Euskal irakurle batzuk (gutxiengoaren gutxiengo hori) Groenlandia entzutean Bernardo Atxagaren Groenlandiako lezioa liburu hartaz oroituko dira. Orain arte behinik behin. Orain Groenlandia entzutean edonor, euskalduna izan edo ez, irakurlea izan edo ez, Donald Trumpen azken harrikadaz oroituko da; izan ere, Trumpek, Estatu Batuen segurtasunaren izenean, Groenlandia, Kanada eta Panamako kanala eskuratzeko asmoa adierazi berri du, armak erabiliz beharrezkoa baldin bada. Niri, barkatuko didate historialariek, Trumpenak joan den mendeko gizon bibotedun haren “Lebensraum” ospetsuarena ekarri dit gogora berehala, badakizue, Alemaniak eta alemaniarrek leku gehiago, Europako ekialde osoa, hain zuzen, behar zutela bizirik iraun nahi bazuten. Konparazioak gorrotagarriak izan dira, halere, beldurgarriak.

Ez dut uste Trumpek armak erabiliko dituenik Kanada edo Groenlandia menderatzeko, gaur egun dirua, teknodirua, Panzer tankeak baino tresna eraginkorragoa da, eta ez da ahantzi behar munduko gizon aberatsenak Trumpen albo-alboan daudela: Kanadako eta Groenlandiako enpresak erosi ahal dituzte, muga-zergak ezarri eta abar. Era berean, Panaman bertako botere ekonomiko eta militarra erosi ahal izango ditu, beti egongo dira hortik diru-gosez beteriko militar eta oligarkak; hori bai, beste erremediorik ez balego, Estatu Batuek armada bidaliko lukete bertara, ez zen lehen aldia izango, eta tradizio handia dute atzeko patioa deitzen dutena indarrez hartzen eta inbaditzen.

Batzuek diote ez genukeela serioegi hartu behar Trumpena, dena estrategia baino ez dela (dena eskatu, erdia lortu ahal izateko), gauzak ez direla okerregi joango, baina ni ez naiz fidatzen; Estatu Batuen boterea gainbeheran egongo da agian (horretaz ere ez nago oso seguru), baina oraindik da mundu honetako inperiorik handiena, eta gainbeheran dauden inperioak arriskutsuagoak izan daitezke. Urtarrilaren 20an Trump izango da presidentea, hobe genuke okerrenerako prestatzea zer gerta ere.

Atxagaren Groenlandiako lezioa orriztatzen hasi naiz.