Burrun!! Hamabi segundo. Hamabi zati hiru, lau. Lau kilometrora dago ekaitza hortaz. Gerturatzen? Aurrez urruntzen, orain gerturatzen… bost axola, zeruak ilun jarraitzen du eta euria barra-barra ari du. Plana aldatzeko unea izan liteke, baina noiz da zehazki A plana zakarretara bota eta B planari ekiteko momentua? Mapari begiradatxo bat enegarren aldiz. Zeruari beste begirada bat. Ez dakit, blokeatuta nago. Arazoak eztabaidatzen argitzea gustatzen zaizkit, baina bakarrik nago eta barne bakarrizketa zerua bezain goibela dago. Duda mudatan nabil aterpe txiki batean babesturik, aurrean dudan erronkari ekin edo alternatiba luzea hartu ezin erabaki.

Hiru aste daramazkit Karpato mendien bizkarrezur okerra bizikletaz jarraitzen eta begiz jota nuen mendilerroa gurutzatzen duen bigarren errepide garaiena. Paisaia polita omen da, alportxaz beteriko bizikletaz gurutzatzeko erronka txukuna eta gainera mendatea izendatzeak berak ahoa ase egiten du, bete-betea geratzen da. Hauxe da aurrean dudana, Transfăgărășan mendatea.

Bihurriak dira Karpatoak, ez dituzte lerro zuzenak maite. Eslovakia eta Txekiar Errepublika inguruan hasi (edo amaitu), ekialderantz jo eta pixkanaka tolestuz doaz, ura saihestu nahi duen katu baten antzera, Itsaso Beltzetik urrundu eta mendebalderantz bide eginez. Bihurgune honek bete-betean harrapatzen du Errumania eta bere bi zona nagusiak banatzen ditu, Transilvaniako goi ordokia alde batetik eta Valakiako lautada bestetik. Bi aldeak lotzen, Ceaușescuren apeta izan zen errepidea, estrategia militarretan justifikaturik, bihurgunez bihurgune 500 metrotatik puntu goreneko 2.000 metro pasatxotara iristen dena.

Transfăgărășan mendatearen azken bihurguneak.

Transfăgărășan mendatearen azken bihurguneak. Eneko Eizagirre

Urrun ziruditen mendiek eta are urrunago euri-jasak orain dela bi egun Sighișoara izeneko herri ederrean eguzkiaren izpiek goxatuta bere kaleetan gora eta behera nenbilenean. Sighișoara diot, baina Schäßburg edo Segesvár esan nezaken, izan ere lurralde honetan errumaniar hizkuntzarekin batera, alemana eta hungariera elkarrekin bizi eta elkar borrokatu izan dute historian zehar. Bere alde zaharra, Gizateriaren Ondare dena, Erdi Aroko gotorleku txiki benetan ederra da, bere kale koloretsu, hilerri bitxi eta batez ere Erlojuaren Dorre ikusgarriarekin. Historiaz beteriko hiria izateaz gain, Errumaniatik mundura jauzi egin zuen pertsonaia erdi baten jaioterria ere bada, Vlad III.a, Vlad paldoztatzailea bezala ezagunagoa. Bai, paldoztatu, horrela esaten omen zaio euskara zuzenean pertsona bat hesola edo makila batez zeharkatuta akabatzeari. Pertsonaia erdia diot, izan ere Bram Stoker idazlea pertsona honetan inspiratu zen denok ezagutzen dugun Drakularen irudia sortzeko.

Arre edo so, kale edo bale, aurrera edo atzera. Bi minutu daramazki ateri, eta laino beltzen gezurrezko su-eten bat dela dakidan arren, A eta B planen berdinketa apurtzeko balio izan dit. Banoa Transfăgărășan!

Lautada atzean utzi dudan unetik bertatik basoa da nire alboetan hedatzen dena. Horrela jarraituko du tarte luzean, Hegoaldeko Karpatoetan baitago Europako baso jarraiturik handiena. 22 kilometro inguru ditut mendateraino, eta kontuan izanda bizikleta trastez lepo dudanean nire abiadura ez dela 6-8 km/orduko baino handiagoa…ditxosozko matematikek diote hiruzpalau orduko igoera dudala.

1.200 metroko garaieran auto batzuk agertu dira pilatuta errepide ertzean. Bertatik telekabina bat hartzeko aukera dago mendateraino. Tentazioa izan dut, baina ez, burugogorkeria txirrindulariaren dohain bat da. Xukatu dira lainoak eta aurrean dudan ikuspegia gero eta zabalagoa da. Mokadutxo bat, ur tragoxka eta aurrera. Aurreratzen nauten auto bakanek klaxona jotzen dute niri bulkada emate aldera, baina ez dute besorik ateratzen leihotik, hotz egiten baitu.

Sighișoara-ko Erlojuaren Dorrea.

Sighișoara-ko Erlojuaren Dorrea. Eneko Eizagirre

1.600 metro ingurura zuhaitzek planto egiten dute, eta soilagoa den paisaia alpinoan gora jarraitzen du asfaltoak. Azken bospasei kilometroak U formako bailara glaziar eder batean barrena igarotzen dira. Sukaldari batek plater ertzean egiten dituen apaingarri kiribilduen gisan, errepidea alde batera eta bestera korapilatzen da, jota doan ziklistaren sufrikario, eta oraindik indar apur bat duenaren gozagarri. Tartean nago ni.

Azkenean! Bukatu da mendatea eta baita igoera guztian zehar izan dudan patxada ere. Jendea autotik ateratzen da mauka motzean, oihu batzuk bota eta argazkiak ateratzen dituzte, inguruko mendiak eta Bâlea lakua lagunei erakusteko. Gorputzeko beroak alde egin aurretik, arropaz aldatu eta hotzetik babesteko dudan guztia jantzi dut. Bertan dauden janari postuetako batean jaki bero koipetsuez sabela bete eta beherantz joateko unea iritsi da.

Kilometro batzuk jaitsitakoan, harkaitz zorrotz batean oreka eginez Poenari gaztelua ikus daiteke, Drakularen gotorlekua izan zena. Ez dit inolako beldurrik eragin, hain akitua bainago, nire odola soilik urez eginiko salda bezain motela irudituko zaiola paldoztatzaile jaunari. Beste batean izan beharko da, Drakula!