Estatu Batuetara joandako migranteak beste jende baten zakurrak eta katuak jaten ibiltzen direlako kontua izan zen Trump irabazle berriaren ateraldi ospetsuenetako bat hauteskunde kanpainaren zehar. Mota guztietako txantxak egin ziren, meme asko (nola ez) eta abesti barregarri bat edo beste. Baina ateraldi bitxiak, gezur galantak eta edonor lotsagorritzeko esaldiak ez dira oztoporik izan, antza, garaile izateko. Sinetsi al zuen jendeak migranteek katuak eta zakurrak lapurtu eta jaten zituztela?

Baten batek sinetsiko zuen, denetarik dago munduan (Oklahoman bizi den lagun baten anaiari gertatu zitzaion Nebraskan), baina iruditzen zait askorentzat Trumpek botatakoa zure adiskideak edo maitaleak edo kuadrillako xelebreak botatzen dituzten ergelkeria horietako bat bezalakoa dela (ergelkeriak botatzen ditu baina funtsean jatorra da, ezta?). Botoa eman diotenentzat, gainera, Trump adiskidea, maitalea edo kuadrillako xelebrea baino gehiago da: bizimodu bat eskaintzen dien eredua, guztiok salbatuko dituen liderra, ekonomia konponduko dien heroia.

Jende gehienak ez du zakur-katuena sinetsiko, agian, baina buruan ideia argia geldituko zaie: gurera etortzen diren horiek ez dira fidatzekoak, basatiak dira, pobreak, mundu atzertatu batetik datoz, ohitura arrotzak dituzte, gure kultura eta bizimodua suntsitu ahal dituzte kontrolatzen ez baditugu, eta gai dira izugarrikeriak egiteko (gure zakur-katuak jatea, demagun), ez dira gu bezalakoak, ez dira pertsonak gu bezalakoak, ez dira humanoak gu bezalakoak.

Subhumanoak izango al dira? Naziek asmatu zuten “untermensch” hitza datorkit gogora berehala. Eta barruan badira ere gure bizimoduaren kontra aritzen direnak: transak (horiena ez da naturala), abortua libre nahi duten emakume feminista horiek. Transak, feministak eta haien aldekoak ere ez dira fidatzekoak. Hobe dugu kanporatzea kanporatu ahal ditugunak, eta besteak kontrolpean eduki.

Ateraldi ergel baten atzean dagoena ez da orduan hain barregarria, aitzitik, oso arriskutsua izan daiteke, amesgaizto baten hasiera.