Síguenos en redes sociales:

Mendeku baten istorioa

‘Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa’ antzezlanak indarkeria matxista du ardatz. ATX Teatroak formatu txikiko antzezlan minimalista osatu du, Iñaki Ziarrusta aktoreak bakarrizketa gisa kontatua

Mendeku baten istorioa

Gordin bezain sentsuala, erreala bezain fantastikoa, zorrotza bezain zolia. Halaxe definitu daiteke ATX Teatroren azken teatro proposamena. Iñaki Ziarrustak gidatzen duen antzerki taldearen azken sorkuntza da Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa, Ziarrusta bera aktore bakartzat duena. Hilaren 18an Laudion eta 27an Bilboko La Fundicion aretoan eskainiko da. Ekainaren 29an, berriz, Zestoan taularatuko da antzezlana.

Gertutik ezagutu zuen umetan bortizkeria matxista Iñaki Ziarrusta antzerkigile eta Atx Teatroko kideak. Bizipen horiek buruan izan ditu azken urteetan, gai horri buruz antzezlan bat egiteko ideiari bueltaka. Antzezlanak oinarri biografikoa du, beraz; hortik aurrerakoa, ordea, fikzio hutsa da. “Errealitatea hazitegia izan da, gero obra osoa sortzeko”, azaldu du aktoreak.

MENDEKU GOSEA Antzezlanaren gaia mendekua dela kontatu du Ziarrustak. “Mendeku gordina, hori besterik ez du nahiko pertsonaiak”. Baina antzezlanean nabigatzen eten barik dagoen motibazioa mendeku horretara heltzeko indarkeria matxista izango da. Mendeku gose horretan, pertsonaia konturatuz joango da emakumeen aurkako bidegabekeria orokorra dela, baina justiziak ez du askorik tentatuko, mendekua besterik ez baitu izango buruan. Beraz, gai nagusia beste bat izanda ere, obran indarkeria matxista etengabe aipatzen da”.

Gizonezko bat ikusiko du ikusleak oholtzan. Berez, emakume itxura hartzen saiatu den gizonezko dan-tzari bat da pertsonaia, eta zuzenean kontatuko dio bere istorioa dantza ikuskizuna ikustera hurbildu den publikoari. “Pertsonaia kalkulatzailea da, obsesiboa, baina nahiko zentzuduna”, uste du Ziarrustak. “Ez du justizian sinesten eta, horregatik, justizia bere esku hartuko du”. Biktima harrapatzeko, pole dance dantzaria bilakatzen da gizona. “Baina pertsonaiak ez du emakumearena egiten -argitu du aktoreak-, ez da saiatzen emakume bat izaten, gizonezkoa da”.

Antzezlanak abiapuntu duen indarkeria matxistaren gaiaren inguruan asko hitz egiten da gaur egun. Emakumeen ahalduntze prozesuaren baitan, salatu egiten da indarkeria mota hori. “Urteetan mugimendu feministak egin duen lan isilaren ondorioa da gaur egungo egoera”, Ziarrustaren ustez. “Sentsibilizazio maila handia lortu da, gizartean, instituzioetan..., eta gu, sortzaile gisa ere sentsibilizatu gara gaiarekin. Bestela, sortzaile moduan, oso arraroa egingo litzateke nire bizitzako gertakari pertsonalak azaleratzea” azpimarratu du aktoreak.

Izan ere, Ziarrustak hasieran zalantza izan zuen antzezlan honekin aurrera egin edo ez erabakitzerakoan. “Zilegitasuna dut nik gai honen inguruan aritzeko?”, galdetzen zion bere buruari. Azkenean, aurrera egitea erabaki zuen: “Azken batean, neure istorio pertsonala ere bazen, nik neuk sentitzen nuena eta kontatu nahi nuena. Zergatik ez dut ba hitz egingo nik neuk sentitzen dudanari buruz?”, egin dio galdera bere buruari.

Obra honetan, gizonezkoa emakumez jantzi eta erregina baten izena jarri dio Ziarrustak. “Tomiris, hain zuzen, kristo aurreko VI. mendeko erregina izan zen, Afganistan eta Uzbekistan inguruko tribu bateko erregina. Garai hartan erregina izan ahal zinen gizonezko batekin ezkondu gabe, eta hala izan zen Tomiris”, kontatu du Ziarrustak. Erregina horren izena hartu dute pertsonaiak eta antzezlanak, duela bi mila urte askatasun gehiago zegoelakoan. Tomiris erreginak “emakumearen ahalduntzea eta mendekua“ adierazten dute, Ziarrustaren ustean.

GIZARTEAREN ISLA AXT Teatroaren estiloari jarraitzen dio Tomiris antzezlanak. “Antzerkia terapeutikoa da niretzako”, aitortu du Ziarrustak. Amorrutik sortzen du askotan, nahiz eta gero antzezlana samurra izan. “Orain arte taularatu ditugun antzezlanek kritika sakona dute barruan, amorru asko, biolentzia asko?”. Finean, “gizartean dagoen egoera baten isla” direla zehaztu du Ziarrustak. Sortzerako orduan, istorio ilunak, indartsuak, bortitzak ateratzen zaizkio Ziarrustari, “publikoari astindu bat emateko gogoz egindakoak”.