Milurteko berriaren sarrerarekin, Valve estudioak arazo bat zuen Counter Strike-ekin. Bideo-joko honentzat partxe berri bat atera behar zuen bakoitzean, arazo ugari agertzen zitzaizkion eta, horrez gain, bertsio piraten eta cheat-en (jolasa hautsiz abantaila lortzeko tranpak) erabiltzaileak ere kontrolatu nahi zituen. Horri irtenbidea emateko aukera onena plataforma bat eratzea zela erabaki zuten, eta hainbat konpainia esanguratsuri -Microsoft eta Yahoo tartean-, eskaini zion eskua plataforma hori batera gara zezaten, nahiz eta hauek uko egin.

Horrela ba, Valvek bakardadean ekin zion plataforma honen garapenari eta 2002ko martxoaren 22an aurkeztu zuen publikoki, Game Developers Conference ekitaldian. Honakoa ez zen, ordea, hasieran buruan zuten plataforma soilik, bideo-jokoen banaketa sare bezala aurkeztu baitzuten. Pixkanaka joan ziren Valve-koak banaketa konpainia ezberdinekin akordioak ixten, joko garrantzitsuenak Steam-en eskuragarri egon zitezkeen. Steam-en arrakasta ikaragarria izan zen, hasieratik. Izan ere, bideo-joko guztiak plataforma berean zeuden, jokoak birtualki eskuragarri izatea hauek fisikoki erostea baino merkeago zen eta komunitatea edo Mod-ak garatzeko aukera ere ematen zuen, beste hainbat aukeraren artean.

Valve estudioak denbora darama Steam-en hiru sistema eragileetako erabiltzaileak elkartu nahian. Windows-eko erabiltzaileek ez bezala, Linux nahiz MacOS erabiltzaileek bideo-jokoen katalogo oso murritza daukate, eta Valve gogoz saiatu da joko esanguratsuenetako batzuk beste sistema eragile hauetako erabiltzaileetara iristen, Interneteko komunitatea indartzea lortuz.

Askok esan ohi izan dute ordenagailu aurrean jolastea ez dela erosoa, egongelako sofan eserita alde ederrean egoten dela. Orain dela gutxi arte ezinezkoa zen Steam-ez gozatzea mando bat esku artean zenuela sofan bazeunde, baina honetan ere azkar ibili da Valve eta hiru produktu berri atera ditu. Lehena, plataformaren bertsio berezi bat da, Steam Big Picture izenekoa, kontsoletako menuaren egituraren antz handia daukana. Beste biak, aldiz, Steam Controller izeneko mando propio bat eta ordenagailua telebistara konektatzeko Steam Link izeneko aparatua dira. Hala, ordenagailu aurrean deseroso sentitzen direnek ez dute aitzakiarik ordenagailuan jolasteko.

Baina Steam-en inguruan zerbait ezaguna bada, tarteka eskaintzen dituen beherapenak dira, nagusienak bi direlarik: udako eta Gabonetako beherapenak. Beherapen hauetan ohikoa izaten da punta-puntako jokoak eta nahiko berriak direnak %50tik gorako beherapenekin aurkitzea, kasu batzuetan deskontua %90era iristen delarik. Bideo-jokoak maite ditugunok gogotsu itxaroten ditugu egun hauek, nahiz eta gure patrikek asko eskertu ez.

Ordenagailuko jokoen salmenta egunero goraka doa eta digitalki saldutakoen portzentaia are eta gehiago. Eremu honetan Steam dugu erregea, baina Origin, Uplay edo GOG bezalako plataformak agertu dira azken aldian, tartaren zati baten bila. Valve-k ezingo du, beraz, lo geratu, eta berrikuntzan inbertitu beharko du nagusi izaten jarraitu nahi badu.