Badirudi, ostiral beltza, jada, ez dela ostirala bakarrik. Merkataritza-gune eta denda batzuek aste osora hedatu dutela deia. Beraz, aste osokoa dela (Black Week) beherapenekin erosteko aukera. Ostiralaren ondoko astelehena ere, Cyber Monday izenez bataiatu da, beherapenak dituzten artikuluak online erosi ahal izateko.

Aitor dut, Black Friday ezarri zen urtean, Gabonetako opari zerrenda eskuan hartu eta erosketak egitera abiatu nintzela. Zin dagit, baita ere, beherapenengatik baino areago, Gabonetako opariak eginda uzteagatik izan zela. Denak batera, egin, eta kitto!

Gero hasi ziren esaten, egun horretan beheratzen ziren prezioak aldez aurretik igotakoak izaten zirela, etab., eta gelditu zitzaidan sekulako lelo aurpegia. Ez naiz gehiago Black Friday delakoan erosketak egiten aritu. Erosketak bakarrik eta arrapaladan egin izanaren sentsazioak huts eta hotz utzi baininduen.

Kontraesankorra iruditzen zait bertoko merkataritzaren aldeko kontzientzia har dezagun egiten diren eta ditugun kanpainekin batera, ustezko gangak lor ditzakegun dendetara (marka handiak, gehientsuenak) eta sareetan begiratzeko prestatzen den bonbardaketa mediatikoa. Benetan, albiste izaten jarraitzen du Black Fridayk? Zergatik?

Aurtengoan adierazi digute beherapenak dituzten produktuen zerrendak aldez aurretik begiratu ditzakegula. Gomendatu digute zerrenda eginda joateko. Eta jakinarazi digute zeintzuk izango diren produkturik eskatuenak.

Beraz, badakigu zer erosi behar dugun “ganga” lortuko badugu, eta gainontzeko erosleei aurrea hartuko badiegu. Zeren eta, azkenean, horixe baita, jasotzen dugun ezkutuko mezua. Izan zaitez argia eta bizkorra. Har iezaiezu aurrea gainontzekoei. Zurea da txolloa. Ez zaitez leloa izan.

Ez dakit ezta ere, Black Friday eta Ostiral Beltza gauza bera ote diren. Badirudi, itzulpenarekin, zerbait galtzen dugula. Ez dakit oso argi esaten zer. Kolore beltzak kultura ezberdinetan duen esanahia izango da?

Nik, bederen, nekez lotzen dut kolore beltza erosketak bulkadaz egitearekin.