik… 

Hain justu, gorputz atalen erreprodukzioak dira piezetan errepikatzen direnak: besoak, enborrak, hankak… Zer esanahi eman diezu?

Egia da ez dela prozesuaren aurretik pentsatutako ondorio bat. Nahiz eta, gorputzekin lan egiten dudanean, aurretik planteatzen ditudan horrelako ariketak. Lagunekin horrelako eszena batzuk zuzendu ohi ditut horretarako, funtsean. Orduan, hori zen jatorrian zegoena, lagunekin egindako posturak eta mugimendu posibleak. Horien itzulpena egiten dut eskulturara. Adibidez, badaukat pieza bat honako hauez osatua dagoena: tangaz osatutako sei puntako izarra. Nik pieza hori, berez, estudioan egin nuenean helduleku batzuekin egin nuen, eta hauxe pentsatu nuen: sei tentsio-puntu baldin baditut, harreman bat egon daiteke; sei tentsio puntu, bada, sei beso, hau da, hiru lagun. Estudiora gonbidatu nituen, ariketa ezberdinak egin genituen, eta hori atera zen. Deslokalizazioa diodanean, hemen adibide argia dugu, nire lagunengandik behar nuen bakarra beren besoak ziren. Ondorio argi bat atera nuen hortik: zelako parafernalia behar den, oihal-minimoa duten eta pieza minimoa diren, modu jakin batean adierazi ahal izateko.

Piezak osatzeko, batzuk berrerabili, beste batzuk sortu... Eta aurkitutako gauzak ere txertatzen dituzu. Nola erantsi esanahia edo zentzua horiei guztiei?

Niri objektuekin lan egin izateak ahalbidetu dit eskulturan lan egin ahal izatea. Hor baduzu abiapuntu bat, eta nire kasuan, errazagoa egiten zait horrela, zerotik hastea baino. Gainera badago beste hausnarketa bat inguratzen gaituzten objektuekiko. Nire hasierako eskulturek, eta gaur egungoek ere bai, harreman handia dute egunerokotasunean, eta modu oso popularrean, objektuekin sortzen dugun erlazioekin. Abiapuntua oso leku oinarrizkoa da. Baina, egia da, bestelako inbestigazio lana ere badagoela, objektu guztiek ez baitute balio. Aukeratu egin behar da zerk bai, eta zerk ez duen funtzionatzen. Oso gustu afinatua daukat. Era berean, gertatu izan zait zerbait oparitu didatela, eta pentsatu izan dudala ez diodala inoiz erabilerarik emango. Azkenean, beste buelta bat emanda, erabili izan dut.

‘Flux Cored’ instalazioan bere burua autokomisariatu egin du Sahatsa Jauregik. Jorge Muñoz

Teknologia ere erabili duzu esperimentu-prozesu horretan. Nola, zehazki?

Kontua da askotan esan ohi dela “gorputzetik lan egin” behar dela. Eta nik nire burua behartu izan nuen ulertzeko zer esan nahi zuen gorputzetik lan egitea: Zein da zehazki zuk lan egiten duzun gorputza? Ez diot nirea lehen pertsonan jartzen dudanik, baizik eta, eskulturan jartzen duzun hori. Zentzu horretan erabili dut teknologia, ez teknologia garatua erabili dudalako. Baina egia da tentsio horiek agertzen direla: burni batek gorputz batean eragin zezakeena, protesiak gorputzarekin duena… Hor estudioan badira ideia batzuk, interesatzen zaizkit eta saiatzen naiz hortik egiten, gorputzak makinen eta teknologiaren bitartez eraldatuak izan daitezkeenak.

Aurkezpen kartak dio erakusketa honek erantzuten diola denbora-tarte jakin batean egindako lanari. Aldakortasuna ere aipatzen du. Ez da beti berdina izango erakusketa?

Autokomisariatu egin dudanez, piezen arteko harremanak beste modu batera ere ikusi ditut tailerrean edo erakusketan bertan. Eta halakoetan, berriro estudioan muntatzen duzunean, buelta bat eta bataila txiki bat izaten duzu piezarekin. Ni saiatzen naiz muntatzeko eta, batez ere, desmuntatzeko errazak diren piezak egiten, espazio gehiegirik okupatu ez dezaten. Ez ditut utzi, adibidez, duela bi urte sortutako piezak. Edo ez bere horretan behintzat, buelta bat eman gabe. Izan ere, orduan hartu nituen erabakiak ez ditut zertan gaur egunetik konpartitu.

Zer da ‘Flux Cored’? Zergatik izen hori?

Nik soldatzeko erabiltzen dudan hari mota da. Egun batean, soldatzeko teknikarekin hasi berritan nengoen artean, haririk gabe geratu nintzen eta Interneten begiratzen aritu nintzen. Ikusten nituen deskribapenek, nahiz eta oso azalpen teknikoak eduki, bazuten zer edo zer poetikoagoa, eta are gehiago, izan zezaketen nire eskulturen ezaugarriak deskribatzeko zerbait ere: Hilo de corazón fondente edo hilo de núcleo gaseoso que protege… Ideia hori asko gustatu zitzaidan, bi elementu edo izaera kontrajarri zirelako: metalaren gogortasuna eta presentzia; eta bestetik gasaren hauskortasuna-edo. Azkenean, tentsio bat bilatzen nuen bi ezaugarri horien artean. Adibidez, oihalezko zati txiki, hauskor bat, metalezko piezaren alboan. Nik teknikoki azaltzen dut, baina, irakurri daiteke beste era pertsonalagoetatik edo beste egoera batzuei erantzuteko, jakina.Esaterako harreman interpertsonalak. Horrelako erresonantziak beti agertzen dira, bestela, bai aspergarria!

“Guztiaren abiapuntua pektoral batekin egindako mihiztaketa bat da, deslokalizatuta dago, gorputzetik kanpo...”

Azken urteetako lanei erreparatuz gero, igarri daitezke antzekotasunak, edota estilo bat. Zer suposatzen du lan honek zure ibilbidean?

Erakusketa bakoitzera heltzen da gauza bat, eta zorionez, irekitzen da beste zer edo zer. Esango nuke ireki dela gogo bat, hor zegoena, gorputzen eta materialen arteko harremana era koreografiatuago batean lantzeko. Gorputzen arteko interdependentzia eta interkonexioa gehiago garatu nahi dut. Hori da orain gogoak ematen didana, edo behintzat erakusketa honek ireki didan bidea. J Martina taldearen Jaio naiz baina diskorako egin genuen lanean, hiru musikariekin lan egin genuen. Ordura arte, ordea, izaten zen pieza bat, lagun bat, buruz-buruko moduko bat. Orain jende gehiagorekin lan egin nahi dut. Ideia bat da, zer forma duen oso ondo ez dakidan arren.

Erakusketaz gain, maiatzaren 6rako, Donostiako Principal Antzokian zer ari zara prestatzen?

2019an Verde Prato musikariarekin (Ana Arsuaga) zerbait egin nahian hasi ginen. Baliabide batzuk edo eszenografia bat prestatu nituen Anak erabili zitzan. Azkenean bideoz erregistratu genuen, eta jende aurrean aurkeztuko duguna, horren guztiaren emaitza izango da. Bestela esanda, Verde Pratoren kontzertu bat da, Dock of the Bay festibalaren baitan, nik egindako plataformen gainean.