Síguenos en redes sociales:

Paradisua betikotzen

Lagun artean grabatu eta sareratu zuen ‘Paradise’ abestiak ekarri zuen Izaro Andres musikaren plazara. Urtebete beranduago, ‘OM’ izeneko bere lehen diskoa aurkezteko kontzertu bira abiatu du

Paradisua betikotzenJon Etxezarraga

Amaitutzat eman berri dugun uda benetan intentsoa izan da Izaro Andresentzat (Mallabia, 1993). Lanpetuta aritu da musikari gaztea, Donostiako Muir estudioan giltzapetuta, OM izeneko bere diskoaren grabaketan buru-belarri. “Uda arraroa” izan dela dio, baina “polita eta berezia” ere bai. Nahiz eta une gogorrak ere izan diren, egindako ahaleginak fruituak emango zituela ziur zen mallabiarra, eta halaxe izan dela berresten du orain: “Diskoa esku artean, kontzertuak jendez lepo eta nire banda pozik dudan honetan konfirma dezaket merezi izan duela egindako esfortzuak”.

Bere ibilbideko lehen diskoan Andresek bidaide izan ditu Iker Lauroba (gitarra, pianoa, xilofonoa), Oriol Florese (bateria eta perkusioa), Ane Bastida (baxua) eta Julen Baradiaran (baxua). Eta udazkenetik aurrera emango dituen kontzertuetan ere taldekideen epelean arituko da. Dagoeneko lehen proba egin dute, Donostiako Kutxa Kultur Festibalean aritu baitziren. “Uste nuen ez genuela nire musikak eta biok erosotasunik aurkituko halako dimentsioko jaialdi batean, baina oker nengoen. Jendez lepo zegoen, baina komunikazioa intimoa izan zen. Sekula ez ahazteko moduko gaua”, oroitu du Andresek.

DENBORA GUTXIAN EZAGUN

Urtebete atzera egin eta 2015eko Paradise kantua aipatzea ezinbestekoa da Izaro Andres egun bizitzen ari den momentuaren oinarria aurkitzeko. Izan ere, berak dioen moduan, “Paradise izan zen guztiaren hasiera”. Kantu hori lagunartean eta inolako esperantzarik gabe grabatu zuen, baina bideoa Youtube plataforman sareratu eta ia 40.000 ikustaldi lortu ditu dagoeneko. Hori gutxi balitz, Pikadero filmeko soinu bandarako hautatua izan zen abestia. Andresek ez du ukatzen bere lehen kantuarekin izandako sorpresa atsegina: “Ezustean etorri zitzaigun arrakasta, eta oso lagungarria izan da guretzako, batez ere jakiteko bestaldean jendea badagoela. Bideo bakarretik kontzertu asko emateko aukera sortu da”. Arrakastaren gakoak bilatzerakoan zera uste du Andresek: “Badirudi momentuarekin asmatu genuela. Kantua ezberdina da, edo ezberdina baino gehiago agian ez zen espero horrelako kantarik une horretan. Nork daki? agian jendea zerbait berriaren zain zegoen eta horrek eman dit bultzada. Zortea izan dut momentu eta leku egokian agertu naizelako”.

Denbora gutxian sona bereganatu arren, Izaro Andres ez da berria musikaren munduan. Zortzi urterekin hasi zituen musika ikasketak. Esku-soinuaren lagun hasieran, gitarra du orain bere kuttuna, eta berarekin batera kantu propioak sor-tzeari ekin zion orain dela pare bat urte. Gaur egun, abeslari baino gehiago “kantautore” senti-tzen dela onartzen du: “Kantatzea gustatu arren, benetan gustatzen zaidana nik neuk idatzitako kantuak abestea da. Idazten asko gozatzen dut eta hitzei musika jartzen ere bai; baina, batez ere, idaztea maite dut, askatasuna ematen dit. Zenbat hitz dauden eta ze zaila den egokiak aukeratzea nahi duzun hori komunikatzeko!”.

LASAI ETA GOZO

Erraietatik jaiotzen zaion musika intimoa da Andresena. Bere ahots hipnotiko eta sentsuala da bere armarik baliotsuena, eta horretaz baliatu da bere lan berriko hamahiru abestiak sortzeko. Emaitza, “disko lasaia, gozoa eta epela” da, bere esanetan. “Martxa pixka bat sartu diogu, baina oro har leun egin ditugu gauzak, mimo askorekin”. Kantu gehienak “kutsu goibela” dutela dio mallabiarrak, “lasaitzeko eta terapiarako erabili ohi dudalako musika, akaso, nire goibeltasunak laztantzeko. Negar egin beharrean idatzi egiten dut, eta idatzia musikatu”, kontatu du. Norah Jones, Adele? Asko dira Andresek jarraitzen dituen musikariak. Euskaldunen artean, argi dauka: “oso Anari zalea naiz, nire erreferenteetako bat da. Baina kontziente naiz oso entzule jakin batentzat sortzen duela Anarik. Uste dut nire musikak ez duela hain publiko definitua. Nire publikoa tutifruti bat izaten ari momentuz, eta hala izatea nahiko nuke. Polita da pertsona guztiz desberdinak kantu bera kantatzen ikustea”.

Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez sortu ditu disko berriko hamahiru kantuak Andresek. Hizkuntza bat edo beste hautatzerakoan arrazoi berezirik ez du izaten: “Inspirazioa datorren hizkuntzan hartu eta hala idazten dut, konplexurik gabe”. Hizkuntza bakoitzari bere xarma ikusten dio, gainera: “Euskaraz idaztea da niretzat erosoena, hori baitut ama-hizkuntza; gainera, euskarak ematen dit gordintasuna eta gardentasuna. Noizean behin gaztelaniara jotzen dut, xarma berezi bat hartzen diodalako, intimoa edo. Baina, abesteko orduan, hizkuntzarik erosoena ingelesa da nire ahotsarentzat. Melodikoki oso ondo datorkit”.

Diskoa kaleratzeko crowfounding kanpaina jarri zuen abian Andresek, eta erantzuna “izugarria” izan dela dio. “Hiru astean 4.000 eurotik gora bildu genituen. Bere ekarpena egin zuten guztiei atez ate joan natzaie disko bana ematera, laguntza eskertzeko”. Bere talentuaren jakitun, diskoetxeetatik eskaintzak izan ditu mallabiarrak, baina momentuz auto-produkzioaren bidetik jarraituko duela jakinarazi du: “Berria naiz eta nire burua ezagutu nahi dut inorekin ezkondu aurretik. Ez dut aterik itxiko, baina momentuz hasierako pauso hauek bakarrik eman nahi ditut, lehen pertsonan eta azalean ikasteko ikasi beharrekoa”.