Síguenos en redes sociales:

Joan

Aspaldi luzean joera hedatu zaigula lekuetara joatekoa, esperientziak bizitzera, baina ondo jakin gabe nora eta zertara goazen. Joan egiten garela

JoanN.G.

ETSk larunbatean BECen eskaini zuen kontzertuan 45.000 pertsonek parte hartu omen zuten. Pozgarria, benetan. Telebistan ikusi nuen zatia ederra iruditu zitzaidan. Herriko jaietako plaza erraldoi bat. Eta hartzaileen artean, familia ugari. Guraso asko, seme-alabekin, batera kantatzen eta dantzan.

Momentu batean, ordea, galdetu nion ene buruari BECen zeuden pertsona haiek guztiek ba ote zekiten zein den ETS, nongoak diren, ze musika mota egiten duten, larunbateko kontzertua zergatik eskaintzen zuten… Galdera bururatu zitzaidan, pentsatzen dudalako, aspaldi luzean joera hedatu zaigula lekuetara joatekoa, esperientziak bizitzera, baina ondo jakin gabe nora eta zertara goazen. Joan egiten garela.

Galdera hau bururatu zitzaidan, larunbat goizean, MUk antolatutako Euskal Kulturaren Eragiletza masterraren jardunaldietan egon nintzelako eta, bertan, hizlarietako batek esan zuelako, Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagaren emanaldi batean, aldameneko gazte batek galdetu ziola ea bi haiek zer ziren: aitona-ilobak edo. Hau da, ez zekiela ez nortzuk ziren ez zer eskaintzen ari ziren. 

“Herrigintza eta hezkuntza” titulupean mahai-inguru zinez interesgarria eskaini zen jardunaldiaren hondarrean. Hezkuntzaren helburua gazte kritikoak eta sortzaileak hezitzea baldin bada, irakasleen paperak bestelako jite bat behar duela aipatu zen, eta geletan euskaldun izatea zertan datzan irakatsi behar dela. Euskal kulturaren transmisioak ikastetxean duela zurtoina eta irakasleen inplikazioa ezinbestekoa dela.

Denok harritzen gaituzten anekdota batzuk kontatu ziren bertan: halako batean gazteei itaundu zitzaiela iparraldeko probintzien izenaz eta “zu”-rekin hasten dena zein ote den galdetzean, “Zugarramurdi” erantzun zutela.

Guri ez ziguten Espainiako historiarik irakatsi, ez eta geografiarik ere. Bai, ordea, Euskal Herriko eskualde, mendi eta ibaien izenak. Irakaskuntzan dena dela hautu politikoa esan zuen mahaikidetako batek. Eta kulturan ere, hala da. Horregatik galdetzen dut, larunbatean ETSren kontzertuaz gozatzera joan zirenen motibazioa zein izan zen.