Jalgi hadi
Ez, ez dago gure ADNan nekatzearena. Baina zenbakiak beharrezkoak dira. Hasteko, gure asebetetzerako. Gero, indarra hartzeko. Eta azkenik, ahal bada, ahoak ixteko
Aste honetan abiatuko da Euskaraldia. Hirugarren edizioa. Aurtengoa, udaberrian. Txapak paparrean erakusteko moduan. Estakururik ez, beroki azpian gordeta gelditzen direla eta.
Nago, hiru ediziok emango dutela, jada, garapen bat ikusteko aukera. Azterketa dezente egin ahal izango direla ondotik. Euskaraz aritzera bultzatzen gaituen edozein ekimen da ona, berez. Hamar eguneko tartez, laburra bada ere, gure bizitzako plaza guztiak harrapa ditzakeen ideiara egin gaitezen, eta ohitu daitezen. Iseka egiteari utz diezaioten.
Tanto dinero público para… si cada vez se habla menos…. entiendo que os consuele, pero… siempre sois los mismos en todas partes. ¿No os cansáis?
Ez, ez dago gure ADNan nekatzearena. Baina zenbakiak beharrezkoak dira. Hasteko, gure asebetetzerako. Gero, indarra hartzeko. Eta azkenik, ahal bada, ahoak ixteko.
Jakin beharko genuke, hiru edizioren buruan, zenbat pertsonek parte hartu duten: zein izan den ahobizien eboluzioa, zein belarriprestena. Zenbat jendek lortu duen hizkuntza ohiturez aldatzea. Zeintzuk sektore berri erakarri ditugun Euskaraldian parte hartzera. Ekitaldian parte hartu dutenen zein portzentajek eta zenbat denboran eusten dien ohitura berriei. Eta baita, zenbat pertsona berri erakarri dituen Euskaraldi bakoitzak. Pertsona horrek guztiak fidelak izan zaizkion edizio berriari. Hau da, merkatu terminotan hitz eginda, norengana heldu garen, ze fideltasun maila lortu dugun, edizio bakoitzak merkatu berriaren zer kuota bereganatu duen eta produktua nork erosi duen. Aztertu beharko genuke baita ere zein rol den areago indartuz dihoana: ahobiziena edo belarriprestena. Arnasguneetan edo hauetatik kanpo duen babes handiagoa…
Klixeak sortzen ari dira Euskaraldiaren inguruan ere eta hauei aurre egiteko tresnak behar ditugu. Zenbakiak. Horiek zalantzarako tarte gutxi uzten baitute. Kanpora zein barrura begira. Sekula txapa bat jantzi eta jantziko ez duenari, ez zaio erantzun behar. Buruko mina eman behar zaio. Bestelako galdera batzuk eragingo dizkion arrazoiak emanez.