XXI. mendeko auzi nagusia ongizatea da. Bizi kalitate maila bat erdiestea. Pandemia ostean, ordea, arduratzen gaituzten gaien artean, buruko osasuna dago. Edo beste era batera esanda, ondo egoteaz gain, ondo sentitzera heltzea. Ez baita gauza bera materialki behar duguna izatea eta buruak gabezia gaindiezinak somatzea eta hauei aurre egiteko baliabide pertsonalik ez izatea.

Ondo ez sentitze horretan, gaitzetako bat, sentitzen dugun egin behar obsesiboa omen da. Hau da, produktibo izan eta sentitu beharra. Produktiboak garela sentitu ezik, gaixotzeraino hel gaitezkeelarik. Haatik omen datorkigu, ezer egin gabe egoten ez jakitea. Umeak gainestimulatzen ditugunean, argi dakusagu, umeen kalterako dela. Gure begietan lastoa ikustea, ordea, apur bat gehiago kostatzen zaigu.

Ezer ez egitea zer ote den, ordea. Ez naiz ari egun osoa sofan etzanda egoteaz edo ohetik ez altxatzeaz. Ezer ez egitea izan liteke, baita ere, norbere lan-eremuko ezer ez egitea, hau da, norberarentzat produktiboa dena alde batera uztea, baina besteekin eta besteentzako lan egitea. Bigarren aukera hau, ez produktiboa litzateke norberarentzat. Baina guztiz produktiboa besteentzat. Ezer ez egitearen beste aldagai bat litzateke hau. Eta aitor dezagun, izugarri asebetetzen duen egiteko beste modu bat dela.

Bolondres egiten diren lanek, adibidez, beste mundu batera garraiatzen zaituzte. Zurea ez den errealitate batera. Han, zu, martetarra bazina bezala sentitzen zara. Baina sentimendu kontua da, zeren eta bolondres lanak egiten ari zaren leku horretan, bertan daudenek, bat gehiago bezala tratatzen baizaituzte. Eta zu ere hobeto sentitzen hasten zara.. Lasaiago. Eta zergatik esan ez: produktiboago, nahiz eta beste modu batera izan.

Eta gero egiten duzu balantzea eta balantzeak asebetetzen zaitu. Nik, asteburuan gauza asko ikasi ditut bolondres lana egiten. Gehien asebete nauena, autismoa daukan pertsona baten eskaerari erantzuteko gaitasuna daukadala deskubritzea izan da. Eta hori lortu dut, ezer egiten egon gabe.