Izututa irakurri dut Ignacio Echevarríaren artikulua Juan Goytisolori buruz, “Juan Goytisolo y las mujeres”. Aipaturiko artikuluan Mona Achache-ren dokumental dramatizatuan, “Little Girl Blue” izenekoan, ageri den gertaera plazara dakar Echevarríak: Mona Achachek Goytisolori bisita egiten zion askotan Marrakexen bere amarekin, Carole Achacherekin, Goytisoloren emaztea izan zen Monique Lange-ren alaba; “aitonari” egindako bisita horietako batean, Mona Achachek hamalau urte zituela, Goytisoloren maitale gizonezkoa hasi zen neskaren gelara sartzen gauero bortxatzera. Mona Achachek Goytisolori kontatu zionean zer ari zen gertatzen, “aitonak” ezer ez esateko gomendatu zion; aholku bera eman omen zion amak berak, baita amonak ere. Mona Achachek Goytisolorekin harremanak izateari utzi zion.

Isildutako sexu-abusuen beste kasu bat idazleen munduan, Alice Munrorenaz gogoratuko da baten bat, edo gurean Patxi Ezkiagarenaz (kasuak oso desberdinak dira ados, ez da gauza bera abusatzailea edo abusatzailearen babeslea izatea). Goytisolorenak mingarriagoa izan zait, azken finean, nik euskaratu niolako poema-liburu bat, argitaratu zuen azken liburua eta bere lehen poema-liburua, hain zuzen. Ez nuen Juan Goytisolo ezagutu, euskaratzeko eskaera Jenaro Talens poeta eta editoreak egin baitzidan, Goytisolok liburua (“Ardores, cenizas, desmemoria”, 2012) gaztelaniaz, katalanez, portugesez eta euskaraz argitaratzeko nahia zuelako.

Aterako al dira kaltetua Goytisoloren lanak, lan literarioak? Ez dut uste, literatur lanak epaitzeko badu literatur kritikak nahikoa tresna. Aterako al dira kaltetuta Goytisoloren kezkak behartsuekiko, hipokrisiaren kontrako kritikak, konpromisoa? Beharbada bai. Goytisolok berak kontatuta, badakigu txikitan bere aitonak bortxatu zuela. Garbituko al du horrek zerbait? Ez dut uste.

Poema-liburu horren hitzaurrean Goytisolok, Céline-z ari dela, bi adjektibo erabiltzen ditu: miretsia eta politikoki higuingarria. Ziur aski hemendik aurrera Juan Goytisoloz hitz egiten dugunean, adjektibo asko erabili beharko ditugu.