Arima eta aktore edo an-tzezlea. Antzerkiaren arima, espazioak arima izatea. Kontzeptu horiek bat eginez sortu zen Arimaktore kultur elkartea. 2011n hasi zuen bere ibilbidea Getxon, eta 2012tik espazio propioa du Barakaldoren “biho-tzean”, herriko Plaza Nagusitik minutu eskasera. Arte eszenikoen dibulgazioa da Arimaktoreren helburua eta formazioaren bitartez, baina batez ere emanaldien bidez, saiatzen dira hori lortzen. Antzerki konpainia bateko kideen artean sortu zen ideia, euren lanek espazioetara heltzeko zituzten zailtasunak zirela-eta. Beharrizan horretatik sortu zen proiektua eta, azkenik, toki egokia aurkitu zuten.
Izan ere, horixe da elkartearen erdigunea: aretoa. Errontegi mendia dute parean, eta horrek, akustika hobetzeaz gain, espazioari “magia” ere ematen diola uste du Ander Ipiña aretoko programazio arduradunak. Italiar erara antolatuta dago gunea, hau da, eszenatokia ikusleak baino gorago kokatzen da, baina ikuskizunaren ezaugarrien arabera moldatu egiten dute. Agertoki dotorea nahi zuten, publikoak bertan gertatzen den guztiaren esentzia jaso dezan. Hori lortu nahian, ikusle kopuruari baino, agertokiari eman diote garrantzia. “Ikusleenganako hurbiltasuna landu nahi dugu era honetara, publikoak agertokian gerta-tzen dena nola jasotzen duen ikusi nahi dugu”, dio Ipiñak. “55 pertsona ingururentzako lekua dago soilik, baina horrek ere badu bere xarma”, gehitu du Ipiñak.
Gertutasun hori aprobetxatuz, Arimaktore aurre-estreinaldi areto gisa eskaintzen zaie aktore zein sortzaileei. Hala, antzezleek euren proiektuak estreinakoz frogatzeko aukera izaten dute, ikusleekin lehen kontaktua sortuz. Aipatutako ezaugarriak direla-eta, emanaldia an-tzoki handi batean antzeztu aurretik jendearen erreakzioa ikusteko “oso espazio egokia” dela azaldu du Ipiñak.
Dantza, magia, antzerkia, haurren-tzako ikuskizunak, bakarrizketak, ahozko narrazioak... Denetarik topa daiteke Arimaktoreren agendan. Ikuskizunen programazio aberatsaz gain, baina, formazioak ere badu garrantzia elkartearen xedean, eta hori ere lantzen dute Arimaktoren. Adin eta mota guztietako ikasleak dituzte eta eskain-tza zabala da: antzerkia, dantza modernoa, clown-a zein oratoria edo adimen emozionalari buruzko monografikoak eskaintzen dituzte, besteak beste. “Garaiotara egokituz”, zumba ikastaroak ere ematen dituzte, Ipiñak jakinarazi duenez.
Ikasturte honetan, aldizkakotasuna duten hainbat berrikuntzaz gozatu ahal izango dute kultura zaleek. Batetik, hilaren azken ostiralean magia ikuskizuna izango da. Horrez gain, hileko lehen larunbatean, familientzako emanaldiak antolatu dituzte. “Hauek ez dira umeentzako soilik, haurtzaindegia izango balitz bezala. Interesgarria iruditzen zaigu familia osoak gozatu ahal izatea eta parte hartzeko ohitura hartzea”, agertu du.
Kultura eskubide gisa “Ez dezagun ahaztu kultura eskubidea dela”. Lelo hori irakur daiteke Arimaktoreren web orrian. Izan ere, elkarteko kideen aburuz, “oinarrizkoa da kultura eskubide gisa aldarrikatzea, eta ez soilik aisialdi gisa edo bigarren mailako beharrizan moduan hartzea”. Kultura kon-tsumitzeko, baina, hainbat era daude, eta Arimaktore kalean bertan dago, “kaleko kultura” eskaintzen dute, auzokoa. Dena dela, jendea ez dago ordaintzeko prest, eta hori aldatu beharra dagoela uste du Ipiñak. “Dena doakoaren kultura izeneko hori Administrazio Publikoaren aldetik egon den akats bat izan da. Ohitura hori sortu da eta, ondorioz, kalitatezko produkzio handiak musutruk eskaintzeak ekimen pribatuari kalte egin dio”, kritikatu du Arimaktoreko ordezkariak.
Ipiñak dioenez, prezioa ez litzateke oztopoa izan beharko sorkuntzaren hedapenean, baina, bere iri-tziz, kultur ikuskizunen gaineko BEZaren igoerak ere ez dio mesederik egiten egoerari. “Sortzailearen eta antzezlearen lan baldintzak benetan eskasak direla kontuan hartuta, gainera Estatuaren gastuak ordaindu behar izatea ulergaitza da. Alderantziz izan beharko litzateke: diruz lagundu beharko lukete kultura eta ez torpetu”, adierazi du Ipiñak. Bere proposamena sinplea da, txiki-txikitatik “kulturaz elikatzea” litzateke, egunerokotasunean aisialdia eskubide bilakatu arte.