Noria eta igogailua
Ekonomialari batzuek uste dute datozen urteetan debaldeko aisialdia izango dela agintari publikoen helburuetako bat
Gasteizen aurten noria erraldoia (hala deitzen diote) jarri digute Andre Maria Zuriaren PlazanGabonetarako argi, apaingarri eta abarren artean. Oraindik ez dut ikusi. Jakin dut, halaber, Arka Plazan berrogei metroraino iritsiko den igogailu magikoa (hala deitzen diote) jarri behar dutela, zeina, egunkarien arabera, “murgiltze atrakzioa” izango omen baita. Lasai egon zaitezkete, oi, Baiona, Bilbo, Donostia eta Iruñea eta gainerako hiri eta herrietako biztanle maiteok: noria erraldoiak eta igogailu magikoak izango dituzue zuek ere (izan ez badituzue), aurten ez bada, hurrengo urtean, noria erraldoiak eta igogailu magikoak eraikitzen dituzten enpresek zuekin ere negozioa egiteko prest egongo dira, udalek ogia eta zirkua eskaintzeko irrikan baitaude. Ados, ogia beharbada ez (ogia esaten duenak etxebizitza ere esan dezake), baina zirkua, ai, zirkua eskaintzea agintari publikoen ametsik hezeena da aspaldidanik. Ekonomialari batzuek uste dute datozen urteetan debaldeko aisialdia izango dela agintari publikoen helburuetako bat jendearen kezka gero eta larriagoak baretze aldera. Ziur naiz noria eta igogailuaren aurrean herritarrak metatuko direla ilara luzeak sortuz agintarien pozerako. Agintariek ilarak maite dituzte, jendea ilaratan dagoen bitartean ez baitago arriskutsuak izan daitezkeen beste gauza batzuk egiten eta hartutako ekimenen arrakasta bezala saldu ahal baitute hurrengo hauteskunde kanpainetan. Bestalde, pentsatzen hasi naiz jende askori ilaratan egotea bene-benetan gustatzen zaiola.
Txikitan maite nituen Gabonak: opariak zeuden, oporrak, Florida parkeko jaiotza (errementariaren irudiak oraindik egiten dit zausk ikusten dudanean), argiak, zuhaitzak... Geroago gorrotatzera iritsi nintzen. Gaur egun, pasio antzuak atzean utzita, ezaxolaz bizitzen ditu, epel, ia-ia urtearen joan-etorria zedarritzen duen beste fenomeno atmosferiko bat izango balira bezala. Hori bai, ez dut jasaten gero eta goizago hasteko ohitura: azaroaren azken astean ari naiz idazten Gabonei buruzko zutabe hau.
