Txotxongiloak eta objektu animatuak urtero bezala Bilbora iritsiko dira, familia eta haurrekin duten hitzorduari hutsik egin gabe. Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 37.edizioaren baitan, haur eta helduei eskainitako emanaldiak eskainiko dituzte Euskal Herriko, espaniar estatuko eta Europako herrialde desberdinetako konpainiek. Harizko txotxongilo tradizionalekin gozatu ahal izango da, baina baita estetika eta teknika-aukera zabala eskaintzen duten ikuskizunekin ere: film laburren emanaldiak, arte plastikoak, musika eta haur literatura, besteak beste.

Josu Camara jaialdiaren antolakun-tza taldeko eta Kukubiltxo antzerki taldeko kidea antzerkiaren inguruan aritu izan da beti. Camarak azaldu duenez, jaialdiaren helburua “txotxongiloen mundua Bilbon zabaltzea da; batetik, antzerkiaren magian sinesten dugulako. Bestetik, ikusten dugulako antzerkia oso tresna ona dela norabide jakin bateko arte lanak erakusteko eta plazara-tzeko. Azkenik, jaialdi honen helburu nagusia txotxongiloak bere dimentsio artistiko, pedagogiko eta sozialean sustatzea ere bada”.

Jaialdi internazionala Gaur hasi eta abenduaren 2ra, txotxongilo ikuskizunak, animazio filmak, marioneten emanaldiak, zuzeneko musika eta askoz gehiago izango da Campos Eliseos Antzokian. Bertoko eta atzerriko konpainiak eskainiko dituzte emanaldiak. Jaialdiko ikuskizun gehienak mutuak dira, baina hitzekoak ere badaude, 50 minutu inguruko iraupenarekin, gutxi gorabehera.

Euskadiko Anita Maravillas lagunartearen ”Jon Braun” obrak irekiko du jaialdia. Bihar eta hilaren 28an Kataluniatik datozen ikuskizunak izango dira ikusgai. Azaroaren 30an, Aragoiko Los Titiriteros de Binefar konpainiarekin gozatu ahal izango da. Ahotsa izango duen emanaldi bakarra eskainiko dute, gazteleraz. Andaluziako La Canelaren eskutik datorren La semilla ere aurtengo nobedadeen artean dago.

Atzerriko obrak hilaren 26, 29 eta 30ean eskainiko dira. Lehenengoa Italiako Di Filippo Marionnettes konpainiak eskainiko du. Poesiaz beteriko obra bat da eta ikuskizun onenaren saria irabazi du hiru aldiz, nazioarteko jaialdi desberdinetan. Israeletik datorren Guztia berdea zenean ikuskizuna izango da bigarrena. Bihotzera iristen den hitzik gabeko lana da, sentsibilitatez beteta eta hainbat aldiz sarituta hau ere. Azkenik, Argentinako Titeres Roberto Whait konpainiak clown-a, txotxongiloak, mimo antzerkia eta objektu antzerkia uztartuko ditu Criaturas particulares obran.

Campos Eliseos Antzokiak hartuko dituen emanaldiez gain, kaleko ikuskizunak ere gozatu ahal izango dira jaialdiaren baitan. Hala, hiru ikuskizun eskainiko dira Arriaga Antzokiaren parean. Besteak beste, Italiatik datozen autobuseko ikuskizunak eskainiko dituzte Girovago & Rondela konpainiako kideek, malabarismoak, akrobaziak eta txotxongiloak uztartuz.

Auzoetan ere bai Bilbo hirugunean ez ezik, inguruko auzoetara ere iritsiko da txotxongiloen magia datozen egunetan. Izan ere, hiriko zenbait auzotan ere emanaldiak izango dira. Bihar, igandea, Zorrozaurreko Pabellon 6 aretoan, Objektuekin jolastera goaz deitutako ikastaro praktikoa eskainiko da guraso eta seme-alabentzat. Josu Camarak azaldu duenez, “tailer irekia izango da, familia girokoa”.

Auzoetan egingo diren ekintzekin jarraituz, hilaren 27, 28 eta 29an, Hungariatik datozen hari motzeko hiru txotxongilo emanaldi saritu eskainiko dira estreinakoz Rekaldeko Barrutiko Udaltegian, Deustuko Barrutiko Udaltegian eta Otxarkoagako Harrobia gunean.

Heziketarako tartea ere egongo da. Otxarkoagako Harrobia aretoan Erakusgarri botoi bat mintegia eskainiko da. Zapalkuntzari buruz eztabaidatuko da mintegi horretan. Azaroaren 29 eta 30an izango da, guztira 8 orduko iraupena izango du eta 10 eurokoa izango da sarrera.