Aitaren abizena jarri izan zaio ume jaioberriari mendeetan eta mendeetan, inongo eztabaidarik sortu gabe. Egun, oraindik ere, badaude herrialde asko non ezkontzerakoan emakumeek senarraren abizena jasotzen duten. Aldatzen hasia da hori, eta orain umeei aitaren edo amaren abizena jartzeko aukera dago. Edota, 'Sagastitarrak' obran gertatzen den bezala, abizenen ordena aldatu. Hala ere, askotan, iskanbilak, desadostasunak eta gatazkak sortzen ditu abizenen gaiak.

"Patriarkatuarekin ez dugu amaituko mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean", dio Anek (Ainhoa Etxebarria), Sagastitarren alabak. Abizenak aldatu nahi ditu Anek; hau da, amaren abizena lehenengoa jarri nahi du. Bere aitak, Anton Sagastik (Joseba Apaolaza), ez du begi onez hartu abizena aldatzearen erabaki hori. Sagastitarrak familia garrantzitsua da, enpresa handi bat dute eta oso aberatsak dira. Anton Sagastik ez du bere alabaren erabakia ulertzen, tradizio handiko abizena baita haiena. Erabaki horretatik abiatzen da obra, baina horrek beste gatazka batzuk ekarriko ditu bidean. 

Moldaketa bat

Begoña Bilbaok zuzendu du 'Sagastitarrak' antzezlana. Hala ere, ez du berak sortu. Ramon Madalauk idatzi du, izan ere, obra kataluniar baten moldaketa da. Jatorrizkoak Els Brugarol du izena, eta Txalo Produkzioak Euskal Herrira ekarri du. Kanpoko obra bat izanda, moldaketa prozesu bat egin behar izan dute: “Kataluniako antzezlan bat denez, hona ekartzeko ez da bakarrik itzulpena egin behar, egokitzapena egin behar da. Adibidez, antzezlan originalean aitaren industria ehungintzakoa da. Hemen beste industria mota dago, eta gurera ekarri dugu”, azaldu du Ainhoa Etxebarriak (Ondarroa, 1993). Etxebarriak Aneren papera egiten du, Joseba Apaolazak Anton Sagastirena, bere aitarena, eta Koldo Olabarrik Paulena, bere senarrarena.

Kasu honetan, armagintza industriarekin harremana duen enpresa dauka Aneren familiak. Horrek ere tirabira sortuko du, alaba ez baitago ados bere familiak urte luzez egin duenarekin eta egiten jarraitzen duenarekin. Ideologia eta pentsatzeko modu kontrajarriak sortuko dira hor, Anton Sagasti gizon kontserbadore eta tradizionala baita; alaba eta suhia, ordea, ezkertiarragoak eta aurrerakoiagoak. 

Klase sozial ezberdinek ere talka egingo dute eta gai hori oso presente egongo da obran: "Paulek, Aneren senarrak, ez ditu izan emazteak izan dituen erraztasun guztiak, eta ideia berdinak dituzten arren, ez datoz leku beretik eta alde hori agerian geratuko da, jakina", azaldu du Etxebarriak.

Uda osoa eman dute entsaiatzen eta abuztuaren 16an aurrestreinaldia izan zuten: "Uztailean hasi ginen entsaiatzen, hasieran Txaloren lokalean, eta gero Saroben". Bertan egin zuten emanaldia eta oso ondo joan zela kontatu du ondarroarrak: "Komedia bat egiten duzun momentuan pentsatzen duzu entretenigarria izango dela, eta publikoak erraz hartuko duela. Hala ere, ez genuen inondik ere espero harrera hain ona izatea. Gainera, aurrestreinaldiak normalean nahiko hotzak izaten dira, eta, egia esan, harritu ginen. Jendea hasieratik amaiera arte egon zen barrezka".

Kritikatik ere

Arrakastaren arrazoietako bat izan daiteke obrak egunerokotasunean gertatzen diren egoerak kontatzen dituela, eta jendea identifikatuta sentitzen dela: "Gainera edozein belaunaldi ahal da sentitu identifikatuta. Urnietan aurkeztu genuenean hainbat komentario jaso genituen eta harritu egin ginen zenbat kontu dauden abizenekin", dio protagonistak. Gainera, komedia bat da, baina badauka kritikatik ere: "Badaude komedia batzuk deskonektatze horretan konektarazten zaituztena, eta nik uste dut hau badela horietako bat". Horrek obra "konpletoa" egiten duela uste du aktoreak.

Pandemia eta gero, jendeak antzerkira joateko ohitura galdu ote zuen beldur ziren kulturgileak. Etxebarriak aitortu du publikoan lau pertsona bakarrik egotera iritsi zirela pandemia urteetan: “Maskarillaren kontua, covid pasaportea… horren guztiaren ondorioz ikusle kopurua asko murriztu zen, eta beldur hori izan genuen denok”. Hala ere, sarreren salmentari erreparatuz ikusi dute ohiturak laster berreskuratzen direla, eta jendeak baduela gogoa antzerkira joateko: "Jendea badago kultura gosez eta, batez ere, euskarazko kultura gosez".

Hemendik aurrera bira jarraituko dute eta hainbat herri eta hiri bisitatuko dituzte. Urriaren 2an Bilboko Arriaga antzokian izanen dira, eta ondoren, Pasaia, Lekeitio eta Ribaforadan. Obraren gaztelerazko bertsioa prestatzeko asmoa dute eta aurrerago ikusteko aukera egongo da.