Asha eta Hayat Irunen
Bihotza lapurtzen digute, sinpleki, haien kausaren konplize egiten gaituzte
Irunen, joan den asteburuko protagonista nagusia CD Bidasoaren kamisetaren kolore horia izan zen. Artaleku-kiroldegian ospatu zen eskubaloiko Errege Kopako azken fasea eta, finalera ez iritsi arren, horra hor, harrotasunez, gure klubaren leloa: Etorkizunera begira.
Nolanahi ere, ez ziren asteburuko protagonista bakarrak izan, ez niretzat. Asha Ismail eta Hayat Traspas, ama-alaba, Save a Girl Save a Generation GKE-ren fundatzaileek, prestakuntza eta sentsibilizazio hitzaldi eta ekintza batzuk eskaini zituzten Irunen, emakumearen aurkako indarkerietako bati buruz: emakumeen mutilazio genitala.
Asha, nazioarteko aktibista ospetsua, 6 edo 7 urte zituenean hari egindako praktikarik muturrekoenetako batetik –infibulazioa, baginaren irekidura estutzea– bizirik atera zena, emakume eta nesken eskubideen defendatuz eman du bizitza. Hayat, “neskato salbatua”, amaren hitzetan, haren kolaboratzaile nagusia da gaur.
Izan zen bezala, jaio bezain laster, orain elkar partekatzen duten borrokaren behin betiko arrazoia. Emakume biktimentzako edo indarkeria mota horren aurka matxinatzen diren emakumeentzako harrera-etxe bat eraiki dute Kenyan, haien jaioterrian, emakumeren zuzeneko inplikazioa lortuz eta pausoz pauso, atsedenik gabe, oztopo guztien gainetik, aurrera eginez.
Hala ere, ekintzaile gisa duten helburua prebentzioa da, eta desinformazioari aurre egitea haien erronka nagusia: ezagutzen ez dena ez da existitzen, beraz, ez du interesik pizten, ez gaitu hunkitzen. Honen aurkako antidotorik eraginkorrena? Asha eta Hayat: hitz egiten dute eta hara! Bihotza lapurtzen digute, sinpleki, haien kausaren konplize egiten gaituzte, komunitatea sortaraziz.
Irunen, Sugar & Spice elkarteak egin zuen posible –mila esker, Olatz–, ahaztu gabe Bilboko Mas Mujeres Sareko lagun maitagarriak –muxu, Amaia– beti gertu, beti adi. Horiek guztiak eta askoz gehiago, benetako eskuzabaltasunaren aktibistak dira. Emakume duinak, zutik dauden emakumeak. Asha eta Hayat ere.
Haiekin bat eginez, etorkizunera begira.