Ezin zitekeen bestela izan... Duela ia 30 urte, Sahararekin lotutako topaketa batean ikusi genuen elkar lehen aldiz, Irungo Udaleko zinegotzi hautatu berria nik eta berak legebiltzarkide beteranoa. Pertsonalki ezagutzen ez banuen ere, bere ibilbidea zelata nenbilen ni aspaldi: irmo mantendutako euskararekiko konpromisoa, haren hurbiltasuna eta adeitasuna eta, parlamentu-mailan, saharar herriaren kausaren defentsak ahots guztiz aitortua bazuen, berea zen, ez Gazteizko Legebiltzarrean soilik, zeren eta estatuan Sahararekiko Elkartasun Talde Parlamentarioen Koordinakundearen bozeramailea baitzen. Eta Sahararekiko Erakunde Solidarioen Estatuko Koordinatzailea ere izan zen, deitzen zaion eta haretaz behar den lekura, edonon, edonoiz, joaten zena. Berdin zion izan prestaketa-bilera hutsak, Europako Parlamentuan edo Nazio Batuetan bertan egindako esku-hartzeak, kongresu politikoetan parte-hartzeak, Nazioarteko Konferentziak, Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara bidaiak... Edo telefono dei soil baten bidez gure esanetara egotea, beti prest aholkua helarazteko edota informazioa erkatzeko. Ez dut inoiz ahaztuko nola, behin batean, Senatuko Osoko Bilkuran Atzerri-Ministroarekin sahararrien borroka eta eskubideak defentsan izan nuen debate sutsua bukatu ondoren, deitu zidan haren babesa, eskerrak eta emozioa adierazteko. Tira… Irudipena dut, ozenki hitz egiten ari banintz bezala idazten ari naizela gaur, zezelduz, presaka eta modu korapiltsoan, nerbio-berriketa modukoan, hunkitua eraginkorra baino gehiago. Eta badakit asko esango nizuekeen arren, ez nintzatekeela inoiz berak merezi duen mailara iritsiko. Sahararren aldeko ekintzaile huts bat naizelako maisu erraldoi bat gogorarazten, EAJko militante xume bat ohorezko jelkide baten aurrean, apala, zintzoa eta izugarri eskuzabala.

Joan den igandean, Alderdi Eguna, Txomin Aurrekoetxea Iza Jna, zendu zen, bihotza uzkurtuta daukat nik. Ene lagun maitea… Agur! Egun handirarte! Askatasunaren zeru maitatuan izar berri bat JELpean distiratzen da.