ArrastIa Gironan. Harrizko kaleen iluntasuna, irteerarik gabeko izkinak eta labirintoen moduko kaleak; eta han atzean, katedralaren handitasuna. Harresitutako hiri eder eta zahar honen edozein izkinatatik ikusten da tenplua. Santa Mariaren katedrala Erdi Aroko hiri honetako punturik altuenean dago eta munduko nabe gotikorik zabalena dauka. Eraikin aparta da, itzela, altxor bat. Harrizko laurogeita hemeretzi eskailera daude plazatik ate nagusira. Egunean zehar turistek denbora ematen dute eskailera horiek zenbatzen, diren guztiak direla konprobatzeko; baina egia esan, orain, turista askok eskaileren inguruan duten miresmena beste mota batekoa da.
20 urte inguruko hogeita hamar neska-mutil daude, itxuraz unibertsitateko ikasle atzerritarrak, bi ilaratan jarrita eskailera horietan. Oihuka ari dira. Pasabide bat osatu dute eta erditik neska bat ari da jaisten, burumakur, besteen mespretxuen artean. Shame! (“lotsa!”, oihukatzen diote, ingelesez). Bitartean, beste gazte ba-tzuk eszena filmatzen ari dira, beren mugikorren bidez. Baina ez, ez da indarkeria kolektiboa, ezta eskola jazarpena ere. Mespretxuak jasotzen ari den neska pozik dago.
Mota honetako egoerak ohikoak dira Gironan, askoren harridurarako. Gazteak Game of Thrones telesail arrakastatsuaren eszena bat antzezten ari dira. Kataluniako hiri hau telesail horretan agertu zen lehen aldia interpretatzen ari dira, seigarren denboraldiko seigarren kapituluan, Margaery erreginaren pertsonaiak lotsaren bide hori bera egiten duenean, Baelorreko Septu Handitik -Gironako Katedrala- eskaileratan behera, mespretxuen artean.
ERDI AROKO MAGIA Gironako hiriak ez zuen beste interes gehigarririk behar turistak erakartzeko, munduan ondoen kontserbatutako Erdi Aroko hirietako bat baita. Baina hain zuzen ere horregatik, Erdi Aroko itxura mantentzeagatik, misterio kutsua eta kultura aniztasuna izateagatik (katalana, frantsesa, musulmana eta hebrearra) aukeratu zuten Girona Hollywoodeko ekoizleek Game of Thrones telesaileko fikziozko munduak erreproduzi-tzeko. Mundu fantastikoen arteko borrokak gertatzen dira; magia, sexu, politika, abentura eta akzioz betetako tramak; eta munduko serie arrakastatsuena bihurtu da.
Irlandan, Estatu Batuetan, Kroazian, Islandian, Maltan, Marokon eta Euskal Herrian zentratu da filmazioa: Gaztelugatxeko San Juan eta Nafarroako Erriberako Bardeetan. Baina Girona plato izarra izan da: seigarren denboraldiko hamar kapituluetatik zortzitan agertu da. Rosa Duranek hiriko Erdi Aroko historiaren narratzaile eta gida gisa egiten du lan, eta bere esanetan, argi ikusten da Girona dela. Beno, zeruertz menditsuan itsasoa jartzearen detaile txikia kenduta. Bestela bai, erraz antzematen da.
Duranek bi hamarkadatik gora darama bisitariei kale horien artean gertatutakoa azaltzen, ulertarazten eta erakusten, bisitarien gozamenerako, eta berarentzat oso zirraragarria izan da “hiriaren historiarekiko interesaren birsortze” hori. Orain, berak eta bere kideek -bertako turismoan lan egiten dutenak- ibilbide berri batzuk gehitu dituzten beren katalogoan: Duranek tablet digital bat darama eskuan eta filmeko eszenak eta horiek filmatu ziren hiriko lekuak erakusten ditu: bainu arabiarrak, judu-auzoa, Bisbe kale txikia, Plaça dels Jurats delakoa edo Sant Pere Monasterioa, besteak beste.
EKARPEN OPAROA Seriea filmatu zenetik, Gironako Turismo Bulegoaren arabera, bisitari kopurua 2016koa baino %12 handiagoa izan zen. Uztailean %74ko igoera izan zen, seriearen seigarren denboraldia bukatutakoan. Grabaketak hiru milioi euroko ekarpena egin zion hiriko ekonomiari. Ehunka estra aukeratu zituzten soldadu, eskale, merkatuko saltzaile eta katedral aurrean bildutako jendetzaren parte izateko. Roca anaiek ere, Rocambolesc izeneko izozki-dendaren jabe diren sukaldari katalan ospetsuek, Game of Thrones fenomenoarekin bat egin dute. Beren lantegian produktu berriak egin zale dira eta oraingoan Laninsterren eskua izeneko poloa landu dute: sangina laranja eta mangoz egindako izozki bat.
Zorionez, seriearen zale amorratu ez garenontzat ere, badaude plazer ugari hiri eder honetan, pantaila txikian agertzen ez direnak. Judu-auzotik paseoan ibiltzeaz gain, Plaça del vi (ardoaren plaza) delakora gerturatu eta tomatez lagundutako ogi txigortuaz, barbarinez eta ardo beltz on batez goza dezakegu. Ondoren, Burdin Zubitik Onyar ibaia zeharkatu dezakegu. Zubi hori Gustavo Eiffelek eraikitako ingeniaritza lana izan zen, Parisen bere izena daraman dorre famatua egin aurretik. Eta hortik, ibai gainean eskegita geratzen diren koloretako etxeei begira gera gaitezke, Gironari Veneziako kutsu zoragarria ematen dioten horiei.