Pasa berri den asteburu honetan, Ondarroako kofradia zaharrean, Eloy Gonzalez Gavilan eta Emilio Gomez Bustok ondutako dokumentala ikusi ahal izan da Ondarroan. Bertan, Felix Beristain Amollebieta (Ondarroa, 1937) pintorearen ibilbidearen puzzlea ezagutu ahal izan da, dokumentala ez baita pintorearen kokatze artistiko bat, ez eta pintorearen bizitzaren kontakizun kronologikoa ere. Baina bai da, artistak Ondarroako herriari egin nahi izan dion maitasunezko keinu bat. Badira jada bizpahiru hamarkada Beristain Sarriara (Araba) bizitzera joan zela. Hantxe dauka bere etxe-museoa eraikita eta bertan aritzen da lanean, Gorbea mendiaren magalak eskaintzen dion lasaitasunaren abaroan. Bere hasierak, ordea, Ondarroan eman zituen eta bere inspirazio iturri behinena, Ondarroako itsas paisaia eta arrantzale mundua izan dira. Mundu bat, jada, desagertu dena, zioen Felixek berak, asteburuko aurkezpenean.
Felix Beristain, bere pinturari esker, Ondarroako herria eta herriaren bizitza eta bizitza horretako protagonista izan ziren pertsonen argazkilari zintzoa izan dela esan genezake. Gozatu eta bizi izan duena, gainera, herriko giroa eta herriaren izaera. Eta desagertzear zegoen mundu baten azken lekukoa izan balitz bezala, inork baino hobeto erretratatu duena kostaldeko bizitzaren egunerokoa.
Felix Beristain, Ondarroan oso presente
Felix Beristain Ondarroako herrian oso presente egon den eta dagoen artista da. Ezagunak dira bere freskoak edota kofradia berrian kokatutako mural erraldoia, erliebezko zementu gainean oleoz pintatutakoa, itsastar andreari dedikatutakoa. Ezagunak diren hein berean, Bizkaiko herri askotako banketxeetan barreiatutako bere obraren lagin estimatuak.
Dokumentalaren egileek, Felixek berak jariatzen duen maitasun berberaz, artista honek egindako lana ezagutarazi nahi izan dute eta artistaren inspirazio-iturria den herriari eskerrak eman. Orain, Ondarroako herriari dagokio, ondarroarren argazki kostunbrista munduan barrena zabaltzera eman duen artista handi honi dagokion merezimenduz erantzutea. Lerrook baliatzen ditut, herriko seme kuttun izendatzea proposatzeko.