Azken egunetako prentsa idatziaren errepasoa eginez, txandako maritxuloaren burutazioarekin egin nuen topo. Ayusoren Gobernuko kontseilari batek parlamentuko ika-mika batean oposizioko diputatu-andere bati aurpegira bota zion: Ez iezadazu mutturtxorik jarri, zentragabetzen bainaiz. Ondo-ondoan, Rubiales eta beste batzuen aurkako epaiketaren egunaren laburpena, hau harrokeria eta nagusikeria… Eta bat-batean duintasun-eraso bat eragin zidan.
Politikan eta bizitzan kilometro pila bete duenari ez dagokion erreakzioa, baina are desegokiagoa gaur egungo munduko panorama ikusita. Orrialde bereko beste aldean, AEBetako presidenteorde JD Vance agertzen baitzen, Municheko Segurtasun-Konferentzian egindako hitzaldi probokatzaile batean, europarrek printzipio demokratikorik ez zutela esanez eta (sic) “hirian sheriff berri bat” dagoela aldarrikatuz. Ba bai, laranjaz tindatua, bemolak barne, eta bi pistola ketsukin gerrikoan, hau itxura… Hona hemen ba, diputatu ezezagun bat eta bere burua balentria historikoak egitera deiturik dagoela uste duen iluminati bat, Jainkoaren eta Donald Trumpen eskutik. Agian, haren esaldi famatuan esku berari buruz ari zen, gogoratzen? Famatua bazara, potorrotik heldu ditzakezu, emakumeak utzi egiten dira, nahi duzuna egin dezakezu... Denbora pasata barkamena eskatu zuen Trumpek, baita Madrilgo kontseilari maritxuloak ere, baina biek jarrera harroputza eta lerde bera mantendu zuten. Sentitzen dudan haserre sutsuak zertarako balio duen galdetzen diot nere buruari.
Ez dut gogoratzen zein testuingurutan izan zen baina Daniel Innerarity-ri behin irakurri niona primeran datorkit gaur: haserrea ez da, berez, balio bat, erreakzio sedatzaile bat baizik. Ba bai, ze benetako erronka haserretik ekintzetara nola pasatzea baitatza, kontzientziak nola astintzea politika berriro ere guztion onerako inertziak sortzeko eragile izan dadin, propioa eta aurkariarekiko, formekiko eta pertsona guztien duintasunarekiko errespetua ezinbesteko aliatu bihurtuz. Gehiegi eskatzea akaso...